Hauxe da duela 30 urte lagun batek, gizonezko batek, Euskadiko Emakumeen Bigarren Topaketetarako ponentzia-liburua oparitzearekin batera idatzi zidan eskaintza: «Feminismoarekiko solasaldietan, gizonaren potentzialtasun eskasaren argudioarekin jarraitu beharrean, emakumeen borrokan planteamendu eta kontzientzia sakonagoak erabili ditzazun, eta mugimendu feministan barneratzeko konbentzimendua irabazten laguntzearren, agur feministaz, (izenik ez dut aipatuko)». Nonbait, feminismoa defendatzeko nire argudioak pobreak ziren oso, eta gizonekiko nire haserrea, handia.
Gerora kontura naiz: ni xaxatzeko helburua zuten hitz haiek, eta baita lortu ere. Ez nuen ponentzia gehiago irakurri eta, nire lagunak nahi izango zuenaren aurka, ez nintzen inongo elkarte feministara bildu. Edozein ideologia ardatz duen bilgunetan ez naiz inoiz eroso sentitu.
Ideologiak sortu omen ziren gizakion sufrimenduak eramangarriagoak izan daitezen. Izan ere, balio dute errealitatea interpretatzeko; hau da, bizi gaituen egitura politiko-sozial-ekonomiko eta kulturalaren antolaketa eta jarduna ulertzeko, gizabanakoak, ondoren, aukeratu behar duelarik: errealitatera egokitu edo sistema aldatu. Alabaina, soziologiak aspaldi esan zuen gizakiok errealitatea desitxuratzeko joera dugula gure interesen arabera; aipatu gabe errealitatea eta gizakia etengabe aldakorrak garela. Horixe da ideologiekiko nire mesfidantzaren arrazoia.
Horregatik erabaki nuen orduan neure bidea egitea. Emakumeek idatzitako literatur lanak eta saiakerak izan ditut bidaide geroztik, errealitatea inoiz bazter utzi gabe. Bakarkako bidea ez da erraza izan, ezta gomendagarria ere: gizonekiko harremanak eragin didaten kontraesanak borroka latzak piztu dituzte niregan. Feminismoaren eta beste emakume batzuen mezuek behin baino gehiagotan jarri dute zalantzan nire emakumetasuna.
Gaur egun, baina, eskertuta nago hainbat bilgunetan diharduten emakumeek egiten ari diren lanari; ez nire kezken gainean argitasun asko eskaini didatelako, nire bizipen propioetatik abiatuta, kontraesanak gaindituz aurrera egitera behartu nautelako baizik, nire izaera inoiz galdu gabe, errealitatera etengabe moldatzera behartuz. Horrela jakin dut Mulier Sapiens bat naizela edo behintzat horretan ari naizela; eta kontsignak maite dituztenentzat, erantsiko dut: «…eta harro nago!». Espezie berri hau feminismoak eragindako gizarte aldaketei eta emakumeon garapenerako lan pertsonalari zor diogu.
Espezie berri honek indar fisikoaren ordez, adimena garatu du; berezko talentua erakutsi du, taldearen gainetik; pentsamendu sinbolikorako eta komunikaziorako gaitasuna bereganatu ditu, hizkuntza arruntetik haratago; eta adimen mekanikoa gaindituz, adimen emozionalaren jabe egin da. Asko sufritutako espeziea gara; horrek egin gaitu besteekiko bereziko sentikor, enpatiarako gaitasun berezia garatuz. Halere, ez ahaztu espezie bat baino gehiago desagertu dela naturaren bilakaera etengabean, Neanderthal-ak kasu. Akaso akabatuko zituen Sapiens-en batek, Mulier edo Homo-ren batek.
Martxoak 8-ra arte itxaron gabe, nik ez dut aukerarik galtzen etxean, lanean eta kalean aldarrikatzeko: «Gora Mulier Sapiens-a!».