Euskal Herriko Itzulian goierritar askok laguntzen dute, boluntarioki. Gidari, epaile, antolatzaile… dira.
Txirrindularitza profesionaleko probek giro berezia sortzen dutenik ezin da ukatu. Zumarragan bi egunez izan dute World Tour maila goreneko martxa ikusteko aukera. Euskal Herriko 55. Itzuliaren 3. eta 4. etapetan, bukatu egin da batean, irten bestean.
Datuak ikusgarriak ditu probak: 19 talde zortzina korredorerekin; ekipo bakoitzak bi autobus, lau kotxe karrerarako, furgonetak eta kamioiak; baimendutako 200 bat ibilgailu, tartean antolakuntzaren 22 auto eta 50 moto karreran; bi helikoptero; Ertzaintzaren 30 moto eta lau ibilgailu…
Makinaria hori guztia erabiltzeko, ehunka lagun mugitzen ditu Itzuliak. Goierritarrak dira asko. Lanetik oporrak hartu, eta boluntario gisa aritzen dira, sei egunetan. Ezinbestekoak dira.
Zuzendaria eta epailea
Beharra zegoenean eta astia zeukanean lehendik ere parte hartzen bazuen ere, azkeneko hiru urteetan Juan Luis Juarez lazkaotarra buru-belarri dabil Itzulian. Antolakuntza taldeko kide da, Organizaciones Ciclistas Euskadi erakundean. Itzuliaren zuzendari teknikoa da.
«Ibilbideetan kontrakotasunak edo sor litezkeen arazoak ikusten aritzen gara, ziklisten segurtasunerako konpontzeko. Bestetik, karrerako azpiegitura guztia lortzen dugu: babesleak, etapa bukaerak eta hasierak… Langintza gehiena Jose Luis Arrietak [zegamar jatorrikoa] du bere gain, baina denok bere eskura gaude», dio Juarezek.
Aurten, Bilboko eroriko larria «gertaera desatsegina» izan zela dio. «Baina gainontzean normaltasun guztian doa, beti bezala. Eta, kirol arloan, bikain», zioen Zumarragan.
Txirrindularitza munduko beste pertsona garrantzitsu bat ere inguruan dabil, telefonoa eskuan. Jose Luis Sanz ordiziarra. Ordiziako Klasikoa antolatzen 51 urte darama, eta Itzulian 40. «Eskualdeko epaile gisa hasi nintzen. Gero, ekipoen kotxeetako epaile. Izan ere, lehenago komisario bana joaten zen taldeen kotxeetan».
UCIren nazioarteko epaile izana da, 2013an utzi zuen arte (65 urte bete zituelako). Itzuliaren aholkulari teknikoa ere bada, duela 25 urtetik. «Jaime Ugartek hartu ninduen lan horretarako, eta hor dihardut».
Gidariak, lazkaotarrak
Lazkaotar gehiago ere badabiltza. Bederatzi bai. Gidariak dira denak: Martin Zabala, Andres Aizpurua, Adolfo Diez Navarro, Patxi Lasa, Xeber Irastortza, Gurutz Altuna, Juanjo Arratibel, Gregorio Carrion eta Pontxito.
Antolakuntzaren autoetan kronometratzaileak, epaileak, komisarioak eta antolatzaileak eramaten dituzte, karreraren erdian. Patxi Lasak, adibidez, 16 urte darama zeregin horretan. «Goierrikoak asko gara hemen. Txofer ibiltzen gara».
Martin Zabala «hesiak jartzen» hasi zen, laguntzen. «Gero txofer. Datorren urtean zuzendari nagusi ipiniko gaituzte», dio, barreak eraginez. Radio Tourra eraman izan du, baita erratza ere. «Oporrak eskatu lanean, eta hona. Besterik ez dago. Ondo, primeran ibiltzen gara», dio Zabalak.
Lazkaoko elkartetik joaten dira. Andres Aizpuruak bi urte darama. «Jendeak asko laguntzen du Itzulia. Goierrin indar handiagoa dago, eremu honetan sendoagoa da laguntza».
