Adin batetik aurrerakoek ondo gogoan dute oraindik ere, duela 59 urteko otsaila. Europako osoan historiako tenperaturarik hotzenak izan ziren 1956ko otsailan. Zumarragan eta Beasainen, adibidez, zeropetik 12 gradu izan ziren.
Kandelaria eguna eta otsaila, eguraldiarekin lotutako esaera zahar askoren iturri dira. Kandelario, lario / haitzari ura dario edo kandelario elurre dario / San Josek ere lagunduko dio edo Kandelero hotz, negua joanen da motz; kandelero bero, negua gero. 1956ko hotzaldiak ere badu zerikusia kandelaria egunarekin. Otsailean hotza egiten duen bakoitzean, 1956ko otsaila etortzen zaie burura goierritar askori. Askotan egiten dira konparaketak. Hura bezalakorik ez dutela ezagutzen diote askok. «Beldurgarria» izan zela esaten duenik ere bada.
Jose Insausti segurar bertsolariak, adibidez, bere Beti bertsoa buruan liburuan horrela deskribatzen zuen orduan sentitu zuena: «Otzak garbitu ez giñuzenean, pozik otsail artan. Negu ona joan zen bitartean. Baiña gero, zer zan ura? Egunez gatza bezelako elur kaxkarra; eta gauean, garbi-garbi illabete osoan. Nik orain ez daukat gogoan zenbat gradutako otza izango zan. Baiña derrigor aundiak izango ziran».
Bitarteko gutxiago zen orduan baina garai hartako sentipenak eta datuak bat datoz. Estazio meteorologikoetan bildutako datuek ere hori baieztatzen baitute: eguraldiari buruzko datuak biltzen hasi zirenetik, Goierrin, Euskal Herrian eta Europa osoan, 1956ko hura izan zen historiako otsailik hotzena.
Bata bestearen atzetik
Hotzaldiaren aurretik, dena den, negua, urtarrila epel samar joan zen. 10 eta 15 graduren inguruko tenperatura izan zen eta natura pizten hasia ere bazen.
Baina kandelaria egunean, otsailaren 2an, bat-batean jaitsi zen tenperatura eta bata bestearen atzetik, hiru hotzaldi etorri ziren Siberia aldetik. Eguna joan, eguna etorri, hotzarekin batera, elurra eta izotza izan ziren protagonista Europa osoan. Ia hilabete osoan elurpean egon zen Goierri.
Datuen arabera, Goierrin, otsailaren 11ko gaua izan zen hotzena. Zumarragan eta Beasainen zeropetik 12 graduraino jaitsi zen termometroa.
Donostian, adibidez, 19 izotz egun izan ziren hilabete osoan eta egun askotan termometroa ez zen 0º Ctik igo. Elurra ere egin zuen eta pilatu eta pilatu 2 metroko altuerara iritsi zen zenbait tokitan.
Hotzaldiak kalte handiak eragin zituen. Baserrietan adibidez, «arbia gaur baiño geiago ereiten zan orduan, eta danak usteldu zituan, au neguko frutua edo neguan ondo irauten duana izan arren», dio Insaustik. Pinuetan ere kalte handiak izan ziren. Kaletarren bizimodua ere oztopatu zuen. Tenperatura hotzengatik ur hoditeri asko izoztu eta lehertu egin ziren. Garai hartako kronikek diotenez, lantegiak gelditu egin ziren; baita eskolak ere.
Europa osoa elurpean
Europa osoa astindu zuen hotzaldia izan zen, 1956ko otsailekoa. Hotzaldiaren eragina Afrika ipar alderaino iritsi zen. Datuei erreparatuz, Herrialde Katalanetako Pirinioetan -50º Cko tenperatura neurtu zuten. Tenperatura errekorra markatu zuen herrialdea, Suedia izan zen: -53ª C. Europan mila lagun hil zirela diote orduko kronikek; gehienak Frantzian. Nazioartean ere kezka sortu zuen hotzaldiak eta AEBetatik 2.000 tona janari eta 140.000 tona ikatz bidali zituzten.
1985eko elurtea
Negu gorriaren gaiarekin jarraituz, gazteagoek 1985ko urtarrileko elurtea ere askotan aipatzen duten gertaera izan zen. Urtarrilaren 7an elurra hasi eta hamabost egunean gelditu gabe egin zuen. Elurte luzea izan zen eskolak eta lantegiak itxita egon ziren, eta errepide gehienak itxita.