Norteko Ferrokarrilaren Gipuzkoako zatiaren lanei 1858. urtean ekin zieten eta trenbideekin lotutako Gipuzkoako argazki zaharrena da Zumarragan 1863. urtean ateratakoa. Donostia eta Beasain arteko zatia nahiko erraz egin bazuten ere, zailtasun handienak Beasaindik aurrera sortu ziren. Ondorengo 40 kilometroetan ingeniaritza lan pisutsuak egin zituzten, hala nola, Ormaiztegiko bidezubia edo Oazurzako tunela Aizkorri azpitik. Gipuzkoa barruko orografia malkartsua zulatzeko zein lotzeko pikotxak, palak eta bolbora baino ez zuten garai hartan.
Lanen zailtasunak eraikuntza konpainia txikien porrota eragin, eta Norteko Konpainiak Gouin et Cie enpresaren esku utzi zuen lanen amaiera. Hain zuzen, Zumarragako zatia eraikitzen hasi zirenean egin zuten aldaketa. Goiko argazkia 1863. urte inguruan aterata dago, bertan egun Trintxera dagoen eremua ikus daiteke. Trenari lotutako Gipuzkoako argazki zaharrena dela dio Juanjo Olaizola Azpeitiko (Gipuzkoa) Trenbidearen Museoko zuzendariak.
Lurrun-lokomotora
Argazkian burdinbidearen eraikuntza lanak ikus daitezke. Lurrun-lokomotora bat agertzen da; gisa horretako lokomotorak zama trenak arrastatzeko erabili ohi zituzten. Langileak, bien bitartean, Eitzagako tunela eta Zumarragako geltokia lotuko zituen trintxeraren eraikuntza amaitzen ari dira.
Norteko Ferrokarrilaren Irun-Madril lerroa Donostian inauguratu zuten 1864. urtean. Proiektua zabalagoa zen, izan ere, Madril-Paris lerroaren zatia zen.