Igande gauez, martxoaren 22tik 23ra zeharkatuko du Korrika 19k Goierri. Egitaraua oparoak lagunduko du lasterketa erraldoia. Batzordeetan lanean ari diren euskaltzaleei esker iritsiko da euskararen aldarria txoko guztietara.
Sei egun barru abiatuko da Korrika Urepeletik (Nafarroa Beherea). Euskal Herrian barrena euskara astinduko duen AEKren lasterketa ibiltariak 19. edizioa izango du aurtengoa. Martxoaren 22tik 23rako gauean pasako da Goierritik, Legorretatik sartuko da 22:45ean eta Udanatik utziko du Legazpi 05:45ean. Bilbon emango diote amaiera martxoaren 29an. Euskahaldun! leloa dute aurtengo goiburu. «Euskal Herria euskalduntzeko norberaren eta taldearen ahalmenean sinetsi eta erabil dezagun ahalmen hori. Ahaldundu gaitezen euskararen eta euskalgintzaren egoeraz. Batu ditzagun nire, zure, haren ahalegin pertsonalak eta biderka dezagun gure ahalmena auzolanean».
Guztira 68 kilometroko ibilbidea egingo du Korrikak Goierrin. Iaz 200 eragilek erosi zuten euren kilometroa; aurten zenbaki hori berdindu edo hobetzea espero du Alaitz Imaz Goierri beheko Korrikaren koordinatzaileak.
Herriz herriz, asteak dira Korrika batzordeak martxan jarri zirela. Makinaria osoari hautsa kendu eta martxan jartzea izaten da kontua, herrietan urtez urte lanean aritzen diren ohiko batzordekide finak daudelako, Korrikaren alde euren aletxoa emateko prest. «Beharrezkoak dira» batzordeak Imazen hitzetan, oinarrizkoa Korrika egitasmoa Euskal Herriko txoko guztietara iritsiko bada. Guztira hemezortzi herri batzorde sortu dira Goierrin. Segurako, Urretxu-Zumarrago eta Zaldibiako batzordetako hiru kidek euren lanaren berri emateko tartea hartu dute Goiberrirekin.
Egiten hasi zenetik dabil Korrikaren bueltan Maixabel Telleria segurarra. Zortzi edo hamar bat lagun elkartzen dira taldean; izan dituzte lagun gutxiago elkartu dituzten urteak eta osasuntsu dabiltza aurten. Herriko elkarteetako eta taldeetako ordezkariak biltzen dituzten arren, talde irekia da. Ekitaldi berezia da Korrika Telleriarentzat: «Euskara indartzeko eta kalera ateratzeko egin beharreko ekitaldiak dira hauek. Gaur egun festa handia da guretzat baina benetan duten garrantzia eta esanahia eman behar diegu, euskara indartzea da helburua eta urte guztian zehar lan eta ahalegin gehiago egin beharko genuke zentzu horretan».
Festaz gain, Korrikak ekonomikoki duen garrantzia ikusita euskaltegientzat dirua biltzeko horrelako ekitaldiak antolatu behar izatea «tristea» dela dio Josune Begiristain urretxuarrak. «Tristea dena da euskaltegi bati laguntza emateko dirua biltzen aritu behar izatea. Erakundeek esan bai baina gero laguntzarik ematen ez dutelako da hori. Euskara gure hizkuntza, lehen hizkuntza izango bada, babesa eman beharko diogu». Zumarraga eta Urretxu batzorde berean biltzen dira. Euskararen inguruan aritzen diren taldeetako ordezkariak elkartu dira; ikastetxeetakoak ere bai. Josune Begiristain buru belarri aritzen da ekitaldiak antolatzen, kilometroen nahiz materialen salmentan. Euskarari bultzada ematea «ezinbesteko» ikusten du berak eta gustuko du Korrika. «Herriko kaleak astintzen ditu Korrikak datorrenean, euskararen festa handia da», dio.
