Zigorrak batzeko neurriaren gainean, Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain daude goierritar presoen senideak.
Jai egunek eragindako geldialdiaren ondoren, Auzitegi Goreneko epaileak datorren asteartean bilduko dira, hilaren 13an. Akusazio beragatik Europar Batasuneko beste herrialderen batean betetako kartzela zigorrak Espainiakoarekin bateratu edo ez adostu beharko dute; Europak 2008an indarrean jarritako zuzentaraua bete ala ez.
Espainiako Auzitegi Nazionalak lau euskal presori Frantzian betetako denbora kontuan hartu eta Espainiako zigorrari kentzeko agindu zuen. Tartean, Pako Mujika ordiziarraren zigorrak batzeko eskaera egin zuen epaitegiak. Fiskalak, ordea, neurriari helegitea jarri zion. Kepa Pikabea hernaniar presoaren auzia aztertuko du Auzitegi Gorenak, eta gainontzeko kasuetarako oinarriak jarriko dituzte horrela.
«Itxaropentsu» daude Pako Mujikaren senideak. Hala azaldu zion Kepa anaiak Goiberriri. Parot doktrina gisa ezagutzen den 197/2006 doktrina juridikoa Europako Auzitegiak bertan behera utzi zuen askatasunerako eskubidea eta segurtasun juridikoa urratzen zituelakoan; horregatik, Espainiako epaitegiak neurria aplikatu beharrean aurkituko direla uste du Kepa Mujikak.
Auzitegi Nazionalak Pako Mujikaren zigorra batzeko emandako aginduari ere helegitea jarri zioten senideek. Izan ere, ordiziarraren kasuan Frantzian betetako 8 urteak murrizteko agindu zuen Auzitegi Nazionalak. Mujikak, ordea, 10 urteko zigorra bete zuen; luditzeei esker atera zen lehenago. «Kontuan hartu diotena kartzelan egindako denbora izan da, baina Europako testuak dio zigorrak batu behar direla, beraz guk 10 urteak murriztea eskatu dugu», dio Kepa Mujikak. Kasu horretan, aske geratuko da Pako.
Egun bakoitzeko atzerapena, denbora asko da kartzelan dagoenarentzat. Europak 2008an onartu zuen zuzentaraua eta Espainiak azken unera arte aplikatu gabe izan du neurria, legedian aplikazioa nola egin arautu ere ez dute egin bitarte horretan. Abenduaren 5ean sartu zuen indarrean Espainiako Legebiltzarrak zuzentaraua nola aplikatu ebazteko prestatutako Lege Organikoa. Lege horren arabera, zuzentarauak ez die eragingo 2010eko abuztuaren 15a baino lehenago jarritako zigorrei. Zigor kontaketa eskatu duten ia 60 euskal pesoen Frantziako zigorrak data hori baino lehenagokoak dira.
Sei goierritar daude zigorrak batzea eskatu duten presoen artean. Pako Mujikaz gain, Mikel Otegi itsasondoarrak sei urte eta zazpi hilabete egin zituen Frantzian; Rufino Arriaga ordiziarrak, bost urte eta zortzi hilabete; Xabier Zabalo zumarragarrak, hiru urte eta hamaika hilabete; Ainhoa Barbarin urretxuarrak, lau urte eta bi hilabete; eta Ismael Berasategi urretxuarrak 11 urte eta hilabete bat.
Lau irten dira 2014an
Erabakiak erabaki, gaur gaurkoz bailarako hemeretzi lagun daude preso Frantziako nahiz Espainiako kartzeletan. Pontevedra, Alicante, Cadiz, Lugo, Valentzia, Alicante, Murtzia, Cadiz, Muret… Dozenaka dira astebururo ehunka kilometroko bidea egin behar izaten dutenak senideei eta lagunak bisitatzera joateko. Ander Geresta (Gabiria, 1978) Darocatik (Zaragoza) Monterrosora (Lugo) urrundu dute azken hilabeteetan, bi urteko alaba txikia izan arren Idiazabalen. Josetxo Zeberio beasaindarra Espainiaratu ez dezaten, berriz, sinadura bilketa egin zuten Beasainen; Mureten (Frantzia) dago egun. Rufino Arriaga ere Sevillara mugitu zuten martxoan Puertoko gartzelatik. Inma Berriozabal, bestalde, A Laman (Galiza) dago, etxetik 770 kilometrotara. Larri gaixo dago Berriozbal. Zigorra osorik beteta, astelehenean gelditu zen aske Mila Ioldi ataundarra. Hiru urte zeramatzan etxeko kartzelaldian.
Aurrez hamaika urte egin zituen kartzelan. Anitz Eskisabelek, Juan Mari Olanok, Kai Saez de Egilazek eta Mikel Kortak ere atzean utzi dute kartzela 2014 urtean. Gari Mujikak datorren urtarrilaren 31n du irteera eguna.
Biharko egin du hitzordua Sarek dispertsioaren amaiera eskatzeko
Etxetik 973 kilometrotara dago Xabier Zabalo zumarragarra, Puerto de Santa Mariako (Cadiz) Puerto I espetxean. Urrunduen dagoen preso goierritarra da Zabalo, baina bailarako 19 presoetatik 18 daude dispertsio politikaren baitan sakabanatuta. Berez dakar preso izaerak askatasunik eza. Baina euskal presoei beste hainbat neurri ezarri izan zaizkie sistematikoki. Horietan nabarmenena da dispertsioarena. Presoek zigorra etxetik gertuen dagoen kartzelan betetzeko eskubidea duten arren, ehundaka kilometrotara daude. Zigor gehigarria dakar horrek senideentzat eta lagunentzat. Intimitaterako eskubidea, familiarteko bizitza edukitzekoa, defentsa-eskubidea, informatua egoteko eskubidea… urratzen ditu dispertsioak. Dispertsioaren amaiera eskatzeko hitzordua egin du Sarek bihar, hilak 10, Bilbon 17:30ean.