Igandean, Ormaiztegin, korrika eginez, sahararrei elkartasuna adierazteko aukera izango da.
2006an hasi ziren Ormaiztegin, Sahararen aldeko krosa antolatzen. Kirola, aldarrikapena eta arlo ekonomikoa uztartzen dituen egitasmoa da. Korrikaren aitzakian, sahararren eskubideak aldarrikatzea eta ekarpen ekonomikoa egitea dira lasterketaren helburuak.
Honela, korrikalariek izen emateagatik ordaintzen duten dirua, oso-osorik, errefuxiatuen kanpamentuetara bidaliko dute. Irabazleen artean, ez da sari ekonomikorik banatuko: sahararrek egindako artisau produktuak izango dira sariak.
Iaz 7.000 euro bideratu zizkieten sahararrei eta aurtengo lasterketan lortutako dirua, errefuxiatu kanpamentuetan laguntza proiektuak aurrera eramateko erabiliko dute: medikuntza postu bat sendagaiekin eta materialarekin hornitzeko proiekturako eta adimen urritasuna duten haurrentzako heziketa bereziko eskola bat eraikitzeko erabiliko da Ormaiztegin bildutako dirua.
10 kilometro
Kirolaren ikuspegitik, ohi bezala, 10 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek. Antolatzaileek 250 parte hartzaile inguru biltzea aurreikusten dute. Izen ematea irekita dago, www.kirolprobak.com webgunean. Txip horia dutenek zortzi euro ordaindu beharko dute; txip zuria alokairuan hartzen dutenek 10 euro eta egunean bertan izena ematen dutenek 12 euro.
Aurten, bederatzigarren edizioa izango da, eta aurreko edizioetan bezala, kilometro bateko lasterketa sinbolikoa ere antolatu dute. Lasterketa nagusia bukatu ondoren, 12:15ak aldean hasiko da eta udaletxearen inguruan osatuko da kilometroa. Parte hartzeko, haurrei eta gaztetxoei borondatea ordaintzea eskatuko zaie.