Gazterik hasi zen Joseina Etxeberria (Ataun, 1968) Gaztea irratian, orduan Euskadi Gaztea zenean. Irratiak mende laurdena bete du martxoan. Gaztearen ahots ezagunenetakoa da Etxeberria, gaztetasunaren eusle eta euskarri. Goierritar gehiago ere badabiltza gaur egun: Joseba Sacristan beasaindarra, Ainhoa Urretabizkaia urretxuarra… Edurne Garmendia ordiziarrarekin batera.
Gaztea irratiak 25 urte bete ditu. Zer burutapen datorkizu hori entzundakoan?
Nire bizitzaren erdia baino gehiago eman dudala irrati honetan. 21 nituenean iritsi nintzen, eta oraindik hemen jarraitzen dut. Lankide batek baino gehiagok oraindik ez dituzte 25 urte bete, eta haiek munduan baino denbora gehiago daramat nik irrati honetan. Ez da broma gero! Zer pentsatu handiak ditut egun. Sinesgarritasuna eta benetakotasuna asko baloratzen baititut, eta nik nire burua zahar ez ikusi arren, ez dakit benetako gazteek nola ikusiko nauten.
Irratia zer sasoirekin iritsi da mende laurdenera?
Sasoitsu iritsi dela esango nuke. Ia 130.000 entzule —nik ez dakit EITBk zergatik esaten duen 119.000—; lan giro onean, lankide ikaragarriz inguratua, gauza berri pilo bat buruan dituela… Nik Gaztea oso indartsu ikusten dut orain, eta benetan zailak diren garai berri hauei momentuz aurre egiteko intentzioarekin.
Zu hasieratik zaude Gaztean. Jaiotzen ikusi duzu gaur ‘gaztea’ dena. Zer bilakabide egin duela iruditzen zaizu?
Hasieratik nago, bai, 1989an egin ziren lehen proba haietatik. Asko aldatu dira gauzak. Irrati gazte eta erabat musikala izatetik, gazteei zuzendutako irrati oso izatera egin zuen salto duela urte batzuk. Musikaz gain informazioa, kultura, kirola, umorea, denborapasa… eskaintzera. Ibilbideak berak erakutsi digu beste norabide batzuk ere hartu behar genituela, eta nik uste apustuak onurak besterik ez dituela ekarri.
Zuen langaia musika da, orokorrean. Hori ere ederki aldatuko zen denbora honetan. Norantz jo du musikaren industriak?
Industria lur jota dago. Hein handi batean desagertua ere bai. Gehiegikeria asko egin izan ditu urte askoan, eta orain kosta egingo zaio horri buelta ematen. Diskoak ez dira saltzen. Kontzertuetara jendea ez da joaten. Musika batzuk inork ez ditu nahi, eta beste batzuk mundu guztiak nahi ditu… Batzuek esaten dute biniloaren itzulerarekin eta beste, baina nik hori anekdota hutsean utziko nuke, momentuz. Doan izan dezakezunagatik dirua ordaintzea ez da erraza. Industria jota dago, baina musika bizirik. Musika behar fisiko bat baita. Pertsona ezin da musikarik gabe bizi.
Eta Euskal Herriko musikari dagokionez, zer nabarmenduko zenuke?
Hemengo musikak aurrerapauso batzuk eman ditu, baina oraindik ere lotuta ikusten dut. Soka gehiegi ikusten ditut bere lepoan. Eta horretan herri honen tamainak eta egoerak du eraginik handiena. Gutxi gara, bai behintzat edozein musika mota egin eta bizitzeko adina publiko izateko.
Bizitzeko esaten dudanean, ez dut esan nahi hortik bizitzeko adina diru ateratzeko. Merkatu bat egiteko esan nahi dut. Berri Txarrak ahalguztidunak ere zenbat aldiz jo du herri, auzo eta areto berean? Horrek azkenean ito egiten zaitu. Musika osasuntsua egin ahal izateko, Espainiakoa ere merkatu txikia da, hortik atera kontuak! Hemengo egoera politikoa ere hala moduzkoa da. Itogarria. Horregatik esaten dut soka gehiegi dituela lepoan hemengo musikak.
