Udaberriarekin batera, beste urte betez, Segurako plaza lorez eta landarez jantziko da hilaren 22an.
Udaberria iristear dago eta Seguran ez dute hutsik egingo aurten er: XV. Udaberriko loreen eta landareen azoka antolatu dute. Udaberriko lehenengo igandean izango da, martxoaren 22an. Hemezortzi lore eta landare saltzaile izango dira Segurako plazan; tartean, goierritarrak: Jose Mª Setien (Segura), Nerea Soraluze (Zumarraga), Haritz Urretabizkaia (Arama) eta Iñaki Azanza (Zaldibia).
Loreez eta landareez gain, zortzi artisau postu eta zazpi janarien postuak ere jarriko dituzte Segurako plazaren inguruan. Kasu horretan ere, goierritarrak izango dira gehienak. Artisauen arloan, Ataungo Sandra Madutxa izango da arropa saltzen, Segurako Itxaso Sodupe kandelak eta xaboiak saltzen eta Segurako Keko Maiotz egurrezko kateak saltzen.
Janari postuetan, Goierriko produktuak izango dira gehienak: Segurako Ondarreko gazta, Segurako talogileak, Segurako Eugenio Elortzaren eztia, Idiazabalgo Joseba Baezen behi gazta, Beasaingo Julki gozotegiko pastelak eta Segurako Madurain elkartekoak.
Natura 2000 sarea
Egitarau zabala antolatu dute astebururako, eta tartean, bihar arratsaldean, Oria ibai inguruko ekologiari buruzko ibilaldi gidatua aipatu daiteke. Oria ibaiaren goiko zatia Europa Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrendan, Natura 2000 izeneko sarean sartuta dago. Leku hori bereziki babestu beharreko gunea delako dago izendatuta Europa Batasuneko Babes Bereziko Eremu bezala. Jatetxeentzako dagoen Michelin Gida antzeko zerbait litzateke Natura 2000 sarea natur ondarearentzako. Balio ekolgogiko garrantzitsua ezagutzeko, Aitor Montes eta Joxean Auzmendi biologorekin ibilaldi gidatua egingo dute bihar.