Alex Areizaga
Arratsaldeon Dimitri Valeryevich Khokhlov gaztea; Duela 2 asteburu, Murtzian preso dudan lagun bat bisitatzen egon nitzen; 8 orduko bidaia, 40 minutuz bera ikusi eta beste 8 ordutan itzultzeko. Luzeak dira Ebroz bestaldeko bideak; horiak dira zelaiak; beltz hauts-zikinak Makro-zezenak; guztia da urruti, beti da urrun. It’s pain (mina). Hitz berak balio du bietarako. Adreiluz eta burdin-alanbradez itxitako eraikina, ezerezaren erdian aurkitzen da; herri bihurtzea merezi duten ijito kanpamenduz eta espetxe eta zentro psikiatriko gehiagoz inguratuta. Mendiak ditu urrutian, ziegaren arabera, zortea baduzu, leihotik atzeman daitezkeenak; baina badira ere paretara edota dutxetara ematen duten ziega-leihoak ere, eltxoz betetzen direnak. Iritsi bezain pronto, hezur eta azal zen zakur bat gurutzatu zen gure auto paretik; eta baita haragi gehiagoko pistoladun susmagarriz beteriko auto andana ere, argi eta guzti. Zorionez bakean utzi gintuzten; ez duela urtebete leku berean harrikatu zuten senideen autobusa bezala. Kristala lodia, apurtu nahiko luketen makina bat eskuren markarekin; ahots oro estaltzeko adinakoa. Eta horren guztiaren bestaldean, zu, lagun, kristalari nire esku marka gehitu arren, ukitu ezin izan zintudana. Badator kartzelera, bisita amaitu dela esatera. Maite zaitut.
Jon Plazaola
Zortzi edo bederatzi urte inguru nituen nire lehenengo cassettea eskuratu nuenean. 90 minutuko zinta, alde batean AC/DC-ren Highway to hell eta bestean berriz Negu Gorriaken debuteko diska.
Sentzazio berriak, adrenalina txutea igandeko palmera pastelera baino droga gogorragorik ezagutzen ez zuen umearentzat. Fermin eta konpainia «euskalduna naiz eta harro nago» bezalako esloganak ahoan, Basque power mugimendua jaio bailitzan. Seigarren abestiak Amodiozko kanta du izena eta 9 urteko mutikoak FF tekla sakatu ohi du abesti hori iristen den bakoitzean. «Maite zaitut nire poltsarekin autobusara abiatzen naizen bakoitzean». Ez ditut «Maite zaitut eta horrelakoak entzun nahi, gazteegia naiz maitasunerako…» Pentsatzen nuen Baina benetan gazteegia nintzen neguren amodiozko kantak zer ezkutatzen zuen ulertzeko. «Maite zaitut zure eskua ikutu beharrean kristal lodia ferekatzen dudanean» FF tekla gehiagorik ez. Amodioa Meg Ryan eta Tom Hanks baino askoz gehiago da. Abesti hau ezin da besterik gabe aurrera pasatu. «Mikelen istorio odoltsu bat bezala, Maite zaitut, laztana».