Aste Santua dator, eta horrek opor egun batzuk esan nahi du lan egiten duten ia guztientzat (lanik gabe dagoenak urte osoan du pasioa eta prozesioa bere etxean). Bost egun izan ohi da gutxienekoa, gehienetan; askok, astebete edo hamaika egun segidan, eta zorte handienekoek bi aste oso.
Halakoetan, kanpora joateko planak egin ohi ditu jendeak: Lisboa, Erroma, Paris, Amsterdam… Europa bisitatu nahi eta diru pixka bat edukiz gero. Mediterraneoa aukeratuko du eguzkia maite duenak, hemen baino eguraldi hobea topatzeko proportzioa dagoela-eta. Landak, Kantabria edo Asturia ere ez dira aukera txarrak, hain urruti joan nahi ez duenarentzat. Edo Euskal Herriko txokoak bestela, orain arte ezagutu ez edo etxekoei erakutsi nahi dizkiegunak: Zuberoako bazterrak, Añanako gatzagak, Karrantzako kobak…
Izango da, ordea, garraioak estresatzen duenik, turismo-lekuetako jendetzak atzera eragiten dionik, familiako ekonomian luxu txikienerako tarterik ez daukanik… Edo arrazoi berezirik gabe, etxean gustura egon eta mugitzeko gogorik ez daukanik (bidaiatzea sakralizatzearen ondorioetako bat da bidaiatzen ez duenak bere burua justifikatu beharra, besteek xelebretzat begiratuko ez badiote). Horientzat guztientzat, Goierrin bertan egiteko moduko plan sorta bat proposatu nahi dut.
Mendizaleak, noski, badaki Aizkorriren edo Aralarren berri, baina agian ez zaio bururatu Izaspitik Murumendirako bidea egitea, Goiko Goierritik Behekora. Paseo errazagoak maite dituenak, Lazkaomendi edo Larraitz izango ditu gogoan; beste aukera on bat, itsasorik ez dugunontzat, urtegi baten jira egitea izaten da: Lareokoa eder askoa da, Lizarrustitik bide zoragarria egin eta gero; Arriarangoa ere ondo polita, Basterretxearen monumentua ikusiz, bidenabar; Barrendiola Legazpin, edo Gipuzkoan egin duten azkena: Baliarraingoa. Seguru horietakoren bat ez duzula ezagutzen.
Museoren bat ikusi nahi duenak ere badauka non aukeratu: Zumalakarregi Ormaiztegin eta Igartubeiti Ezkion izango dira ezagunenetakoak; baina badira hain ezagunak izan ez eta bisita merezi dutenak: adibidez, Zumarragako Antion egin dutena (Antiok, bestela ere, beti merezi du, noski), Ataungo San Gregorion Barandiarani eta euskal mitologiari buruzkoa, edo Legazpin burdinari eta Chillidaren lantokiari eskainiak.
Orain arte leku politak gomendatu dizkizuet, gida turistiko bat banintz bezala. Baina salaketa eta suminerako ere erabil daiteke aukera: adibidez, Goierrin barrena Abiadura Handiko Trenak egingo duen ibilbideari segitzea. Gehiena lurpean doa, eta horko txikizioa ez da begi aurrean ikusten, baina agerian doan zatiei erreparatzea aski, negargura bularrean gora sentitzeko, naturarekio sentiberatasun apur bat edukiz gero. Halako dirutzak gastatuta gainera, eta inoiz amaituko den jakin gabe, eta martxan jarrita ere ziztuan pasatzeko, gelditu gabe…
Eta amaitzeko, galdetuko du baten batek: eta parranda egin nahi izanez gero? Adiskidea: parranda egitekotan, zeure buruarekin eta lagunekin moldatu beharko duzu, edo bestelako parajeetara joan, Goierrin horretarako txintxoegiak gara-eta, Aste Santuan behinik behin.