Eneritz Gorrotxategi
Azken egun hauetan begirik kendu ere egin gabe jarraitu dugu olinpiar jokoen sehaska izan zen herrialdea, Grezia. Igandean izan zituzten hauteskundeak, eta bazirudien munduaren amaiera ere hauteskunde horien etorkizunak erabaki zezakeela. Grezia eurotik irten ote zitekeen esanaz ere mamua zabaldu nahi izan zuten. Europaren ekonomia kolokan jartzera ere iritsi ote zitekeen pentsatu zuten zenbaitzuek. Baina, Siryza alderdiaren garaipena, Alexis Txipras-en hitzetan «Oligarkiaren Greziaren porrota eta langileen Greziaren garaipena» izan da. Gurean, halako zerbait posible izango ote litzateke?
Herritar guztiak zeuden bozka ematera derrigortuta, baina zigorrik ez da izan bere iritzia hautestontzietan utzi ez duenarentzat. Zer pentsatua eman dit horrek ere. Gurean ere pausu hori eman beharko ote litzateke? Hori ere derrigortzea, ez al da gehiegitxo? Garbi dagoena da, pentsakera guztiek izan dutela iritzia eman eta euren ordezkariak hautatzeko aukera; eskuinetik hasi eta ezkerraino, mutur batetik bestera. Izan dadila behintzat Grezia, demokraziaren sorlekua, greziarrek erabakitakoaren isla.
Baina, zalantza bat badut halere: ez al da hemen, interes puntua Siryzaren mitinetara gerturatutakoengan jarri, Siryzak zioen horretan baino gehiago?
Ion Muñoa
Mendebaldeko zibilizazio(ar)entzat sustrai eta jatorri garrantzitsu izateaz gain, ikur ere bada Grezia. Olinpiar jokoak, pentsamenduaren kabia, demokraziaren sorlekua… egungo gure munduaren funtzionamenduan ezinbesteko diren elementu eta errealitate askoren sorburutzat ditugu Mediterraneoko herrialde helenoak. Azken dozena erdi urtean, alabaina, beste ikur mota bat ere bihurtu zaigu Grezia Europa zaharrean. Akropoli, agora, isokrazia, filosofia eta abarrei, austeritate, erreskate, troika eta enparauak gehituta, krisi ekonomikoaren eta sozialaren ikur bihurtu da Grezia. Eta sinbolo berri horren azken kapitulu eraberritu gisa ikusten ditut Siryzak (hitz hau ere etxeko egin zaigu) irabazi dituen azken hauteskundeak. Beste modu bateko Europa justuago bat posible dela sinesteko ikur; politikaren eta demokraziaren bitartez, herritarrek botereguneak kontrolatu eta hobeto bizitzeko aukera eduki dezaketen ikur; Europan Latino Ameriketako inspirazio eta airea duen ezkerrak aldaketa eta alternatiba ekar dezakeenaren ikur… Eta noski! Modako eta garaile den ikurra askok nahi dute berentzako: bai norberak egin nahiko lukeena ordezkatzen duelako eta baita indar hori aprobetxatu nahi dutelako ere. Ezkerrean, zein eskuinean, ez da normalean garailearekin argazkia ateratzeko jenderik falta izaten.
Greziako errealitatea ez dut gehiegi ezagutzen, eta ez naiz gai han gertatutakoak gainerako herriontzat zer eragin izango duen aurreikusteko ere. Metodo sokratikotik baino gailegoarena egitetik gertuago jarrita, beste galdera bat egin nahiko nizuke: ez ote dugu denbora eta esfortzu gehiegi erabiltzen ikurrei begira, eta gutxiegi haiek irudikatzen dutenaren alde norberak egin lezakeena egiten?