Musika entzuten da
Herriz herriz, ekintzak antolatzen eta kilometro zein arropa salmentan dute erronka batzordeetako kideek. Ekitaldi ugari antolatu dituzte Seguran, esate baterako. Korrika Txikia egingo dute datorren asteazkenean, etxeko txikienek ere euskararen alde urratsak emateko aukera izan dezaten. Txokolate janarekin eta buruhandiekin borobilduko dute eguna. Igandean, martxoaren 22an, gauez iritsiko da Korrika Goierrira. Patata tortilla lehiaketa egingo dute iluntzean Seguran beste hainbat ekitaldiren artean. Herriz herri errepikatuko dira gisako ekintzak. Afaria egingo dute Ordizian, Legorretan, Gabirian, Mutiloan, Zaldibian… Musika, kamiseta salmenta, peto banaketa… goizaldean Korrika iristen den arte giroa mantentzea izango da helburua.
Berezia izaten da Korrika iritsi aurreko unea. Bat datoz horretan Maixabel Telleria eta Josune Begiristain. «Urduritasuna, ilusioa, poza… antzematen da jendearen aurpegietan», dio segurarrak. Iritzi berekoa da Jon Luloaga zaldibiarra ere.
Zaldibiatik ez da pasako Korrika, baina horrek ez ditu zaldibiarrak atzean utzi. Euren tartea izango dute lekukoari heltzeko Ordiziako Altamira inguruan. «Musika entzuten hasten da, badatorrela ez datorrela, azkar ote datorren, furgonetak, argiak, parera iristen denean abiatu, lekua hartu eta gozatu», dio Jon Luloaga zaldibiarrak.
Herritik pasako ez den arren, Zaldibia girotuko dute euskararen alde. Sei bat lagun biltzen ari dira Zaldibian. «Ardurak nahiko banatuta izaten dira, AEKtik martxan jartzeko deia iristen denean bakoitzak badaki nondik hasi», dio Jon Luloaga batzordeko kideak.
Urte osoko ahalegina
Euskararen alde , egun bakarrari begira baino urte osoan egin behar dela lana diote batzordekideek. Seguran Korrikaren bueltan biltzen zirenek osatu zuten, esate baterako, Hitz edo Irri euskara elkartea. Telleriak nabarmentzen du euskaraz 365 egunez aritzeko beharra: «Ohiturak alda daitezke, ohartu behar gara euskara zaindu beharrean gaudela, egunerokoa izan behar du euskararen aldeko lanak».
«Ahaleginak merezi» duela dio Begiristainek eta herritarrei Korrikan parte hartzeko deia luzatu die. «Euskaraz osasuntsu biziko garen eguna» iritsiko bada, indarrak batzeko gonbita egin diete goierritarrei herri batzordeetatik.
Korrika kulturala
Korrika Goierritik martxoaren 22tik 23rako gauean pasako bada ere, aurreko eta ondorengo egunetan hainbat ekitaldi antolatu dituzte herriz herri.
Arama
Martxoak 22: Afaria Toki-Alai tabernan, 21:00etan.
Ataun
Martxoak 12-29. Korrika logoen erakusketa Joxemiel Barandiaran eskolan.
Martxoak 15. San Gregoriotik abiatuta oinezko ibilbidea San Martinera. Ondoren mokadutxoa, arropa salmenta eta kuestazioa San Martinen, 11:00etan.
Martxoak 18. Korrika Txikia eta gero txokolate jana, 15:00etatik 16:00etara.
Martxoak 22. Talo jana pilotalekuan, 19:30ean.
Beasain
Martxoak 18. Korrika Txikia herrian zehar Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleekin, 10:30-11:30.
Martxoak 22. Arratsaldetik gauerdira, haurrentzako jolasak, bertso-triki poteoa eta musika plaza azpian.
Martxoak 26. Five days to dance Goieniz zine klubaren eskutik, 19:00etan eta 21:30ean.
Ezkio-Itsaso
Martxoak 23. Korrika Txikia.
