Aurreko abenduaren erdian 50.000 ikuslek ikusia zuten jada Loreak filma, euskaraz. Urtebete lehenago, 2013ko Gabonen atarian Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga filmaren zuzendariek, loreak oraindik lorategian moztu gabe zeudenean, 30.000 ikusle lortzea zaila zela zioten Tribuaren berbak telebista saioari egindako adierazpenetan. Goitik gainditu dute muga hori. Donostiako Zinemaldian arrakastaz bete zuten lorategia eta, orain, Espainiako Goya sarietarako –otsailaren 7an emango dituzte– film onenaren sarietarako izendatu dute. Palm Springs-eko (Kalifornia, AEB) zinemaldian film latino onenaren saria jaso berri dute. Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976) zuzendariak Enpresa Zientziak ikasi ostean, Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe Aretoan Errealizazio ikastaroa egin zuen. 2001ean, beste lau lagunekin batera Moriarti ekoiztetxea sortu zuen. Zuzendaria ez ezik, gidoilaria eta ekoizlea ere bada.
‘Loreak’ filmaren gidoiaren ideia zurea da. Nondik sortu zen?
Irudi batetik. Loreak errepidean ikusten nituen bakoitzean lore horien atzean egon daitekeen drama etortzen zitzaidan burura. Inoiz ez duzu inor loreak uzten ikusten… Misterio puntu bat ere badago, enigma bat. Zer gertatuko litzateke zure hurbileko senide bat hil, eta ezezagun batek loreak utziko balitu errepidean? Horren harira istorioa garatzen hasi nintzen. Halako batean, autoan nindoala Ceciliaren Ramito de violetas abestia ipini zuten irratian eta loreak uzten zituenaren zein loreak jasotzen zituenaren istorioak uztartu nituen. Bi emakumeon istorioak parekatu nituen: bata ilusionatuta loreak jasotzen dituelako, bestea mesfidati loreak ipintzen dituen ezezaguna mehatxu gisa sumatzen duelako.
Errepideko lore horiek ez al dira ahanzturaren kontrako erremedio moduko bat?
Filmaren gai nagusia oroimenaren eta ahanzturaren arteko jokoa dela esango nuke. Pertsonaia batzuk ahanzturaren kontra errebelatzen dira, beste batzuek ahaztu nahi dute eta beste batek bere bizitza orekatu nahi du, nonbait, loreak bidaltzen dizkion horren fantasiak baliatuta.
Inkomunikazioaren gaiak ere pisu handia du, ezta?
Bai, erabatekoa. Gai hori, gainera, plastikoki erakutsi nahi izan dugu. Pertsonaia nagusiak burbuilatan ageri dira: garabi baten barruan lanean, autobideko ordainlekuan eta eraikuntza lan bateko etxolan. Ingurune deseroso horietan guztietan loreek pertsonaiek esaten ez dutena esaten dute. Loreek ez dute berezko esanahirik, hala ere, beldurrak, frustrazioak eta ilusioak agerian jartzen dituzte.
Ez dira, dena dela, pertsonaia bitxiak, arruntak baizik.
Ikuslearengan enpatia sortu nahi genuen. Edonork bere bizitzan ikusten dituen erreferentzia horiek irudikatu nahi genituen, gertuko soslaiak agertu, alegia.
Nolakoa izan da filmaren prozesua?
Jonek –Garaño– planteatuta, bi erronka jarri genituen: gure artean 80 Egunean filmean baino errieta gutxiago egitea eta errealizazioan salto bat ematea; hau da, gidoian zegoena irudien zein soinuaren bitartez indartzea.
Filma euriaren zaratarekin hasten da eta, oro har, euri asko egiten du…
Bai, errealizazio aldetik jarritako erronka horren adibideetako bat da. Errodajean egin zuen eguraldiak lagundu zigun giroa berez sortu zuelako, beste sekuentzia batzuetarako euri-makina eraman genuen. Pertsonaia nagusiak ez direnak, bestalde, burbuilaz kanpo erakusten ditugu, fokoz kanpo daude eta ezberdin entzuten zaie.
Errieta gutxiago egin al duzue zuen artean?
Bai. Jonek errodajean bigarrenez aita izango zenaren albistea jaso zuen eta biok lasaiago ibili gara.
