
Joxepa Madariaga
Letizia, Beñat, Aitzpea, Marijo eta Maddi; herritarrak jarri dizkiagu hizketan. Hori duk gure estiloa. Zeresana duten eta hurbilekoak ditugun herritarrak. Titulu handirik gabe, asko dakiten pertsonak. Euskaraz hitz egiten dakitenak. Bizimoduan esperientzia bereziak, gogorrak batzuetan, zoragarriak besteetan, aberatsak beti, bizi dituztenak. Bizi dutena gurekin konpartitu nahi dutenak. Asko maite ditugunak. Horientzat guztientzat duk gure plaza.
Izan hizlari edota izan entzule, entzundako kontuek barnea ukitzen zigutek, zer pentsatua eman, iritzi berriak sortu, lehen genituenak aldarazi. Hezten ari gaituk. Pertsona bezala hezten eta hazten. Muga kontuekin ari gaituk orain, «Mugan bizi, mugan sentitu». Zergatik heldu zioagu gai honi?, zeren bila gabiltzak mugan?, zein mugatan? Zikloa antolatu genueneko helburuak, asmoak eta planak beteko ditugun ala ez, balorazioan jasoko dizkiagu eta gure web orrian argitaratu. Tristurak eta pozak, barreak eta negarrak, denetik izaten ari gaituk, bizitzak berak bezalakoxe osagaiak ditiztek gure solasaldiek ere. Zeinen gustura egoten garen Gerriko Txokoan, zenbat ikasten ari garen, zenbat lagun berri egin ditugun, Berriketan solasaldietan eta Liluratura, literatur tertulietan. Pribilegiatu sentitzen nauk, zorte oneko, partaide eta antolatzaile izateagatik. Atea zabalik zagok eta nahi duenak geure jardunarekin bat egin zezakek. Beraz, ongi etorriak, etortzen zareten eta etorriko zareten guztiak!
Inazio Usarralde
Gerrikok biziarazi egiten gaitin gu; eta, guk, Gerrikori bezala, herri osoari bizi-indarra ematen zionagu aldi berean, gure apalean. Hori dun nik sentitzen dudana eta horregatik hartzen ditinagu, gainera, hartzen ditugun lanak. Bizitzeko modua dun guretzat.
Gainera, Gerrikon ez dinat uste ezer berririk egiten ari garenik. Aurrez ere bilguneak beti moldatu izan ditin gizakiak solaserako, oso modu formalean ez bada ere: elkarteak, ostatuak, poeten klubak, arte taldeak…
Gaur egungo gizartean, gure dinamikak izugarrizko balioa duela uste dinat. Izan ere, gero eta gehiago entzuten ari naun gogoetarako joera murrizten ari dela. Alegia, errazagoa dela iritzi korronte nagusi baten gurdira igo eta han segi, norberari leku desberdinetatik iristen zaizkion ideiak jaso, buruan buelta batzuk eman eta iritzi sendo bat sortzea baino.
Horrela, sare sozialetan gero eta gehiago omen gaitun jarraitzaile eta behatzaile; eta ez horrenbeste iritzi emaile aktibo. Tresneria aldetik egundoko erraztasunak daudenean geure ahotsa zabaltzeko izugarri kostatzen zaigun bustitzea, guk pentsatzen duguna esatea. Horregatik iruditzen zaidan gurea bezalako bilguneek berebiziko garrantzia dutela oraindik ere: jende desberdina elkartu, interesgarria zaigun hizlari bat bidelagun hartu eta partekatutako gogoeta saio batean parte hartzea aberatsa dun oso giza talde baten kohesioari begira.
Ez gaitun beste munduko ezer egiten ariko, baina faltako balitzaigu dezenteko hutsunea sentituko genukeela uste dinat.