Tere Madinabeitia
Udaberria iristear da Idoia. Urteko lehen zizak ikusi nituen asteazkenean Ordiziako azokan. Eguzkiak bete betean jotzen du eguerdiko orduetan. Dendatako eskaparateak koloredun arropez bete dira. Gaur arratsaldean kafea hartzen ari nintzela kanpoko mahai gainak polenaz beteta daudela esan dit zerbitzariak. Kukua ere laister entzungo dugu. Ni dirua prestatzen hasi naiz dagoeneko, badaezpada poltsikoan txanponen bat edo beste eramateko beti. Ez dut nik gehiegi sinisten horrelako kontuetan, baina etxean beti esan da kukua lehen aldiz kantuan entzuten duzunean poltsikoan dirua baduzu, urte ona izango duzula aurretik diru kontuei dagokioenez. Ez da ezer kostatzen, eta nik, badaezpada, dirua ondoan!. Honen harira, lehengoan batek esan zidan ni zorteko izango nintzela kukua entzuten banuen, baserri inguruan bizi naizelako. Bera kalean bizi da, zelaietatik eta basoetatik ez oso urruti, baina bai, egia da, nik berak baino aukera gehiago ditut kukua entzuteko. Bizi naizen lekuan bizi naizelako. Ez nuke ezerengatik aldatuko gainera, eta deskuidoan inoiz etxetik mugitu beharra izango banu, ez al da gertatuko, Brinkola bezalako auzo batera edo herri txiki batera joango nintzateke. Kukua entzun ahal izateko.
Idoia Luzuriaga
Bai Tere, nik ere ikusi dut polena, udaberria badatorrenaren seinale eta izugarri pozten nau, nekea eta alergiak ere agertuko badira ere. Kukuari buruz, nik ere urtero entzuten dut eta etxean beti esan izan da diruaren kontu hori, baina nik ez daukat dirurik poltsikoan hirugunetik urrun nagoenean edo buelta bat ematera joaten naizenean, gutxitan eramaten baitut; hori izango da nire betiko egoera ekonomikoaren arrazoia, ezta? Hortaz, gutxiagorekin bizitzen edo gutxiago gastatzen saiatzeari ekin diot. Esaten dute ez dela aberatsagoa gehiago duena, gutxiago behar duena baizik. Eta nola egiten da hori. Agian munduko beste punta batean biziko bagina ez genuke hainbeste beharko, ez dakit. Aurreko batean, irrati tertulia batean musutruk lortzen denaz hitzegiten egon ziren. Eta kosta egin zitzaien kontsumorako edo bizitzeko horrela lortzen den zerbait aurkitzea (maitasuna, eta kontu horietaz aparte). Esperimentu zientifiko-filosofiko hori martxan jartzera noa: lehenik eta behin txanpon batzu poltsikoan ditudala kukua entzutera irten eta bigarrenik gutxiago gastatuta bizi. UsteGoiberri – sarean dut kukua entzutea lortuko dudala lehenago. Kontatuko dizut.