Zumarragan errodatu zenuten.
Ez genuen autobidea itxiko zutenik espero eta itxi zuten. Goiz bat izan genuen errodatzeko. Iritsi ginenean hain espazio handia ikusi genuenean urduri ipini ginen. Ez dakit behar bezala aprobetxatu genuen, baina han izan ginen eta bertako jendeak asko lagundu zigun. Ez dago filmean espazio ireki asko, pertsonaiak gehienetan kapsula batean bezala agertzen dira, eta Zumarragako sekuentzian, oinez, espazio zabalean ageri dira.
Zein izan da burukominik handiena filmaren prozesuan?
Fase ezberdinak izan ditugu. Muntaiarekin denbora asko egin dugu. Behin dena errodatuta genuenean, gidoian zegoen bezala muntatu genuen. Alabaina, konturatu ginen ez zuela gidoiaren esentzia erakusten. Bi istorio ezberdin genituen eta ez genekien narrazioa nola antolatu, lehenbizi zein jarri… Denbora asko eman genuen aldaketa bakoitza egiten. Azkenean istorioak ordenatu genituen, baina luzeegia zen bertsioa eta 50 minutu kendu beharrean egon ginen. Nondik kendu baina? Gustukoak genituen sekuentzia asko kendu behar izan genituen.
Gidoiarena ere ez zen lan makala izango.
Ez dut nire burua gidoilaritzat, eta gidoiak buruhauste handiak eman zizkidan…
2013ko abenduan ‘Loreak’ nahiko amaituta zenuten, baina aurkezpena atzeratu, eta Donostiako Zinemaldian egin zenuten joan den irailean.
Gure asmoa Berlinalean (Berlin, Alemania) aurkeztea zen. Donostiako Zinemaldikoekin hitz egin, eta bitartekari lanak egiteko konpromisoa hartu zuten. Asko gustatu zitzaien eta Zinemaldiko sail ofizialean egoteko maila zuela esan ziguten. Goizegi zen, halere. Bi eguneko geldialdia eta atzera deitu ziguten Zinemaldian nahi zutela esateko. Tartean izan genituen hamar hilabete horiek emankorrak izan ziren; aurkezpenak lotu genituen zine jaialdian (Zurich, Suitza; Tokio, Japon; Londres, Ingalaterra), banatzaileak bilatu genituen, TVE proiektuan sartu zen…
Harrera itzela izan zuen Donostian. Zer moduz beste festibaletan?
Oso harrera ona izaten ari da. Ikusleak ere espero baino gehiago izan dira eta oso harro gaude. Ez da publiko osorako film bat, baina mota honetako filmekin ohituta ez daudenek ere ikusi dute; neurri handi batean banatzaileen lan onari esker.
Euskarak zineari ez diola mugarik jartzen agerian utzi duzue.
Atzerrian jatorrizko bertsioak behar dituzte eta euskara ez da inolako muga. Madriletik galdetu izan digute ea euskarak filmaren bide komertziala murriztuko duen, Espainian murriztuko du, agian. Edozein kasutan, Donostiako Zinemaldiari esker lortutako oihartzuna Espainian ere zabaldu da. Aurretik, gainera, bagenuen esperientzia. 80 Egunean filmarekin ehun bat festibaletara joan ginen, eta hizkuntzak ez zion filmari mugarik jarri. Toki batzuetan ez dakite euskara zer den, beste batzuetan hilda dagoen hizkuntza dela uste dute. Guretzat polita da euskarak hiztunak dituela atzerrian azaltzea, euskara ezagutzera ematea eta bizirik dagoela erakustea.
Enpresa Zientzia fakultatetik, Sarobera eta Sarobetik Moriartira. Zein da zinearen eta zure arteko maitasun istorioa?
Ikusle bezala hasi nintzen, amari esker. Aita eta osaba futbolera, eta gu zinera joaten ginen. Nerabezaroan aktore izan nahi nuen, baina antzerki ikastaro batean galdu nuen gogoa… Urnietan ikasi, eta hango ikaskideekin Moriarti sortu genuen. Poliki-poliki egiten ari gara aurrera. Izan ere, gure ofizio honetan beti gaude diru premiaren amildegiaren ertzean. Batzuetan ertzaren alde onean, Loreak-en kasua da, beste batzuetan txarrean.