Gabiria
Martxoak 14. Kuestazioa.
Martxoak 22. Afaria elkartean, 21:00ean.
Idiazabal
Martxoak 13. Plazan Erromeri Bira eta kuestazioa, 18:30ean.
Martxoak 22. Flash Moba Xapobixikoen gidaritzapean, 18:30ean. Kantu poteoa eta kuestazioa.
Itsasondo
Martxoak 18. Bideo emanaldia, 19:00etan.
Martxoak 22. Triki-poteoa herrian zehar 19:30ean; eta afari merienda, 21:00etan.
Martxoak 25. Korrika Txikia.
Lazkao
Martxoak 17. Korrika Txikia 15:00etan; Jolasak haurrentzat Maizpideren eskutik 16:30ean; eta Laburbira laburmetrai emanaldia Arerian, 21:15ean.
Martxoak 22. Peto banaketa, 12:00etatik 12:30era. Musika 22:30etik gauerdira.
Martxoak 24. Liluratura: Patxi Zubizarretaren 50 liburuaren literatur tertulia.
Martxoak 26. Bertso afaria Mintzalagunekin Maizpiden. Anjel Peñagarikano eta Jokin Uranga.
Legazpi
Martxoak 23. 05:00etatik 06:30era Korrikako parte hartzaileentzat txokolatea.
Martxoak 23. Korrika txikia. 15:30ean Goierri jatetxearen parean hasi eta 16:15ean udaletxe aurrean bukatu.
Legorreta
Martxoak 22. Korrika Txikia, afaria eta Korrika argazkia.
Mutiloa
Martxoak 22. Korrika Txikia eta afaria.
Olaberria
Martxoak 22. Afaria Arkupe Elkartean, 21:00etan. Ibon Magoaren ikuskizuna Arkupen, 22:45etik aurrera.
Ordizia
Martxoak 18. Eskualdeko afaria Plaza Nagusian 21:00etan. Afari ondoren, elkarteen lehiaketako sari banaketa. Ondoren, Igor Barrerosen kontzertua eta Amets Bidekoekin dantzaldia izango da.
Martxoak 22. Mokadua 19:30ean. Musika herrian zehar 21:30etik gauerdira arte.
Martxoak 23. Korrika Txikia 10:00etan.
Ormaiztegi
Martxoak 20. Iluntzean, Erdaldun berrien kluba antzezlana kultur aretoan.
Martxoak 22. Korrika Txikia.
Segura
Martxoak 14-15. Arropa salmenta eta kuestazioa eguerdian.
Martxoak 18. Korrika Txikia, txokolate jana eta buruhandiak, 15:00etan.
Martxoak 22. Patata tortilla lehiaketari hasiera emango diote 18:00etan; txorizo eta ardo dastaketa 18:30ean; sari banaketa eta pintxo jatea 19:30ean; karpa azpian elkartu eta txokolate beroa eta peto banaketa 01:30ean.
Urretxu-Zumarraga
Martxoak 13. Bertso txapelketa, 23:00etan, Motz tabernan.
Martxoak 21. Gymkhana Iparragirre plazan, 17:00etan. Parte hartzaileak puzzle bat eratzen saiatuko dira. Puzzlearen zatiak Urretxuko eta Zumarragako herrietan zehar egongo dira ezkutatuta.
Martxoak 23. 04:30etik 06:00etara Apatxe eta Motz tabernak zabalik egongo dira Korrikako parte hartzaileei txokolatea banatzeko.
Martxoak 23. Korrika txikia. 14:45ean Urretxuko kiroldegian hasi eta 15:30ean Zumarragako plazan amaitu.
Zaldibia
Martxoak 13. Bi Bala taldearen emanaldia antzokian, 22:30ean.
Martxoak 15. Dantzari Txiki Eguna, arropa salmenta eta kuestazioa.
Zegama
Martxoak 12-13. Arropa salmenta eskolan zein kalean, eta kuestazioa.