Bailararen garapenerako estrategikotzat hartuta ekin zioten orain 20 urte Goierrin turismoa sustatzeari. Funtsezkoa izan da Goitur bide horretan. Turismo agentziak sortu zeneko hamabosgarren urteurrena ospatuko du.
Goitur da, Bizkaiko Enkaterrietako Enkaturrekin eta Arabako Errioxakoarekin batera entitate juridiko propioa duen bailara mailako turismo agentzia bakanetako bat. Duela hamabost urte sortu zen Goierriko turismo agentzia udalen eta enpresa pribatuen artean indarrak batu eta bailarako turismoari bultzada emateko asmoz.
Goierri beheko 18 udalen izenean sinatu zituen estatutuak Goiekik, notario aurrean, hainbat bazkide pribaturekin batera. 2000. urteko martxoaren 22an izan zen. Tartean zen Goimen ere. Orduz geroztik bazkide pribatu gehiago sartu dira Goiturren; guztira 80 dira gaur gaurkoz.
Goiturrek 15 urte beteko dituen arren, bailaran 20 urte badira sektorea lantzen hasi zirela. Niko Osinalde agentziako zuzendariak ondo ezagutzen du ibilbidea. 1993 inguruan krisi ekonomiari aurre egin berritan bailararen garapen estrategia sendotu beharra zegoela ikusi zen. Asmo horretan kokatzen ditu Goieki eta Goierri Fundazioa bera ere. Testuinguru horretan berritu zuten bailararako Plan Estrategikoa, 180 orrikoa. Bertan bi helburu zehatz finkatu zituzten. Batetik industria sektorea mantentzea eta dibertsitate ekonomikoa sustatzea, bestetik. Dibertsitate horretan turismoan jarri zuten arreta. 1996. edo 97. urtean iritsi zen Garapen Turistikorako Egitasmoa eta orduan erakunde baten beharra paperera eraman zuten. Eskaintza turistikoa ezagutarazteko argitalpenak lantzen nahiz azoketan lanean jarrita zeuden 2000. urtean Goitur osatzeko pausua eman zutenerako. «Abantaila handiak» ekarri ditu turismoari begira erakunde propioa osatzeak Osinalderen ustez.
Batuta, kalitatez
Eskualdeko jarduera turistikoak koordinatu eta antolatzeko ardura hartu zuen Goiturrek, baita bitarteko turistikoak sustatzekoa ere. Eskaintza zabaltzeko materialak prestatu, merkaturatzeak landu, azoketan parte hartu, publizitatea egin, tour-operadoreekin elkarlana lortu…
Orokorrean, eskaintza turistikoaren garapena era ordenatuan eta egokian egitea izan da Goiturren egitekoa. Horretarako baliabideak produktu turistiko bilakatu dituzte, museoak zein Interpretazio Zentroak. Produktu horiek saltzeko marka turistikoak ere sortu dituzte. Aurten indarra emango dioten Basque Highlands, kasu.
Erabakigarria izan da, era berean, teknologia berrien garapena Goiturren ibilbidean. Goierri munduan zabaltzeko leiho garrantzitsu bihurtu da webgunea. Ahalegin berezia egin du Goiturrek, gainera, Internetek eskaintzen dituen aukerak lantzen. Goierri Digitala proiektuaren barruan web atari osatua prestatuta dute bost hizkuntzatan; turismoaren eta naturaren gaineko edukiak sortzen eta biltzen dituena. Gaur egungo kontsumo ohiturei jarraituz gainera, sare sozialetan etengabeko presentzia izatea da lortu nahi dutena. Eskaintzak zabaltzen, argazkiak nahiz bideoak zintzilikatzen.
Bazkideen garrantzia
Goierri beheko sektore turistikoaren %80 baino gehiago biltzen da Goiturren. Urteko aurrekontuaren %8a da enpresa pribatuen aportazioa, urtean 15.000 euro. «Ez da ehuneko handia, baina garrantzitsua da oso», dio Osinaldek. Hasieratik jo zuten bailarako hoteletara eta jatetxeetara egitasmoaren berri ematera eta abegi onez jaso zituztela dio Osinaldek. Orain arteko bidearen balorazio «baikorra» egiten du zuzendariak. «Lehen esaten genuen Goierrin turismoa nola bultzatuko dugu ba? Begira orain nora iritsi garen. Bazkideak gurekin daude, hori seinale ona da», dio. 2008tik bi lagun ari dira lanean Goiturren, ordura arte Osinalde bera bakarrik. Bi lagun eta 160.000 euroko aurrekontua dute aurten, adibidez. «Murritza da aurrekontua; horregatik kontsumo kolaboratiboa funtsezkoa da».
Hamabosgarren urteurrenean atzera begiratzeko geldialdia egingo du Goiturrek. Historiari errepasoa emango diote, agentziaren parte izan direnei aitortza egitearekin batera. Ez da ekitaldi handirik izango, ez dutelako dirurik alperrik xahutu nahi. Era xumean etorriko dira ospakizunak udaberrian.
Turismoa egonkortzen ari da
Ibilbide laburra izan arren, turismoa bere lekua hartzen ari da Goierrin. Aste honetan bertan ezagutu dira Eustatek emandako hainbat datu. EAEn, 2008tik 2013ra bitartean turismoak barne produktu gordinari egindako ekarpena %5,3tik %5,8ra hazi da; 130 milioi euroan. Saldo negatiboa hobetzen doa hortaz. Bertakoek kanpoan gastatzen dutenaren eta bisitariek heamen gastatzen dutenaren aldea txikitzen doalako. Negatiboa da oraindik (-3,3 milioi euro), baina bost puntu murriztu da bost urtean.