Urretxu-Zumarraga ikastolako 4. DBHko sei ikaslek European Youth Parliament egitasmoan parte hartu dute. Gazte hauek Europar Batasunari buruzko hausnarketa bat aurkeztu dute, gainontzeko parte hartzaileen aurrean.
Ez dira Estatu espainiarreko finalerako sailkatu, baina esperientzia «oso ona» izan dela diote. Gainera, gazteenak ziren eta datorren ikasturtean berriro aurkezteko aukera edukiko dute.
Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako bederatzi ikastetxek parte hartu dute eta bi kanporaketa jokatu dira: bata Bilbon eta bestea Aretxabaletan. Goierritarrek azken honetan parte hartu dute, Arizmendi Ikastolaren Arrasate eta Eskoriatzako ikasleekin, Azpeitia Urola Ikastolakoekin eta Aguraingo Anhiturri ikastetxekoekin batera. Arabarrak eta arrasatearrak sailkatu dira apirilean Sevillan (Andaluzia) jokatuko den Estatu espainiarreko finalera. Egitasmo horretan parte hartu duten urretxuarrak eta zumarragarrak Beñat Agirre, Paulo Albisua, Jon Ander Goenaga, Mikel Idiakez, Alex Perez eta Irati Zuriarrain dira. «Gai bat landu genuen eta beste taldeek gure lana erasotu behar zuten. Askatasun zibilei, justiziari eta barne arazoei buruz hitz egin genuen. Nola hobetu Europar Batasuneko segurtasuna, biztanleriaren intimitatea erasotu gabe. Zaintza beharrezkoa da terrorismoa ekiditeko, baina Europa mailako agentzia bat sortu behar da herritarren datuak kudeatu eta babesteko», aipatu dute.
Gogor lan egin dutela diote. «Azken astean ordu asko sartu genituen eta horrekin ez dela nahikoa ikusi dugu. Dena den, egindako lanarekin gustura gelditu gara».
Datorren urterako, itxaropentsu ageri dira. «Gainontzeko parte hartzaile guztiak Batxilergoko ikasleak ziren. Guk datorren ikasturtean ere parte hartu ahal izango dugu eta aurten ikasitakoa baliagarria izatea espero dugu. Datorren urtean sailkatzea espero dugu. Izan ere, gainontzeko parte hartzaileek hilabeteak eman zituzten lehiaketa prestatzen eta guk astebete bakarrik eman genuen». Egitasmo interesgarria iruditzen zaie. Ingelesa lantzeko balio izan die (lana eta aurkezpena ingelesez egin dituzte) eta baita Europar Batasunaren arazoei buruz hausnartzeko ere.