Merkeagoa, ekologikoagoa, osasuntsuagoa nahiz energetikoki eraginkorragoa da bizikleta. Norberaren autoaren gehiegizko erabilera geldiarazi eta bizikleta sustatzeko norabidean jarri dira politika jasangarriak. Mugitzeak dakarren aukeraren eta morrontzaren arteko oreka bilatzean dago gakoa. Alde nabarmena dago Europa iparraldeko hainbat herrialdeen eta Euskal Herriaren artean alor honetan. Amsterdamen (Herbehereak) 600.000 bizikleta dituzte 750.000 biztanleentzat.
Norberaren autoaren erabileran oinarritzen den mugikortasun sistemari alternatiba eraikitzeko lanean ari da Gipuzkoako Aldundia. Helburu horrekin landu dute autobusen garraio publiko zerbitzu berria eta baita bidegorri sarearen zabaltzea ere. «Herritar guztien eskura izango den garraio publikoa eta kolektiboa sustatu behar da, ez auto pribatuak erostea eta erabiltzea», diote. Zentzu horretan, kotxearen hazkunde zentzugabea geldiarazi eta garraio jasangarriaren aldeko apustua egin dute.
Aisialdirako zerbitzuaz harago, bizikletarena eguneroko garraiobide izatea da Aldundiko Mugikortasuna eta Bide Azpiegiturak sailak indartu nahi duena. Eskolara, lanera, kiroldegira… joateko garraio pribatua gutxitzea da nahi dutena.
«Errespetuzko mugikortasun» hori gauzatu ahal izateko, beharrezkoa ikusten du Aldundiak lekualdatzeko modu iraunkorrenei lehentasuna ematea gehien kutsatzen duten eta kostu energetiko handiagoa duten moduen gainetik. Horregatik, herrietako mugikortasunean hierarkiak ezartzea izan da joera, oinezkoen, bizikleten eta garraio publikoaren eredua oinarri hartuta.
Asmo horretan paper garrantzitsua jokatzen du bidegorri sareak. Gipuzkoako sarean Aldundiaren eta udalen bidegorriak daude. Gaur egun, 183 bidegorri daude erabilgarri (sarearen %43). Sare osoa amaitzen denean, berriz, Aldundiaren sareak 289 kilometro izango ditu eta udalenak 150, guztira 439 kilometro. Baina, zer behar da bizikletaren erabilera sustatu dadin? Garraiobide gisa bizikleta lehenestea ekarriko duen hausnarketa orokorraren baitan, lekualdatze eraginkorrak ahalbidetzeko hainbat nuerri jarri ditu Aldundiak indarrean. Lanera bizikletaz joateko erraztasunak, bizikleta elektrikoak erosteko aukerak… Herriz herriko loturak egiteaz gain, herri barruetan gune garrantzitsuak lotuko dituen bizikleta bide seguruak eraikitzen joatea izango da erronka.
Herrietan ahalegina
Herri barruetan bizikletaren erabilera areagotzeko ahalegin horretan, bigarrenez, udalentzat diru laguntza jarri du martxan Gipuzkoako Aldundiak. Horien helburua da udalei bidegorriak egiten laguntzea. 250.000 euroko diru laguntzak bideratuko dizkie udalei.
Kontuan hartuko du Aldundiak bidegorriak mugikortasun jasangarriaren ikuspegitik eraikiak izatea. Zentzu horretan lehentasuna izango dute jadanik irekita dauden bidegorrien arteko loturak osatzeko priektuek. Baita, eraikin edo zerbitzu publikoak lotzen dituzten bidegorriek ere, edo erdigunetik aparteko auzoetara iristea bermatzen dutenek. Aldundiak udalek bizikletaren erabilera susta dezaten lortu nahi du eta horretarako ekintzak aurreikustea kontuan hartuko dute.
Gaur gaurkoz, 27,2 kilometroko bidegorri sarea osatua dago Goierrin
Aldundiaren eskumenekoak direnekin eta udalen bidegorriekin, bizikleta eta oinezko sare zabala irekita dago Goierrin. Badira bizikletentzako eta oinezkoentzako bideak banatuta dutenak; bide bera partekatzen dutenak; nahiz bizikletaz, oinezkoak eta ibilgailu motordunak ere hartzen dituztenak.
Legorretatik Ormaiztegiraino bidegorria jarraia izango da, herri barruko hainbat lotura osatzen direnean. 14,2 kilometroko tartea da honakoa. Legorretatik Itsasondorainokoa erabilera partekatukoa da; Itsasondotik Beasainera doana berriz, banandua dago oinezko eta bizikletentzat. Beasaindik Ormaiztegira, beste 5,6 kilometrotan erabilera partekatua da.
Lanak amaitu berritan, datorren astean irekiko du Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak Itsasondo eta Ordizia lotzen duen bidegorria. Era horretan, bi herriak bidegorriz lotuta geldituko dira eta, aldi berean, bidegorriak bat egingo du Ordiziako udal bidegorriarekin mutur batean eta bestean Itsasondo-Legorreta bidegorriarekin. Bidegorri zati berri honek 1.230 metroko luzera du eta, Donostia-Beasain ibilbideren zatia izango da.
Eraikitzea aurreikusia dago Ormaiztegi eta Zumarraga lotuko dituen bidegorria. 10,8 kilometroko bidea izango da. Zumarraga-Urretxu eta Legazpi lotuta daude, 4 kilometroko bidearekin.
Beasaindik Lazkaorako bidegorria ere zabalik dago; herri barruko lotuneak eta Lazkaotik Ataunerainoko zatia egitea aurreikusia dute. Idiazabal-Segura-Zegama lotzen dituen bidegorriak beste zazpi kilometro ditu. Aldundiak planafikatuta dituen bidegorrien artean dago Ondarraldea industriagunea eta Zegama herrigunea lotuko dituen zatia. Segurako bidegurutzetik Mutiloarainoko zatia ere planifikatua dago, Ordiziatik Zaldibiarainoko zatia eta Beasain eta Idiazabal lotuko dituena bezala.