Elikagaien eta energiaren arteko lotura egiten dutenentzat, neguan bildutako energia pisutsua eta trinkoa arintzeko sasoia da udaberria. Urtaroen data zehatzetara lotu gabe, elikadura naturaren erritmora aldatzea aholkatzen da.
Udaberria da. Urtaro bakoitzak energia aldetik aldaketak eragiten ditu. Neguak, esate baterako, beroa eskatzen du. Berotasuna elikadurara eraman daiteke jakiak luze egosita, kalabazaren edo azenarioaren gozo naturala baliatuta edo ongailu gazien erabilera areagotuta. Lurrak zerbaitegatik eskaintzen ditu kalabazak neguan. Hori da, hain zuzen, garaian garaiko produktuen kontsumoaren logika. Izan ere, lurrak badaki zer eman sasoi bakoitzean.
Negu gorriaren amaieran, baina, gorputzaren leihoak irekitzeko aroa iristen da eta, baratzeek ematen dutena aintzat hartuta –porruak, tipula berriak, zerbak–, elikadura arintzeko unea da. Arintze hori egosketa denborak murriztuta, gazia urrituta eta zaporeen artean garratzak aukeratuta egin daiteke. Horrez gain, adituek eta aspaldiko tradizioek ere, arazketa aro gisa hobesten dute udaberria.
Baraualdiak egiteko era ezberdinak daude: astebete edo egun bakarrekoak egin daitezke
Mikel Munduate Urretxuko Belar-zain belar dendako ugazaba da, eta arazketa egiteko moduen artean baraualdiak dieta jakinak baino baliagarriak direlakoan dago: «Osasun ona izanez gero, aldaketa egiteko eta kontzientzia egiteko balio dezakete. Baraualdia egiteko udaberria oso egokia da». Medikuntza txinatarraren oinarriak gogora ekarri ditu Munduatek: «Udaberria gibelaren eta besikularen urtaroa da. Gibela gure gorputzak duen garbiketa egiteko organoa da, horrenbestez, txinatarrei kasu eginda udaberria da garbitzeko garai onena».
Baraualdi ezberdinak
Baraualdiak egiteko era ezberdinak daude. Astebetekoa egin daiteke sirope jakinak edanda soilik, era arinagoak ere badaude aukeran. Munduateren esanetan, «astean behin gorputzari deskantsua eman, eta garaian garaiko fruta bera janda egin daiteke, edo infusioak bakarrik edanda».
Gizakion jardunak ez ditu urtaroak bereizten, «udan zein neguan astean zehar topera gabiltza eta asteburuari ere zuku guztia atera nahi diogu; gorputzari arnas gutxi ematen diogu. Aitzitik, halako batean, gorputzak geratu arazi egiten gaitu. Gorputzari entzutea da inportanteena». Makalaldiek jo aurretik, sintoma txikiei kasu egin beharko geniekeela dio.
Negutik udaberrirako trantsizioa agerikoa da azoketan, eta eskaintza bestelakoa da jada euriak eta kazkabarrak Goierriko baserritarren udaberriko uztak urritu baditu ere.