Ion Muñoa
Ia etengabeak dira hango edo hemengo gobernuek hezkuntza sisteman aldaketaren bat proposatzen duten bakoitzean sortzen diren kezka, galdera, iritzi eta eztabaidak. Izan haur, lehen edo bigarren hezkuntzan, nahiz goi-mailakoan, aldaketa proposamen bakoitzaren aurrean segituan jartzen gara adi (eta azti), modu batean edo bestean, erreformaren eragina jasoko dugun taldeak (gizarte aktiboaren ia kide guztiak): irakasleak, gurasoak, ikasleak, enpresak, sindikatuak, administrazio publikoa… Hezkuntza bezalako gai garrantzitsu batean, denok nahi dugu gure iritziak indarra izan dezan eta gure irizpideak onenak direla sinestera irits gaitezke. Alde askotariko eztabaidetan sartzen gara eta azkenean, gehienetan adostasun handiegirik gabe, gauzek aurrera jarraitzen dute (nahiz batzuetan erreformarik ez egin).
Normala eta aberasgarria da belaunaldi berriei eta gure seme-alabei ahalik eta heziketa onena ematearren, hezkuntza sistemari buruzko eztabaida publikoa egotea. Kontua da, ordea, hezkuntza sistemari buruzko eztabaida egin beharrean, hezkuntza arautuari buruzko eztabaidan tematzen garela; eta diferentzia galanta dago hezkuntza arautu eta formaletik gizarte baten hezkuntza sistema osora. Eta noski! Lege erreforma bidez arautu daitekeena lehena da. Baina uste badugu, hezkuntza gobernuen erreforma bitartez bakarrik hobetuko dugula, gure burua engainatzen eta zuritzen gabiltzala esango nuke. Ez al genuke hobe LOMCE, Heziberri edo Boloniako prozesuen eztabaidetan (gehiegitan antzuegietan) indar guztia gastatu ordez, pentsatzea gutako bakoitzak dagokion lekutik zer egin dezakeen norbere eta ingurukoen heziketa hobetzeko?
Eneritz Gorrotxategi
Heziketa etxean hasten da, etxeko sukaldean. Eta hor bai, hor norberak erabakitzen du zein eredu jarraitu nahi duen, edo zein ez, edota zer lortu nahi duen eta horretarako zein norabide hartzea komeni zaion. Lortuko duen edo ez, beste kontu bat izango da, baina behintzat saiakera egin dezake bere etxekoei ahalik eta heziketa onena eta egokiena emateko. Halere, susmoa hartuta nago belaunaldiek aurrera egin ahala, hezkiketa gune nagusia etxeko sukaldea izatetik beste gune batzuetara pasa ote den.
Hezkuntza sistema ordea, beste kontu bat da. Ur handitan sartzea da hori, bai. Batzuetan gauzak aurrera jarraitzen dutela diozu, eta hala izaten da. Baina, dekretu bidezko inposaketen aurrean, zein irtenbide dugu bada? Geure haserrea plazaratzea gutxienekoa izango da, noski! Eskuak gurutzatuta geratuta, ezer gutxi lor genezake. Gutxienez inposatu nahi dizkiguten «dekretazo» horiek gure hizkuntza eskubideen edo beste hainbat eskubideren kontrakoak direla entzunaraztea ez da gutxi. Nola ez gara bada azti eta erne jarriko, gure gizartearen etorkizuna izango diren gaztetxoenen hezkuntza, kolokan ikusiz gero?