Beste gidari bat Xeber Irastortza da. 1996an hasi zen Itzulian. UCIren nazioarteko komisarioa eramaten du. «UCIko hiru epaile etortzen dira, nik bat eramaten dut. Karrera erdian joaten gara, eta tentsioa izaten da. Baina, gustuko tokian, gainditzen dira. Lehen lerrotik ikusten ditugu ziklistak, baita karrerako mundu hori dena ere. Mundu polita da».
Gidarien kasuan, denek diote tropelaren erdian joatea tentsio handiko lana dela.
Bestela ere denetik jasan behar izaten dute. Sosik kobratu gabe, afizio hutsez eta opor egunak baliatuz ibili arren, ikusle batzuek egundokoak esaten dizkiete: «Jende asko dagoen lekuetan ezin da leihoa irekita eraman. Zigarrokinak bota izan dizkigute kotxe barrura, ‘putakumeak’ eta ‘bizizaleak’ oihukatu…», dio Zabalak.
«Autoarekin non joaten zaren, txirrindulari gutxi ikusten duzu. Nik kronoa daramat» Martin Zabala, gidaria
«Goierrin indar handiagoa dago, eta jendeak inguru honetan fuerteago laguntzen du» Andres Aizpurua, gidaria
«Antion oso gaizki pasatu genuen guk ere, gidariok. Ezin ireki jendea, gelditu ere ezin…» Patxi Lasa, gidaria
Itzuliko irratia eramanez
Mundu txiki bat da bere baitan Itzulia. Sei egunez azpiegitura ikaragarria mugitzen dute. Irrati bat ere badu, Radio Tour, barne kontuak zabaltzeko eta informazioa une berean denek izateko. Luis Mari Perez urretxuarra da Radio Tourraren gidarietako bat. Atze-atzean ibiltzen da karreran, hondarreko ziklistaren denbora igortzen.
«Mendiko pasaeren denborak bidaltzen ditugu, azkena pasatu den txirrindularia non doan jakiteko. Epaimahai teknikoko buruari deitu, eta azkenaren erreferentzia ematen diogu. Horrela, karrera osoak zer distantzia hartzen duen kalkulatzen da. Lanak oso zehatzak eta banatuak ditugu».
Duela 14 urtetik dabil Itzuliarekin. Urretxu aldean, ekitaldi askoren perrexila da. Antolatzaile eta langile fina. Epaileak aireportutik ekartzen ditu, eta gero eraman. Egunerokoan, anbulantziako txoferra da.
Agintariak ere bai
Zumarragan, 4. etaparen irteeran, txirrindu giroa berotzen ari da. Agintariak hasi dira iristen: Mikel Serrano alkatea udaletxerantz pasatu da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari Asier Sarriegi lazkaotarra etorri da, Kiroletako zuzendaria.
«Esaten didatena egingo dut. Giroa ikusteko asmoarekin etorri naiz; antolakuntzakoekin egon, denetik pixka bat». Urte hasieran erabakitzen dituzte bi aldeek diru kontuak eta bestelakoak, eta «garbi» gelditzen dira gauzak.
«Itzulia izan da betitik Euskal Herriko proba garrantzitsuenetakoa. Gainera, gure paisaia eta gure egiteko erak beste leku askotan saltzen ditu, toki askotan ikusten baita karrera hau. Aldundian beti egon gara karrera honekin, eta hala jarraitzeko asmoa dugu». Euskal Telebistaren irudiak Europa osoan ikusten dira. Eurosport kateak, adibidez, zuzenean ematen du.
Motozaleak, ezinbesteko
Autoen txofer lazkaotarrek behin eta berriz esan dute motozaleak ere asko direla goierritarrak. Haiekin ere hitz egiteko. «Orain hamaiketakoa egiten ari dira», zehaztu dute.
Zalaparta bizitu denerako, zintzo agertu dira motozale goierritarrak, ilara burrunbatsuan, irteerara. Zazpi laguneko taldetxoa osatzen dute: bi erregulatzaileak dira, eta besteak komisarioekin joaten dira. Denera, 50 mototik gora dira, loturak barne.
Joxe Mari Zabaleta zegamarra (1990ean hasi zen) erregulatzaile da. Karrera barruko ‘trafikoa’ ordenatzen du. «Helmugetan zein zer posiziotan iristen den kontrolatzen dugu. Tarteko helmugak eta mendikoak ere hartzen ditugu».
