Orain 100 urte jaio zen, maiatzaren 3an, Gurutz Sarasola “Lotsati” Itsasondon. 20 urte zituela Donostiako Urumea errekara begira dagoen zubi batetik behera bota zuen bere burua, maiteminak jota.
Arbel negozioaren esparruan aritzen zen Sarasola familiako semea zen Lotsati. Bederatzi anai-arreba izan ziren guztira. Lekarozko Eskolan (Nafarroa) batxilergoa ikasi zuen Sarasolak eta merkataritza ikasketak egin zituen ondoren Donostian. Arbelera zuzendutako urratsak eman zituen, horrenbestez. Edonola ere, euskara ikastea eta lantzea ipar hartu zituen eta makina bat lan idatzi zituen Donostiako El Dia egunkariaren euskal orrietan; guztiak Lotsati ezizenarekin sinatu zituen. Lan horiek dira, hain zuzen, gerora berreskuratu ahal izan direnak.
Ibon Sarasolak kontatua du ez zuela Lotsatiren berri Koldo Mitxelenak haren poema bat erakutsi zion arte. Poemaren literatur baliotik harago, 36ko gerra aurreko euskal poeten moldeak apurtu izanari erreparatu zion Sarasolak: «Argi zegoen mamiaren aldetik garaiko poemagintzan zeharo arrotz gertatzen zen pentsamolde bat adierazten zuela».
Izan ere, gerra aurreko euskal poeten ortodoxia katolikoak goitik behera eta erabateko abertzaleak izan ziren topikoak asko du egiatik. Lotsatiren lana topiko horretatik urruntzen da, Lotsatik maitasunari idatzi zion, maitasun gordin, latz eta gogorrari: Eriotzak kenduko digu betirako elea/ta alkar ikusteko mendea/Beti betirako, ene maitea!/ Beti betirako, ene maitea!/Oldozten det, oldozten det au maiz/Ta erotu bearrean jartzen naiz. Irreberentziatik ere badute bere idatziek: Au egin bear dezula ta/ura egin bear dezula ta/papera atera bear dezu/ta papera atera bear dezu./ Zera… garbitzeko ere/papera atera bear dezu!!! Bere poemak armiarma.eus atarian irakurri daitezke.