Josu Urrestarazu (Idiazabal, 1994) 23 urte azpikoen mailan lehiatzen da. Hirugarren denboraldia hasiko du maila horretan eta bere ahalmena erakusteko garaia dela dio.
Nolatan halako bizikleta zaletasuna?
Betidanik kirolaria izan naiz. Eskolan kirol guztiak egin nituen eta DBHn futbolean aritu nintzen. Baina lagun batzuek bizikletan ibiltzea proposatu zidaten eta, gainera, aita oso zalea dudanez, haur mailako bigarren urtean txirrindularitzan hasi nintzen.
Aitak ere lasterketetan parte hartzen al zuen?
Ez, baina lasterketak ikustea asko gustatzen zaio eta zikloturista da. Quebrantahuesos eta Irati Xtrem probetan eta herriko lasterketan parte hartzen du, besteak beste.
Zein ibilbide osatu duzu txirrindularitza munduan?
Lehen urtea ikasteko baliatu nuen eta kadete mailan dagoeneko postu onak lortu nituen. Gazte mailako lehen urtean mendiko saria eta tarteko helmugena irabazi nituen lasterketa batzuetan. Bigarrenean lesioak izan nituen. Ondoren, 23 urte azpikora pasa nintzen. Jolasa zena, jokoa bihurtu zen.
Zer moduz 23 urte azpikoen mailan?
Profesionalen moduan prestatzen direnen aurka aritzen gara. Baina guk txirrindularitza eta ikasketak uztartzen ditugu. Bigarren urtean postu onak lortu ditut Bidasoako eta Arabako itzulietan.
Ziklo-krosean ere ibiltzen zara.
Jendeak pista edo ziklo-krosa egiten du neguan eta nik pista egitea erabaki nuen. Lehen lasterketan erori egin nintzen eta beldurra hartu nuen. Denboraldia bukatzea lortu nuen, baina hurrengo urtean ziklo-krosa egitea erabaki nuen. Asko gustatzen zait. Gazte mailako bigarren urtean Espainiako txapelketan parte hartu nuen Euskadiko selekzioarekin.
Nolako txirrindularia zara?
Denean ondo moldatzen naiz, nahiz eta aldapak igotzea den gehien gustatzen zaidana. Denetan defendatzen naiz, baina ez naiz ezertan nabarmentzen.
Zein asmo dituzu 2015erako?
Gutxienez iaz bezain ondo ibili nahi dut. Urtarriletik apirilera praktikak egingo ditut unibertsitatean, ikus-entzunezkoak ari naiz ikasten, eta apiriletik aurrera neure onena ematea espero dut. Dena den, garrantzitsuena gozatzea da. Gozatu ezean, ezerk ez du merezi.