Naiara Berasategik (Zumarraga, 1979) Soziologia ikasketak egin zituen. Karrera amaitu, eta ikasten jarraitzeko harrak bultzatuta, doktoregoa ikasteari ekin zion. Bilboko DBHko ia mila ikasleren hizkuntza eta kultur ohiturak aztertu ditu bere tesian: Hizkuntza eta Kultura aniztasuna Bilboko eskoletan. Euskararen erabileran eta euskal kultur praktiketan eragiten duten faktoreak. Joan den irailean aurkeztu zuen.
Zure tesiaren gaia laburbilduko al zenuke?
Hizkuntza eta kulturak aztertzea izan dut helburu. Aztertutako populazioa Bilboko ikasleak dira, zehazki DBHko 2. eta 4. mailan dauden 989 ikasleren lagina erabili dut. Erabiltzen duten edo dituzten hizkuntzak eta kulturak ikertu ditut. Hain zuzen, euskararen eta euskal kulturaren gaia jorratu dut eta euskararen erabileran eta euskal kultur praktikan eragiten duten faktoreak landu ditut.
Faktore horien artean kultur aniztasunari erreparatu diozu, ezta?
Egia da egungo gizarteak gero eta kultur anitzagoak direla, Euskal Herrikoa ere bai. Berriki egin den ikerketa batean, euskara, frantsesa edo espainiera ez diren, 100 hizkuntza desberdin atzeman dira gure testuinguruan. Horrek argi adierazten du gurean dagoen hizkuntza aniztasuna. Hala, euskal herriko kaleetan euskara, frantsesa eta espainiera ez ezik, bestelako hizkuntzak ere entzuten dira: wolofera, errumaniera edo tamazight, adibidez. Euskara hizkuntza gutxitua da Euskal Herrian, espainiera eta frantsesarekin batera egon izan da gutxitu edo menperatu egoeran. Egoera horretan hizkuntza berriak sartu dira eta pentsa liteke hizkuntza aniztasun hau euskararen kalterako izan daitekeela.
Baina aniztasun horrek ez diola zertan kalte egiten ondorioztatu duzu, ezta?
Errealitatea anitza da eta elkarbizitza hori era estrategikoan eta positiboan kudeatzen jakin beharko genuke. Garrantzitsua litzateke egoera berri hori positibo bezala ikustea eta hizkuntza aniztasuna balore bezala hartzea. Hizkuntzekiko errespetua bultzatu eta, aldi berean, euskararen normalizazioan aurrerapausoak ematen jarraitu benetako normalizaziora iritsi arte. Bide horretan garrantzitsua da bestelako hizkuntzak bidelagun izatea. Etorri berriei ere jakinarazi beharko litzaieke gure hizkuntza ikasteak, besteak beste, lurralde honetan bizitzeko eta integratzeko duen garrantzia.
Bilboko ikasleen hizkuntza ohiturak aztertu dituzu. Zein ondorio atera diuzu nagusiki?
Bilbon euskara eskola testuinguruan erabiltzen da, %51,2k euskaraz egiten du. Eskolatik urruntzean Bilbon nagusia den espainierara jotzen dute ikasleek. Familian euskararen erabilera baxua da, %9,4k baino ez du euskaraz egiten, izan ere, ikasle horien gehiengoen ama hizkuntza espainiera da. Eskolako eremu formaletik aldentzean espainieraren erabilera nagusitzen da ikasle horietan, %96,2k espainieraz egiten du eskolako atarian eta %93,9k lagunartean. Hogei hizkuntza desberdin topatu baititugu aztertutako laginean. Nabaria da aniztasun handia dagoela.
Bereizi dituzu autoktonoen eta jatorria atzerrian dutenen ohiturak. Zerk bereizten ditu?
Euskara eskola testuinguruan erabiltzen dute etorkinek, baina erabilera hori nabarmen baxuagoa da bertakoen aldean. Kontuan hartu behar da, ikasle etorkin horietako asko A eta B ereduan matrikulatuta daudela. Datu horiek zer pentsatua ematen dute. Izan ere, ikasle etorkinen gehiengoa euskaldunak ez diren eremuetan kokatzen ari dira eta nolabaiteko ghettoak sortzen ari dira.
