Urretxuko Lurra dantza taldeko kideek Euskal Herriko inauteri ezberdinak baserriz baserri eramaten dituzte urtero. Mozorroturik, dantza saioa egin eta janaria eskatzen dute. Aurten Berriozarko Txolin dantza egingo dute, bihar.
Tolosan bakarrik ez, Goierrin ere ospatzen dira inauteriak. Herri gehienetan bihar mozorrotuko dira haur eta helduak. Urretxun esaterako, Lurra dantza taldeak dagoeneko 25 urte daramatza inauterietan herria girotzen. 1990ean hasi ziren mozorroa soinean jantzi eta Euskal Herrko inauteri ezberdinak jendeari erakusten. Hasierako urteetan asteartez ospatzen zuen inauteria Lurrak. 1995ean, berriz, larunbatez mozorrotzen hasi ziren.
Goizean baserriz baserri joaten ziren, arin arina eta fandangoa dantzatu, koplak abestu eta janari eske. Bildutako janarekin bazkaria egiten zuten eguerdian, eta arratsaldez Urretxuko kaleetan egiten zituzten inauterietako dantzak, mozorrotuta.
«Urte batzuk pasa genituen horrela, baina konturatu ginen larunbat arratsaldez herriko beste talde batzuek ere egiten zituztela ekitaldiak», adierazi du Oier Perez taldeko kideak. Hala, 2002az geroztik goizean goizetik mozorrotzen dira, eta herrian dantza egin beharrean, baserriz baserri eramaten dituzte Euskal Herriko txoko ezberdinetako inauteriak.
Santa Barbara inguruko baserrietan egiten dute erronda, 09:00etan hasi eta eguerdi aldera arte. Dirurik ez dute eskatzen, jana baino ez. «Batzuek arrautzak ematen dizkigute, besteek ogia… bakoitzak ahal duena». Baserri batzuetan, gainera, hamaiketakoa ere ematen dietela azaldu du Perezek.
Oinez ibiltzen dira baserririk baserri, eta guztira hamar bat pasatzeko denbora ematen die. «Dantza saioa egiten dugu baserri bakoitzaren aurrean, eta bertakoekin ere egoten gara, kontuak esaten». Orokorrean harrera ona izaten dutela dio Perezek. «‘Norbait akordatzen da gurekin!’ esaten digute askotan baserritarrek; oso ongi hartzen gaituzte».
Inauteri ezberdinen bila
Lurrako kideek oraindik ere jarraitzen dute baserrietan bildutako janarekin bazkaria egiten. Arratsaldean, berriz, dantza saio bat eskaintzen dute Urretxuko plazan, kaletarrek ere ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dezaten. «Festa giroan ibiltzen gara, eta oso ongi pasatzen dugu».
Urtero inauteri ezberdinak bilatzen saiatzen dira, urtero dantza berriak egiten. «Ez errepikatzen saiatzen gara, eta jendearentzat hain ezagunak ez diren inauteriak herrira ekartzen». Azken hiru urteetan, esaterako, Tuterako polka (Nafarroa), Lamiako inauteria(Bizkaia) eta Amezketako (Gipuzkoa) talai dantza egin dituzte.
Aurten Txolin dantza
Aurtengoan Berriozarko (Nafarroa) Txolin dantza ekarriko du Lurra dantza taldeak Urretxura. «Bertako dantzariei galdetu genien nola egiten zuten, eta ikasten jardun gara», adierazi du Perezek. Guztira 40 lagun inguru joango dira baserriz baserri, hamabost bat heldu eta gazteak. «Dantza taldeko gaztetxoek ere horrelako ekintzetan parte har dezaten saiatzen gara».
Txolin Berriozarko historiako pertsonaia bitxia da. Felix Sarasa izenez, Txolin ezizena jarri zioten ardoari eta parrandari zien zaletasunagatik. XVIII. mendearen amaieran jaio zen Berrigoitin, Artikara ezkondu zen, eta hango alkatetza lortu zuen. Frantsesen okupazio garaian, 1810ean, matxinatu egin zen Txolin, eta frantsesek 2.000 duroko saria eskaini zuten gerlaria harrapatzearen truke.
Pertsonaia «gerlati, euskaldun eta parrandaria» gogoratzen dute Txolin Berriozarren. 1987az geroztik bera da Berriozarko inauterietako konpartsaren burua. Kanta eta dantza propioak ere baditu Txolinek. Bestalde, txatxoak, sorginak eta frantsesak dira konpartsaren gainontzeko pertsonaiak.
Konpartsako kideez jantzita, Berriozarko inauteria irudikatuko dute Lurrakoek bihar Urretxun. Baserriz baserri joango dira Txolin, sorginak, txatxoa, baita frantsesak ere. Bildutako janarariarekin bazkari ederra egin ondoren, arratsaldean plazan egingo dute dantza.
Txolinen abestia
Negu gorrian gaudela
heldu zaigu ihautea
kaitzatik atera behar
zure mozorroa.
Aitzakia ona dugu
giro onean omenduz
Txolin gerrilaria
gizon ausartia.
Dantza zazu Txolin gerrilaria,
dantza zazu Txolin arin
parrandari ez egin uko
uzkur zazu Txolin
frantses minutuko
zertarako duzu
hainbeste trabuko.
Artikako alkatea
gizon sutsu txit prestua
frantsesen kontran aritua
jo ta ke borrokan.
Euskaldun zintzoa bera
arma biren jabea
trabukoa ta euskara
gerri ta mihian.
Dantza zazu Txolin gerrilaria, d
antza zazu Txolin […]