Tere Madinabeitia
Azkeneko gertakariak ikusita, adierazpen askatasunari buruz hitzegitea egokitzen da. Egokitu, bai, horrela egokitzen da, baina egia esaten badizut, ez daukat gogorik. Hainbeste hitz egin da gai horretaz egun hauetan, ni beteta nagoela. Argi geratu dadila neu ere askatasun horren alde nagoela, ez nintzateke bestela kazetari izango, baina argi geratu dadila ere nahi dugun guztia adierazteko mugak (barkatu, hobe dut idatzi gabeko arauak esan) aldarrikatzen ditudala. Denok merezi dugun errespetuan oinarritutako «mugak», alegia.
Hasierako hau esanda, gaurkoan nahiago dut nire ordenagailu zaharrari buruz hitz egin. Izan ere, gaixorik baitago eta medikuarengana eraman behar izan dugu. Egun batzuk besterik ez ditu emango etxetik kanpo, baina zaila egiten ari zait bere hutsunea jasatea. Eskerrak etxeko txikiei duela hilabete batzuk oparitutako tableta eskura nuen. Hari esker idatzi ahal izan dut gaur, eta haren erruz zuk lan pixka bat gehiago egin beharko duzu, nik idatzitako hau zuzendu beharko duzu eta. Laister izango da etxean berriz ere nire ordenagailu maitea, sendatuta, eta berrituta. Aberia larririk ez bada izaten tartean, beste urte beterako izango dut gutxienez. Aukera berria eman diogu. Gauza guztiekin berdin eginez gero…
Idoia Luzuriaga
Aukera berria ematea diozu, eta bai, garrantzitsua da bigarren eta batzuetan hirugarren aukera bat ematea, tartean zerbait egonez edo somatuz gero behintzat. Tamalez batzuetan bigarren eta hirugarren aukera ematerakoan erantzunik ez da eskuratzen eta orduan etsipena iristen da. Ez dut uste ordenagailuak horretara bultzatuko zaituenik, azken finean, tresna bat da, eta harekin edo etxeko txikien tabletarekin lortu duzu helburua. Gizakiok askotan ez dugu egin gabe uzten duguna tablet batekin ordezkatzerik, eta aberia larriak sortzen ditu gure utzikeriak. Eman eta jaso beharko ditugu ba bigarren aukerak. Bigarren aldiek ez dute zertan okerragoak izan behar.
Eta adierazpen askatasunari dagokionez, honen eta errespetuaren mugen artean mugitzea zer den ondo jakin behar du kazetari batek, bai. Objektibitatea, adierazpen askatasuna eta informazioaren egiaztapena, kazetaritzan eta orokorrean medioetan erabiltzen diren hitz potoloak dira eta erraz, errazegi, ibiltzen dira ahoan. Baina idatzi gabeko arauak direla diozu, eta hortaz, haiek interpretatzeko, irakurtzen jakitea baino zerbait gehiago behar da. Horretarako gaitasunik ez bagenu ere, beti heldu diezaiokegu, bai, errespetuari.