Hizkuntza aldetik ere estilo bat sortu duzue. Zure iritziz, zer behar du Gaztearen moduko irrati batek, esatariaren partetik?
Eztabaida bat edo beste sortu dituen gaia da hori. Nik nire iritzia emango dizut. Guk euskaraz egiten dugu irratia. Hobeto edo okerrago, baina euskaraz. Badakit ez dela Euskadi Irratian edo ez dakit zein mediotan darabilten jasotasun berekoa. Badakit kalean oraindik euskaraz erabiltzen ez diren hitz eta esamolde batzuk guk irratitik txertatu eta bultzatzearen aldeko batzuk ere badirela. Eta nik hori ondo ikusten dut. Baina inor lehertu gabe. Ez diezaiogun urtean nik ez dakit zenbat uzta-aldi eskatu landare berari. Astoa ere neurri bateraino kargatu behar izaten da.
Guk dugun audientzia dugu, egiten duguna egiten dugulako. Guri ere entzuleak egitea beste edozeini adina kostatzen zaigu. Inork ez digu ezer oparitzen. Eta Gazteak eman dituen zenbakiak ez ditu euskaraz inork inoiz eman. Entzule gehienak euskaldunak dira, baina erdaldunak ere asko. Gutxi al da horiei egunero euskaraz aritzea? Haiek ez gaituzte behar, mundu osoa dute gure beharrik gabe. Gu gara haiek behar ditugunak!
Lehengo batean aditu batek zioen, euskal musikaren kasuan, Gaztean aditzen ez bada ez dela esistitzen. Aukeratzaile edo norabide markatzaile zarete?
Aukeratzaile bai, egia da. Baina hori da gure lana, ez? Guk kantuak aukeratu behar ditugu. Asko bai, baina denak ez dira kabitzen. Horrek ez du esan nahi musika hori txarra denik. Ez horixe! Guk ez dugu Lertxundi, Laboa, Zubiria edo Anestesiarik jarri izan, ez behintzat irrati formula deitu den horren baitan. Zergatik ez? Gure ustez, beste musika mota batzuk jartzeko gaudelako. Ez dago ez boikot, ez zentsura, ez bestelakorik. Aukeraketa, besterik gabe.
Ez dut uste norabiderik markatzen dugunik. Eta ez nuke markatu nahi, gainera. Musikari bati utzi bakean eta aske. Ahal dela lagundu, eta, ezin bada, oztoporik ez jarri. Baina ez guk, eta ez beste inork! Guk, ahal badugu, lagunduko dugu.
Ni urte askoan egon izan naiz Gaztean musika aukeratzen, baina orain ez. Baina ados nago lankideek egun egiten duten aukeraketarekin. Osotasunera ez gara iristen, baina inor gutxik ematen du gure aniztasuna.
Joseina ataundarrak, pertsonak, zer musika entzuten du? Eta zer euskarritan?
Denetarik. Pop eta rock asko. Barrokoa ere oso gustuko dut, jazza ere bai. Musika elektronikoa, dantza-musika… Eta euskarria? Digitala, eta konprimitu gabea ahal bada. Audiofilia asko interesatzen zait. Oso maniatikoa naiz horretan.
Musika edonorako eta edonoizerako da? Ala bere momentua eta tokia behar ditu?
Musikarik gabe ez dago ezer.
Momentu honetan 15 lagun gara, gutxi gora-behera. Horietatik bi Goierrikoak, Joseba Sacristan beasaindarra eta biok. Baina aurretik ere izan ditut lankide goierritarrak: Joxan Arratibel, Idoia Baztarrika, Maite Goñi, Mikel Apaolaza… Asko estimatzen ditut denak. Batzuekin bizipen ahaztezinak ditut. Malkoak mugitzen dizkidate. Nik 25 urteak egingo nituen, baina horiek ere denak dira ni adinako Gazteak.