Lehiakortasuna eta parte hartzearen arteko soka finean oreka bila dabiltzan ekilibristak dira. Edozeren gainetik, haurrek kirolaz goza dezaten nahi dute Eskola Kirola egitasmoaren sustatzaileek. Elkarlanean aritzen dira Goierrin.
Jokatzea edo jolastea. Lehiakortasuna edo parte hartzea. Teknifikazioa edo gozatzea. Mardula izan da Eskola Kirola egitasmoak haurren kirol jarduerak egokitzen azken urteetan egin duen lana. Kirol hezitzailea indartu dute; haurrak errespetuan, lankidetzan, eskuzabaltasunean, laguntasunean eta autoestimuan hezi daitezen. Jarduera fisikoa eginez, ahalik eta kirol modalitate gehien ezagutzeko sistema landu dute, lehiakortasuna ahal den gehien atzeratuz.
Heziketaren eta parte-hartzearen ikuspegian sakontzeak eta kirol modalitate aukera zabala eskaintzeak denbora eta antolaketa egokia eskatzen ditu. Goierriko kirol hezitzaileak elkarlanean jarduten dute herrietan eta bailaran, udal eta foru teknikariekin batera. Astelehen arratsaldero biltzen dira Ordiziako Torretxean Eskola Kirolaren arduradunak asteko plangintza osatu eta aurrera begirako erronkak fintzeko. Arantza de Juan Jakintza Ikastolako soin heziketako irakasle eta Eskola Kiroleko arduradunak azaldu dizkio Goiberriri egitasmo honen baitan egiten ari diren lanaren gaineko xehetasunak.
Baloiaren erreinua
Eskola Kirolak 8 eta 16 urte bitarteko haur eta gaztetxoak biltzen ditu; edozein ikaslek, edozein ezaugarri edo baldintzekin, parte har dezake. Jardun nahi duten kirolen artean aukeratzen dute umeek. Baloiaren bueltan garatzen diren taldekakoak aukera bakarrean daude. Errugbia, saskibaloia, eskubaloia eta futbola; horietakoren bat egin nahi duenak, lauak egiten ditu. Gizartean jasotzen denetik, telebisten ikusten dutenarekin, futbolerako grina nagusitzen da gaztetxoenen artean. Zurrunbilo horretan umetatik sar ez daitezen baina, Eskola Kirolak bestelako kirolak ere proba ditzaten ahalbidetzen du. Bigarren helburu bat ere betetzen dute, ordea, sistema horrekin: Futbola ez den taldeko kirolak gustuko dituztenek egiteko aukera izatea. Hurrenkerak ere badu garrantzirik, futbola ikasturtean egiten duten azken kirola da. «Nekea izaten da kurtso amaierarako, eta horren gustuko ez duten kirola tokatzen bada kale egiteko aukera izaten da, futbola azkenerako utzita inork ez du hutsik egiten».
Umeak, gainera, libre dira lehiatu nahi ez badute. Entrenamenduetan parte hartu eta asteburuko partidetara joan gabe gera daitezke.
Orokortzerik ez dagoen arren, federazioak dira sistema honekin desadostasun gehien agertu dutenak. Zehazki, futbol elkarteak. Haurrak futbolean aritzeko denbora gutxi izaten dutela diote eta kirol honek teknifikazio handia eskatzen duela. Klubek geroz eta gazteago fitxatzen dituzte; 16 urte bere arte ezinezko da beste herrialde batetik fitxatzea, baina hori ez da betetzen. Kirol federatuak lehiaketak prestatzen ditu, puntuak banatzen dira, sailkapenak osatzen dira… Eskola Kirola lehiakortasuna eta parte hartzearen arteko orekaren bila dabil. «Kirola bizi osorako dela erakutsi nahi diegu».
Taldeko kirolez gain asko dira banakakoak ere: herri kirolak, igeriketa, tenisa, atletismoa, pelota… Hortxe du Eskola Kirolak beste erronka bat, banakako kirola gainbehera doalako De Juanen esanetan. Banakokoak utzi eta taldekoetan sartzen dira gaztetxoak; «hor destakatu nahi dute».
Edonola ere, onura ugari eskaintzen dizkio banakako kirolak haurrari. Taldean baino erosoago sentitzen dira asko banaka. Aukera gehiago dute autonomia nahiz sormena sustatzeko, horrek haurraren konfiantzan duen eraginarekin.
Neska-mutilak, aparte
Genero ikuspegitik ere begiratu dute kirola. Neskak eta mutikoak aparte aritzea da egokiena De Juanentzat: «Hala ez bada neskak galtzen ateratzen dira. Taldeko jardueretan mutilak euren artean aritzen dira, baloia elkarri paseaz, neskak albo batera utziz. Hori ezin da horrela izan, ezin dira diskriminatuak izan».
Desoreka hori eskolako atseden orduetan nabarmen ikusten dela dio. Ikastetxeetako soin heziketa klaseetan, horregatik, lanketa beste modu batean egiten ahalegintzen direla dio Jakintzako irakasleak. «Nesken aritzeko modua askoz ere teknikoagoa da, mutilek indarra erabiltzen dute gehiago».
Gorria, harmailetara
Nor baino nor aritzeak, nagusi izateak, besteen gainetik gailentzeak garrantzi berezia hartu duen gizartean, galdu edo irabaztea bigarren mailara pasatzeko ahalegina egiten ari dira soin hezitzaileak. Kirolaren emaitza ez dela markagailuko zenbakietan neurtzen sinetsita daude. Partidetako aktak egiteari utzi, sailkapenik gabeko kirol topaketak antolatu… hainbat dira norabide horretan hartu dituzten neurriak.
Kezka iturri da, ordea, ikusleen jarrera, gurasoena bereziki, hainbatetan neurriz kanpoko jarrerak izaten direlako. Helduek ziurtatu behar dute, gurasoek zein entrenatzaileek, kirola haurren eta nerabeen mesedetan dela. Askotan aurkakoa gertatzen da, ordea. De Juanek azaldutakoaren arabera askotan umeek eraldaketa erakusten dute entrenamenduetatik asteburuko partidetara. «Harmailetan daudenengatik gertatzen da hori, urduri jartzen dira, presioa sentitzen dute». Horregatik, bere ustez, gurasoak gero eta urrutiago, hobe. Gurasorik gabeko kirol topaketak egin behar liratekeela ere badio. «Balore egokiak erakustearena guztion ardura da, hezitzaileona, begiraleena nahiz gurasoena. Gurasoek hezitzailearen norabide berean aritu behar dira, haurraren mesederako».
Gurasoentzat hitzaldiak, entrenatzaile eta begiraleentzat formazio saioak… helburua gazteenen izaera garatu, konfiantza indartu eta autoestimua sendotzea delako.