Marijo eta Maddi Imaz ama-alabek ‘Pertsona naiz, ez transexuala’ hitzaldia egingo dute otsailaren 25ean Lazkaon. Familian bizi dute transexualitatea, eta beren esperientzia kontatuko dute jendeari pentsarazteko helburuarekin.
Transexualitatea gertutik bizi dute Marijo eta Maddi Imaz ama-alabek. Gizonezko gorputzarekin jaio arren, emakume sentitu da beti Marijoren alaba, Maddiren ahizpa. Haien esperientzia elkarbanatu eta gizarteak pertsona transexualekiko erakusten duen mespretxua salatzeko helburuarekin Goierriko Gutun Sozialean parte hartu zuten iaz. Datorren asteazkenean, berriz, Pertsona naiz, ez transexuala hitzaldia egingo dute Lazkaoko Gerriko elkartean, 18:30ean.
Mugan bizi, mugan sentitu hitzaldi sortaren barruan kokatzen da Imaz ama-alabena. Izan ere, hasieratik senitartekoen babesa izan badu ere, gizarteak jarritako mugei eta mespretxuari aurre egin behar izan dio urteotan Marijoren alabak. «Norberak bere burua onartzea eta prozesuari aurre egitea zaila bada ere, arazo handiena gizarteak jarritako muga izaten da», adierazi du Marijok.
Marijoren esanetan, etxean txiki-txikitatik ohartu ziren semearen feminitateaz. «Takoiak eta nesken arropak janztea gustatzen zitzaion, ispilu aurrean kremak ematen zituen…». Homosexuala izango zela pentsatzen zuen Marijok, eta gaiari buruzko iruzkinak ere egiten zizkion, zeharka. Berak argitu zion errealitatea, ordea, 11 urterekin: «‘Neska naiz, ez homosexuala’, esan zidan egun batean».
Naturaltasunez hartu zuten berria familian, eta Maddik eta anaia gazteagoak ere hala bizi izan dute beti. Dena den, hasieran beldurra sentitu zuela adierazi du Marijok. «Sexu aldaketak ez ninduen izutzen, baina gizarteak emango zion tratuak eta ondorioz sufritu beharko zuenak ematen zidan beldurra».
Hain zuzen ere, gizartearen onarpen eza jasan behar izan dute, eta hori sexu aldaketaren prozesua bera baino gogorragoa dela azaldu dute. «Eskolan puntu bat iritsi zen non neskek ez zuten beste neska bat bezala ikusten, eta mutilek baztertu egiten zuten», azaldu du Marijok. «Horrek barne zalantza handiak sortu zizkion, eta ‘Ni zer naiz?’ galdetzen zion bere buruari».
Ezin etiketa ezabatu
Irainak, herritarren txutxumutxuak eta begiradak jasan behar izan ditu ordutik. Behin jipoitu ere egin zuten kalean. Gainontzekoentzako eguneroko kontuak ziren gauzak, berriz, oztopo bihurtu zitzaizkion. Esaterako, eskolan soinketa egin ondoren, zein aldagelatara sartu erabakitzea. «Ama batentzat oso gogorra da alaba horrela sufritzen ikustea», adierazi du Marijok. «Bolada batean zein kaletatik pasatu pentsatu behar izaten zuen uneoro, beldurra ziolako jendeari».
Behin sexu aldaketa eginda, berriz, etiketa gainetik kendu ezina bilakatu da mugarik handiena eta mingarriena. «Jendearen begietan nire ahizpa transexuala da, besterik ez, baina gogoratu behar da beste ezeren gainetik pertsona dela», adierazi du Maddik.
Marijok azaldu duenez, sexu aldaketatik harago doa prozesua. «Lehen bere helburua emakume gorputza izatea zen, eta pentsatzen zuen behin hori lortuta bere arazoak bukatuko zirela». Ez zen hala izan, ordea. «Sexu aldaketa egindakoan konturatzen zara onarpen ezari aurre egiten jarraitu beharko duzula, eta jendearen begietan inoiz ez zarela emakume bat izango, eta horrek frustrazio handia eragiten du».
Hezkuntzan hutsunea
Marijok eta Maddik argi dute euren esperientzia zabaltzea beharrezkoa dela, eta horregatik eman diote baiezkoa hitzaldia egiteari. «Aniztasuna aberasgarria dela transmititu nahi dugu, eta jendea ohartarazi ezberdinak direnak ere edozeren gainetik pertsonak direla», esan du Maddik. Sufritu dutena kontatuz, gainera, egin daitekeen minaz ohartarazi nahi dute jendea. «Uste dugu gure esperientzia pertsonala kontatuta errazagoa izango dela jendearengana iristea».
Maddiren ustez, bestalde, etorkizunean halako kasuen aurrean gizartearen onarpena lortzeko, beharrezkoa da heziketan haustura bat ematea. «Gizartea aldatzeko beharrezkoa da oinarrietatik hastea; hezkidetza bultzatu behar da, eta ezberdintasunak naturalak direla erakutsi txiki txikitatik».
Alde horretatik, gaur egungo hezkuntzan hutsune nabarmena ikusten dute ama-alabek. Marijok, esaterako, gogoratzen du behin irakasle batek ez ziola alabari gelan sartzen utzi, nesken arropak jantzita zituelako. «Hor ikusten da izugarrizko hezkidetza falta dagoela: hezitzaileek intolerantzia erakusten badute, nola ez dute egingo ikasleek ere? Horrela ez goaz inora», dio Maddik.
Sexu heziketa anitza
Sexu heziketari dagokionez, berriz, aukera ezberdinak daudela irakastea beharrezkoa ikusten du Marijok, txikitatik aukera horiek naturaltasunez hartu ahal izateko. «Oso goiz hasten dira eskolan sexu heziketarekin, baina eredu tradizionalak irakasten zaizkie haurrei, eta uste dut beharrezkoa dela transexualak, hermafroditak eta beste hainbat aukera ere badaudela erakustea».
Bestalde, komunikabideetan ematen den transexualen gaineko irudia eta ondorioz gizarteak dituen erreferenteak aldatzea ere ezinbestekoa dela uste dute. Telebistan, esaterako, transexualitatea sarri prostituzioarekin lotzen dela ikusten du Marijok, eta gaia gutxitan jorratzen dela giza ikuspuntutik. «Gu ez gara Bibiana Fernandez, Amor edo telebistako beste pertsonaia bat; Goierrin gaude, beasaindarrak gara, eta ez da ezer pasatzen».
Horixe da hain zuzen Lazkaoko hitzaldiaren bidez ulertarazi nahi dutena: pertsona transexualak edozein ingurutan egon daitezkeela, naturaltasunez hartu behar direla, eta, batez ere, errespetatu egin behar direla, beste ezeren gainetik pertsonak direlako.