Ikuspegi energetikotik, urtaroen hasiera ez dator bat egutegiek esaten dutenarekin. Adibidez, udaberria otsailaren 4a aldera hasten da, nahiz eta eremu geografikoaren arabera gorabeherak izan daitezkeen datan. Urtaro bakoitzean energia mota jakin bat nagusitzen da. Udaberrian energiak goranzko bidea hartzen du, eta lurretik zuhaitzen eta landareen izerditik barrena igotzen da.
Orain dela milaka urte txinatarrek naturan ematen ziren aldaketak aztertu zituzten, bai fisikoak eta baita energetikoak ere. Aldaketa horiek yin eta yangaren teoria aplikatuz sailkatu eta azaldu zituzten, eta ondoren bost transformazioen teoria (ura, zuhaitza, sua, lurra eta metala) sortu zuten. Txinatarrek ikusi eta aztertu ahal izan zuten yin etengabe ari dela yang bihurtzen, eta yang etengabe yin bilakatzen.
Goranzko energia hori zuhaitzekin eta udaberriarekin lotu zuten, eta beraz, udaberria «zuhaitz» elementuari dagokio. Era berean, elementu bakoitza organo jakin batzuekin lotzen da, eta kasu honetan, zuhaitz elementuari gibelaren energia dagokio, izan ere, ikuspegi energetikokik gibela landareak bezalakoa da, goranzko energiaz elikatzen delako batik bat.
Orokorrean, gibela kargatuagoa egoten da eta bero gehiago izaten du udazkenean, eta orduan gaitasun gehiago izaten dugu gantzak digeritzeko, fruitu lehorrak, eta abar, behazun gehien jariatzen dugun unea izaten baita. Neguan, hotzetik babesteko, energia mota kontraktiboago batera egokitzeko animalia-proteina gehiago kontsumitzen da, eta orokorrean, elikagai gazi gehiago, denbora luzeagoan sukaldatuak… Udaberriarekin batera, ordea, energiak goranzko bidea egiten du eta gorputzak energia arin eta hedakor horretara moldatzeko ahalegina egin behar du; baina gibelean hondakin toxikoak pilatu ditugunean, besteak beste animalia-proteina asko, arraultza, esne eta esnekietako gantz saturatuak, eta abar, gorputzak zailtasun gehiago izaten ditu egokitze-energetiko hori egiteko, toxina, gantz eta bestelako pilaketek blokeatu egiten dutelako gibeleko energia. Blokeo horren ondorio zuzena izan daitezke pazientzia falta, haserretzeko erraztasuna, ondoeza, astenia…
Horregatik ez da kasualitatea kultura gehienek «dieta» motaren bat egitea udaberrian; interesgarria da udaberrian garbiketak egitea, gibela eta, orokorrean, gorputza arindu, desintoxikatu eta garbitzeko. Kasu honetan, gibelarentzako egokiak diren elikagaien artean daude hosto berdeak, zurtoinak, klorofila asko duten elikagaiak, ernamuinak, sukaldatzeko modu arinak, taparik gabe… Ernamuinak bereziki onak dira gibela garbitzeko, flemak mugitzeko eta baita energia mugiarazteko ere, oso energia bizia eta aktiboa dutelako.
Zapore garratza ere zuhaitz elementuari dagokio. Gibela tonifikatzen du, behazuna jariatzen laguntzen du eta organoa aktibatzen du orokorrean. Pikleak modu naturalean hartzitutako barazkiak dira, eta gibelaren funtzioentzat toniko ezin hobeak dira, bai gibela garbitzen laguntzen dutelako eta baita digestioa egiten laguntzen dutelako ere. Zapore mikatza berriz, «sua» elementuari dagokio, «zuhaitz» elementuaren semea hain zuzen; «sua» elementuak «zuhaitz» elementutik nolabait tira egiten duenez, zapore mikatzak gibeleko sua baretzen du. Horregatik zapore mikatzak gibela erlaxatzen du, gibeleko beroa baretzen du eta behazuna jariatzen laguntzen du.