Etzegarateko mendatean zazpi benta edo taberna izan ziren, duela urte gutxi arte. Horietatik hiru ziren Idiazabalgo partekoak: Alai, Ongi Etorri eta Buenos Aires. Etzegarateko Bentaren oinordekoak ziren. Alai bakarrik dago zabalik.
Etzegarateko errepidea 1851n eraiki zuten, Donostiako merkatariek eta handikiek Gipuzkoaz haraindiko salmentetarako bultzatuta. Espainiako Gobernuak egin zuen, eta ez, ohi bezala, Gipuzkoako Diputazioak (estatuak 1869an eman zion probintziari). Ordu arteko Nafarroarako bidearen aldean —Urtsuaran barrenetik zihoan—, berehalako eragina ekarri zuen errepide berriak: Idiazabalen Kale Berria (oraingo Kale Nagusia) gorpuztu zuen, eta Etzegaraten benta ireki zuten.
Goierriko mendate horretan berealdiko zerbitzu gunea sortu zen, kaminoaren inguruan, Antonio Berasategi historialari idiazabaldarrak jasota duenez: bentak, diputazioaren arbitrio edo zerga-biltze etxeak, kamineroenak, guarda etxeak, mikeleteena, basozainena… Errepideak zekarren mugimenduak eman zion pultsua Etzegarateko bizitzari, urte gutxian.
Denborarekin, eta errepideko joan-etorriak ugaritu ahala, bentak eta tabernak ugaritu ziren: Etzegarateko Benta 1853an, Urrizti (1898an bazen, 1917 arte gutxienez), Diegorenea edo Igartzandietako benta (Diego Aldasorok 1853an eskatu zuen txabolan etxea egiteko baimena), Buenos Aires (1931n atzeko baserri zaharrean; hura erori egin zen), Ongi Etorri (1955 aldera), Alai (1977an)…
Horiez gain, Altsasuko lurretan beste lau baziren: Alaska, Aizkorri, Ulaiar eta Leku Ona. Bakarra geratzen da irekita orain mendate osoan: Alai.
Etzegarateko Benta
Etzegarateko Benta Idiazabal eta Seguraren arteko partzoneriak eraiki zuen 1853an, 5.885 errealekin. Han gelditzen ziren garraiolaien animalientzako estalpe bat egitea ere erabaki zen. Pedro Jose Ormazabal sartu zen maizter.
Idiazabalgo Arizkorreta baserriko Juan Imazek erosi zuen Benta, 1940an. Gaur egun Alai tabernaren martxa daraman Jon Imazen aitona zen. «Artzainak ziren. Arizkorreta baserria markesari erosi nahi izan zion, baina lurrik ez zion saldu nahi. Orduan, Etzegarateko Benta erosi zuen», dio Imazek.
Oraindik etxaurrean du Se vende queso de Idiazabal dioen txapazko kartel herdoildua. «Gazta bertan egiten eta saltzen zuten. Madrilgo jende asko gelditzen zen, erosteko. Mutikotan amonari laguntzen nion». Joxpixi Aseginolaza zen amona, Idiazabalgo Zelaakoa.
«Bista» eduki zuten, benta hartzearekin. Ondo jakingo zuten benten erosotasunaren berri, neguan artaldea Bizkairaino eramaten zutelako. Benta ondoko soroan eraiki zuten duela 38 urte Alai hotel eta jatetxe berria. Etzegarateren benta-izaerari eusten dion bakarra da.
«Gu azkenekoak gara. Ongi Etorri eta Buenos Aires itxi zituzten. Lana badago, ohitura beti egon da hemen gainean geratzekoa eta. Gainera, bat bakarra geratzeak hori dauka», dio Alaiko Imazek.
Autobuskadak orain ere
Paulino Perez beasaindarrak 35 urte darama Etzegarateko Alain lanean. Aldaketa handiak ikusi ditu, urte horietan. Batik bat, eta pasoko lekua izanik, etorkinen bizimoduaren hobekuntza sumatu du: «Orain 30 eta 40 urte jende askoz gehiago gelditzen zen. Baina orain denek daukate dirua. Frantziatik Marokora edo Portugalera joan-etorria egiten dutenek orain dirua dute», dio Perezek.
Udako oporretan eta Gabonetan mugimendu handia izan ohi dute, orain ere. «Eguberri hauetan bertan, Errege bezperan 17 edo 18 autobus igual zeuden hemen. Gabon aurretik, berdin, joaterakoan. Goizaldeko laurak arte lana izaten da, taberna dena jendez beteta», kontatu du Perezek.
Gainontzean, garraiolariekin lan egin izan du Alaik, asko. «Baina geroz eta gutxiago daude, jubilatzen ari dira eta. Garraiolariak dirua uzten du. Haiek badakite non geratu, inork erakutsi gabe».
Alai tabernakoek, jatetxearen atzean duela urte batzuk jarri zuten gasolindegiak ere erakartzen du jendea, orain.
Artzainen, mandazainen eta zalgurdi gidarien benta izateari aspaldi utzi zion Etzegaratek. Neurri batean, baita XX. mendeko langile europar-afrikarren bidaia luzeetako geldigune izateari ere. Etzegarateko bidea 1954an berritu zuten, obra handi samarra eginda. Autobidea ireki arte izango zuen trazatua eman zioten orduan. 1970ean igoeran hirugarren erreia jarri zuten, 1984an Idiazabalgo saihesbidea ireki zuten, eta 2002an bi erreiko autobide bihurtu zuten N-1 zaharra.
Buenos Aires 2000. urte inguruan itxi zuten. Ongi Etorri, duela 7-8 urte. «Batek asteartean ixten zuen, asteko atsedenerako; guk asteazkenetan, eta besteak ostegunetan. Bateko bezeroak bestera joaten ziren egun horietan, baina hemen geratzen ziren», dio Imazek.
Urteak pasatu diren arren, eta azpiegiturek nahiz garraiobideek bilakaera handia izanagatik, Etzegaratek betiko benta-xarmari eusten dio. Pasoko lekua da. Baina, hainbeste pasaeratan gelditutako tokia denez, askok dute zatitxo bat han.
Lehen bezeroa, Josu Jon Imaz
A lai jatetxea eta hotela 1977ko uztailaren 17an ireki zuten. Egun hartan, auzoko mutiko bat izan zuten lehenengo bezeroa: Josu Jon Imaz (Jesus Juan, garai hartan), EAJren presidentea eta jaurlaritzako lehendakariordea izango zena; bidez beste aldeko Buenos Aireseko jabearen iloba.
Udan osabaren bentara joan ohi zen Josu Jon Imaz, bere aitaren jaiotetxera. Alai tabernako lehen basoerdia hari atera zioten. «Urtero egiten dute familiako bazkaria, eta beti oroitzen da hau irekitakoan bera izan zela lehena sartzen. Ardoa eskatu omen zuen, 14 urterekin», dio Jon Imazek, barrez.