Arkumeak jaiota, ardi esne garaia da orain. Artzainen lana asko gehitzen da bolada honetan, esnea biltzen eta gaztak egiten batez ere. Ordiziako azokan postu ugaritan aurki daiteke ardi esnea, bakoitzak nahi duenerako erabiltzeko.
Orain hasten den, aurrez hasita dagoen edo geroxeago hasi behar lukeen, batek daki. Baina, bai, hasita dago ardi esnearen garaia. Orain urte batzuk arte, San Jose egunaren bueltan jaiotzen ziren arkumeak, baina, Gabonetako eskariaren ondorioz edo, geroz eta lehenago ikus daitezke arkumeak salgai. Horri lotuta, esnea ematen hasten dira ardiak, eta artzainek egiten duten lanari esker, oraintxe egoten da ardi esnea erosteko aukera.
Azoketan, harategietan, bestelako dendetan erosgai daude dagoeneko ardi esne gozoz betetako plastikozko botilak. Ordiziako ferian ere aurki daitezke saltzaile ezberdinak, mahaian, ohiko produktuez gain, botila zuriekin.
«Aurten, gabonak aurretik ere bakarren batek ekarri du: hilabete lehenago ere bai!», dio saltzaile batek. Hala ere, saltzaile gehienen ustez, Ordiziakoa ez da ardi esne gehien mugitzen duen feria: «Tolosakoan gehiago saltzen dela esango nuke: eraman gehiago, eta saldu ere halaxe egiten da han», dio beste saltzaile batek.
Batzuk, etxeko ardien esnea eramaten dute. Beste batzuk, ordea, etxean ardirik ez, eta inguruko baserritarren esnea eramaten dute saltzera. Ardi esnearekin gazta eta mamia egiten da, batez ere. Baina, egun, ohiko errezeta tradizionalei beste buelta bat ematen diete sukaldari askok, irudimena lagun hartuta: jogurta, ardi esnezko flana pinaziekin, kafe irlandar mamia, te, gaileta eta lima mamia, oihan beltzeko tarta, gazta eta mugurdi mamia… Denen gusturako errezetak daude aukeran.
Lanerako garaia
Ardiak esnea ematen hasten direnean, artzainen lana asko gehitzen da. Urtean zeharreko lanez gain, ardiak jetzi egin behar izaten dituzte egunero bi aldiz, eta horrek lan handia dakarkie artzainei.
Jetzitako esnearekin, gainera, artzain askok gaztak egiten dituzte, eta horrek ere sekulako lana ematen du.
Eta, beste batzuk bildutako esnea denon gozagarri jartzen dute, han eta hemen saltzen jarriz. Hilabete gutxiko kontua izaten da, beraz, dagoen artean, gozatu!