Josu Zabaleta zegamarrak 10. Itzulia du. Motozaletasuna eta txirrinduzaletasuna uztartzen ditu, astebetean. Donostiako eta Ordiziako klasikoak ere egiten dituzte motozaleek.
«Guk atzean epailea eramaten dugu. Komisario bat eramaten dugu, eta bakoitzak lan bat dauka», dio Josu Zabaletak. Kotxeak aurreratu, lasterketako autoak erregulatu eta ordenatu, kazetariak arrastoan mantendu, iritsierak antolatu… Ez dute atseden handirik.
«Motozaleak gara, baina gu hona lanera gatoz», zehaztu du Martin Urkiola beasaindarrak. 1985ean egin zuen lehenengo Itzulia. Txantxa gutxi izaten dela karreran, alegia.
Normalean, Itzuliarekin batera igarotzen dute aste osoa (6 egun dira). Hoteletan lo eginez, lagun artean afalduz. «Gure artean ondo konpontzen gara», diote ahobatez.
Zumarragan bezala etxetik gertu bukatzen denean, etxera erretiratzen dira. «Bestela, etapa osoa bukatu, eta egin itzazu beste 80 kilometro etxeraino, goizean berriz joateko. Nekagarria da», dio Urkiolak.
Kontatzaileen ahotsa
BMC Racing Team taldearen autobus dotorearen kanpoan dago Fermin Aramendi kazetari ataundarra. Idoloekin argazkiak atera nahi dituzten zaletuen artean nahastuta, Samuel Sanchezen zain dago bera ere. ETB1en Itzuliaren zuzeneko kontakizuna egiten du, arratsaldero. Baina baita irteeran elkarrizketak eta albistegietarako konexioak ere. Euskal irrati-telebista publikoko ziklismo adituetako bat da. Euskadi Irratian, berriz, Joxe Mari Apaolaza lazkaotarra da ahotsa.
«Aspaldiko!» euskaraz esanez kasu egin dio Sanchezi, hura eskaileratxoetan behera agertu orduko. Zuzenean beregana jo du BMCko asturiarrak.
Aramendi 1986ko Itzulian hasi zen, esatari. «ETBn helikoptero istripu bat izan genuen, eta han zihoan lankidearen ordez hasi nintzen. Geroztik hemen nabil». 1989ko urtea Euskadi Irratian egin zuen.
«Denboraldi guztia igarotzen dugu honetan murgilduta. Aste hau, Itzuliari segika», dio.
Mundu erraldoia bai, baina iheskorra ere bada Itzulia. Hasi da 4. etapa, alde egin du prozesioak Zumarragatik. Taldeen autobusek jaso dute egun bateko kanpalekua. Ordubetean, plazako hesiak ere kendu dituzte. Beste herri batera doa zirko mugikorra. Amets gehiago piztera, lilurak asetzera, ikuskizuna ematera. Eta, tartean, bakoitza bere funtzioan murgildurik, zaletasun duten txirrindularitzari musutruk arima eskainiz, goierritar multzoa.
Juan Luis Juarez, zuzendari teknikoa
«Txirrindularitzan, azken aldian lizentzia kopurua egonkortu da. Baina beste federazio eta herrialde batzuekin alderatuta, nahiko ondo gaude Gipuzkoan. Ondotxoena bai. Antolakuntzari dagokionez, Gipuzkoan eta batez ere Goierrin bikain gaude. Martxotik irailera asteburu guztietan dauzkate probak ziklistek». «Itzulia oinarriko jendea baliatuz egiten da. Asko laguntzen dute. Ataunen, atzo, hango bidegurutzeak ataundarrek itxi zituzten. Itzulia denon proba da».
Luis Mari Perez, gidaria
«Laguntza badago jende aldetik. Aurten, Zumarragako Udalaren bidez, Goierri elkarteari 20 laguntzaile eskatu zizkiguten, eta 28 aurkeztu ziren. Azken 50 kilometroak antolakuntzak bete ditu». «Hala ere, gazteak ez dira animatzen. Zenbat kobratzen den galdetzen dute, lehenengo gauza. Hori jarduera guztietan pasatzen da. Jendeak esaten du: ‘Honek aterako dik zerbait hemendik’. Bai, disgustuak. Hemen denak boluntarioak gara. Parte hartzea gustatzen zaigu».
