Jon Artola
Aurreko batean Mikel, adin guztietako jendetza, gaztetxo nahiz heldu, egun argiz biltzen ikusi nuen Beasainen, etxeko arroparik dotoreenak txukun-txukun jantzita, ardoaren inguruan biltzen eta ogia jaten. Ospakizunen bat ezbairik gabe. Oraintxe zutik, geroxeago eserita. Ardo kopa gora, ogi puska eztarrian behera. Hizketan batzuetan, isilik besteetan.
Dagoeneko elizara joan ote nintzen pentsatzen ariko zara, baina ezezkoa eman beharrean natzaizu Mikel. Aipatu dizudan egoera igandez baizik ostegun batez eman zelako. Zineklubera joan ezin izan nuen ostegun arratsalde batez hain zuzen ere, ditxosozko pintxo-potean. Konparaketa hala-moduzkoa dela esan ahal zenidake, baina txikiteroentzako sortutako ekintza, elizako ospakizun eta ezkontza meza ondorengo mokadutxoaren arteko egoera «erabat zuzen» eta «bekatuz garbia» bihurtzen ari dela iruditzen zait. Ekintza negatibo marjinal baten neutralizatzea, baina baita nolabaiteko «kontserbadoretzea» ere, jendeak itxura, arropa eta jarrera zuzenari ematen dion garrantziagatik.
Hari punta bati tiraka katramila handiegia ari naiz sortzen agian, baina antzemango zenuenez mina eman zidan, mundu osoko zinema interesgarriena dakarkigun zinekluba hutsik dagoen bitartean, kaleak jendez lepo daudela jakiteak.
Zinekluba ilegalizatu beharko genuke agian, jendea joaten hasteko.
Mikel Alvarez
Ez dut uste debekatuz gizartearentzat ezer ona lortuko duzunik. Are gutxiago, Euskal Herrian jana eta edana kriminalizatzen hasten bazara… Azti non sartzen zaren Jon. Gainera, ez dut uste Zinekluba hutsik egotearen erruduna pintxopotea denik. Orain ez urte asko ez zegoen pintxopoterik eta zineklubera animatzen zen jende kopurua ez zein ikusle olatu geldiezin bat. Egia da, ikusle gutxi batzuk pintxopotea aukeratu dutela zineklubaren ordez eta hori kolpe gogorra izan da ostegunetako zine saioarentzat.
Urteak daramatzagu kultur ekintza ezberdinak antolatzen eta gutxitan gerturatzen dira hamar lagun baino gehiago (erdiak antolakuntzakoak). Esperientzia horrekin ez dut ulertzen nolatan jarraitzen duzun fenomeno tamalgarri horrekin harritzen. Kulturak ez du molatzen Jon, ez da modernoa. Benetan molatzen duena guapo egotea da. Elizan, pintxopotean edo korrika nola ez. Aspaldi galdu dut gure Beasain honetan kultura herriak izan nahi duenaren plan estrategikoaren ardatz izatea. Errazagoa da jendea jan-edanera edo korrika egitera animatzeko ekintza berriak antolatzea (gutxi omen dira…). Hori dela eta, hemendik aurrera Beasain Challengea ere izango dugu guztion gozamenerako. Bitartean, zinekluba hutsik, liburutegia zerbitzu minimoetan eta kultur eskaintzaren %80a folkloreari eskainita. Hori bai, oso guapo eta sasoi betean Jon.