Garrantzitsua litzateke jendarteari, bereziki ikasle horien gurasoei, egoera horrek zer ondorio ekar ditzakeen azaltzea. Batzuek bi hizkuntza ikasteko aukera izango duten bitartean, A eta B ereduan ikasten dutenen aukerak nabarmen mugatuko dira. Ereduen egoera hori nabariagoa da, Bilbo edo Gasteiz bezalako hirietan. Gipuzkoan, esaterako, bestelako errealitatea ikusten da, jatorri atzerritarreko ikasleen gehiengoa ere D ereduan matrikulatuta baitaude. Interesgarria litzateke eremu horietan jatorriaren araberako euskararen erabileraren azterketa egitea.
Ikerketan ari zinela, egon al da emaitzaren bat harritu zaituena?
Asko harritu nau euskararen erabilera baxua eskolaz kanpoko eremuan. Banekien erabilera hori eskolaren aldean baxua izango zela, baina hain baxua izateak harritu eta, era berean, arduratu egin nau. Horrek zer pentsatua eman beharko liguke eta egoerari aurre egiteko neurriak hartu beharko genituzke. Argi dago eskolak bakarrik ezin duela lortu ingurua euskalduntzea eta bestelako esparruetan eragitea garrantzitsua dela. Bide horretan garrantzitsua izango da, besteak beste, erabilera lantzeko eta bultzatzeko programa eta proiektu zehatzak martxan jartzen jarraitzea.
Zein da euskarak jokatu dezakeen rola etorri berrien integrazioan?
Euskarak lagundu beharko luke ikasle etorri berria integratzen eta bertako egoera soziolinguistikoa zein kulturala ezagutzeko bitarteko izaten. Benetako integrazio bat lortu nahi badugu, garrantzitsua izango da harrera-herrialdetik era askotako mekanismo eta bitartekoak jartzea etorkinek bertako hizkuntzak ikas ditzaten.
Bestalde, oso garrantzitsua izango da, baita ere, etorri berrien hizkuntzak bultzatu eta sustatzea. Hau da, etorkinek ez ditzatela euren jatorrizko hizkuntzak alde batera utzi harrera-lurraldeko hizkuntzak ikastearren. Besteak beste, jakina baita zer nolako garrantzia duen ama hizkuntzaren ezagutza egokiak bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan. Ikasle horiek eta euren gurasoak ikusten badute euskararen alboan euren hizkuntzak errespetatzen direla, euskararekiko motibazioa positiboagoa izango da.
Euskararen erabileran eragiten duten faktoreak kontuan hartuta, aurrera begira zer litzateke interesgarria bultzatzea?
Ikerketaren harira ikusi dugu, hizkuntzaren ezagutzak zein kulturaren ezagutzak duen garrantzia hizkuntzen erabileran. Hortaz, garrantzitsua litzateke hizkuntzaren ezagutzari arreta berezia jartzea, eta ahozkotasuna lantzea.
Eskolan euskara era formalean ez ezik modu informalean lantzea garrantzitsua izango da. Ikasleari euskara erabiltzeko aukerak eman behar zaizkio, eta horretarako metodologia aktiboak eta kolaboratzaileak erabiltzea aproposa izan daiteke. Aldi berean, kulturaren ezagutzak duen garrantzia kontuan izanik, eskoletatik programa bereziak landu beharko lirateke kulturak eta euskal kultura lantzeko.
Baina eskolaz gain gizartea ere aktibatuta egon beharko luke. ezta?
Bai, garrantzitsua da gune formalaz harago leku informalak sortzea. Batzuetan guneak naturalak izango dira baina beste batzuetan sortu egin beharko dira, eta horretarako eskolaz kanpoko jarduerak oso baliagarriak izan daitezke.
Hizkuntzaren eta kulturen irakaskuntzarekin batera garrantzitsua izango da hizkuntza zein kulturekiko jarrera eta motibazio positiboak garatzea. Ikerketan jaso dugun bezala, jarrera eta motibazioak ere hizkuntzaren nahiz kulturaren praktikan murgiltzeko zer esana handia daukate. Horrenbestez, garrantzitsua litzateke eskolatan jarrera eta motibazioaren gaia modu planifikatuan jasotzea, eta curriculumaren barruan eduki beharko lukeen tokia aitortzea, are gehiago, jarrera horiek gorpuzteko gelan burutzeko unitate didaktiko zehatzak sortzea.