Inauteriak garai berezia izan ohi dira herri guztietan. Egunerokotasunetik irten, mozorroa jantzi eta jai-giroan ospatzeko egunak izaten dira.
Zegaman ere aspalditik ospatzen dituzte inauteriak. Hemen behean dagoen argazki hori, esaterako, 1911 urtean ateratakoa da, Euskomediaren arabera, eta atzean duten paretagatik, herriko eliza aurrean daudela esan liteke. Txaranga moduko musika-talde bat ageri da bertan, eta asko moroz jantzita daude.
Goiko argazkia zein urtetakoa den zehazki jakin ez arren, zaharra bai, baina bestea baino berrixeagoa dela esan daiteke. Zegaman ateratakoa da hori ere, inauterietan edo Santa Ageda egunez. Angel Irigoras zegamarraren esanetan, irudikoak «Aizpurukoak» dira, eta «azken albokariak» bezala ezagutzen ditu jendeak irudikoak, trikitiarekin eta panderoekin ageri badira ere.
Argi geratzen da, behintzat, Zegamako inauterietan ez zela musikarik falta izaten, ezta orain ehun urte ere.