Nerea Martinezek (Ordizia, 1973) ingeleseko espezialitateko magisteritza ikasi zuen eta Amezketan lan egiten du gaur egun. Orain zortzi urte joan zen Itsasondora bizitzera. Bertan jaio ziren 6 urteko bere bi alabak: Malen eta Jone.
Itsasondo, haurren herria dela diozue. Hala al da?
Bere bizitasunean, toki lasaia da, dena dago eskura eta haurrentzat nahikoa zerbitzu daude: haurtzaindegia, eskola, haur txokoa, liburutegia, parkeak… Horrez gain, orain dela urte bete udaletxean , Haurren Herria foroa sortu zen. Guraso elkarteko ordezkari bezala hasi nintzen bertan parte hartzen. Oso emankorra izan da orain arte egin dugun lana.
Zer behar du herri batek haurrentzat egokia izateko?
Haurrak ere herriaren parte dira eta, eskatzeaz gain, ekarpenak egiteko aukera ere izan behar dute.
Nolako geroa nahi zenuke zure haurrentzat?
Edozein egoera suertatzen zaiela ere, egokitzeko estrategiak edukitzea nahi nuke, inoren zain egon gabe.
Zaletasun bat?
Ez naiz batere originala; txakurrarekin paseatzea.
Amets bat?
Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko aukera izatea.
Ahaztuko ez duzun egun bat?
19 urte nituela Dublina au-pair joan nintzen eguna. Zenbat ilusio neramatzan motxilan…
Herriko alkate bazina?
Ezin dut Itsasondorako daukaguna baino hoberik irudikatu!
Itsasondon biziko ez bazina?
Kostaldean bizitzea gustatuko litzaidake.