Asier Sarriegi, Aldundiko zuzendaria
«Txirrindularitza pixkanaka beheraka doa, tamalez. Bai federatu aldetik —umeak ez dira hasten, nahiz eta arrazoiak zein diren ez dagoen garbi—, bai boluntario aldetik. Boluntario falta kirol guztietan eta leku guztietan da, gainera. Goierrin, suerte onez, oraingoz boluntario maila hori mantentzen ari da. Lanean doan oraindik jende asko ibiltzen da. Horrek mantentzen ditu Itzulia bezalako probak, antolakuntza on batekin. Bestela, karrerak eutsi ezineko kostuetara joango lirateke».
Josu Zabaleta, moto gidaria
«Gustatzen zaigu motoak ibiltzea, alde batetik. Eta, bestetik, txirrindularitza. Bi arloak uztar ditzakegu Itzulian. Oporrak hartzen ditugu lanean. Gero, jada taldetxo bat daukagu eginda, eta gure artean hitz egiten dugu aurretik: nor joan daitekeen, nork ezin duen… Ondo konpontzen gara». «Nekatuta bukatzen dugu. Karreran tentsioa egon ohi da: korredore eta kotxe artean, ‘joan hadi aurrera’, atzera… Bai, nekatu egiten zara. Baina gustura».
Fermin Aramendi, kazetaria
«Urte batzuk badaramatzagu Itzulia kontatzen, 1986tik. Irteera aurreko elkarrizketak egiten ditugu, goizean. Gero, irratiz edo barne lineaz lasterketa nola doan jarraitu, helmugara iritsi, albistegietarako konexioak egin, eta ia zuzeneko emankizunerako prestatzen gara, bukatu arte». «Denboraldi guztia txirrindularitzan murgilduta igarotzen dugu. Itzuliari segika. Nahiz orain ez garen joaten, 21 urte egin ditut Tourrean. Gustatzen zaigu, eta eskerrak. Bestela, hau eramaterik ez da».
Jose Luis Sanz, aholkulari teknikoa
«Txirrindularitza pozoina bezalakoa da. Sartzen bazara, ezin duzu irten. Ordiziako Proba antolatzen dut, eta aitari laguntzen hasi nintzenetik 51 urte dira. Noski, uzteko eguna iritsiko da, normala da. Nazioarteko epailetza utzi nuen bezala». «Gertatzen dena da, atzetik ez dugula gazterik ikusten, antolatzen edo laguntzen sartuko denik. Hori falta da. Hutsune hori nabaritzen da. Guk ahal dugun artean segiko dugu, eta ezin dugun egunean, etorriko dira ordezkoak».
Xeber Irastortza, gidaria
«Itzulian hogei aldiz ibili naiz. 1996an hasi nintzen, eta harrezkero urtero. Nire lana nazioarteko komisarioa eramatea da, autoan. UCIkoak hiru epaile etortzen dira, eta horietako baten txofer aritzen naiz». «Tropelaren erdiko saltsa horretan tentsioa izaten da, baina gustuko tokian gainditzen dira. Ziklistak bakarrik ez, karrerako mundu hori dena ikusten dugu; polita da. Gustatzen zaigulako etortzen gara, oporretatik aste bat ‘sakrifikatuta’.»
Martin Urkiola, moto gidaria
«Gu lanera etortzen gara. 1985ean hasi nintzen, eta ordudanik ia urtero izan naiz. Bi-hiru urte egon naiz etorri gabe. Itzulian sei egunak egiten ditugu, gero Donostiako Klasikoa eta Ordiziako Klasikoa ere bai. Moto gainean bost ordu ibilita, gelditu gabe, azkenean nekatzen gara».
«Urtetik urtera denetik pasatzen da, hainbeste urtean: euria, kazkabarra, elurra… Goiean hotelean jaiki, eta elurra ere tokatu zaigu. Orduan, neutralizatuta 30 edo 40 kilometro joan behar… Denetik».