Ezaxola begiratu dio egutegiari Mikelek, langabezian geratu zenetik egun guztiak berdinak baitira beretzat: beltzak, tristeak. Duela bederatzi hilabete, krisiaren eraginez, ekoizpena jaitsi, eta itxi egin zuten lantegia; alegia, bere diru iturri bakar eta betiereko ustezkoa. Harrezkero, itota bizi da; munduaren ezin ulertuan itota. Argia ia luxu bihurtu da berarentzat, eta premia-premiazkoa denean baino ez du pizten. Argi parean eskuak jarri, eta itzalekin irudiak egin eta amesteko zeukan ohitura eder hura ahanzturan galdu zaio. Orain, bizimodu duin batekin egiten du amets; esna egin ere. Ez du inoren kalterik nahi, bere ongizatea besterik ez du bilatzen. Laguntzak, beldurra, etorkizuna eta iraupena dira bere hiztegiko hitzik erabilienak.
Urduritasunez begiratu dio egutegiari Gaizkak. Hurbil da urteko bere egunik gogokoenetako bat: bere idealen eta helburuen magala, bere erronka pertsonalaren ardatza. Sindikatu bateko ordezkaria da, eta urte osoan dihardu jo eta su lanean egun berezi horretarako ekintzak eta asmo akuilatzaileak prestatzen. Argi printzatzat jotzen ditu adierazpen askatasuna zein erabakitzeko eskubidea, eta lan baldintza egokien bila borrokatzeko prest dago beti. Langile oro defendatzen du, bere burua ere langileen zakuan ikusten baitu. Prekarietatea, borroka, mobilizazioa eta irtenbidea dira bere hiztegiko hitzik erabilienak.
Irrikaz begiratu dio egutegiari Julenek. Aurten, ostiralarekin tokatu da, eta jaieguna ezin hobeto datorkio asteburu luzetxo bat antolatzeko; urtean mordoxka izaten dituen horietako bat, hain zuzen. Enpresako beste ur handiko arrain batzuekin joango da uharte galduren batera, arrantza egin, eta soinean arropa gutxi daramaten emakume exotikoek prestatutako edari gozoak hurrupa txikiz edatera. Luxua nonahi. Era guztietako argiak ditu gustuko: neoizkoak, batez ere. Baina sekula ez da arduratu argiek eragindako kostuaz. Bost axola berari gainerakoak zer egoeratan dauden. Kostata lortu du dagoen tokira iristea, eta ez du atzera begiratzeko inolako asmorik; ez horixe! Behean daudenei goitik so egoteak ez dio zorabiorik eragiten, azala gogortua baitauka honezkero. Goi maila, boterea, dirua eta agintea dira bere hiztegiko hitzik erabilienak.
«Argi printzatzat jotzen ditu adierazpen askatasuna zein erabakitzeko eskubidea»
Maiatzaren Lehena dugu, Langileen Nazioarteko Eguna. Egun hori II. Internazionalak aldarrikatu zuen formalki aurrenekoz Parisen, 1889. urtean. Hiru urte lehenago, berriz, sindikalista anarkista batzuek zortzi orduko lanaldia eskatzeko greba egin zuten Chicagon; matxinada, hildakoak eta epaiketa ekarri zituen. Langileen eskubideak eskatzeko ez ezik, Chicagoko martiriak omentzeko eguna ere ba omen da.
Mikelek urrunetik begiratuko die maiatzaren 1eko manifestazioei. Gaizka agerraldietako batean eramango duten pankartari helduta joango da. Eta Julenek ez-ikusiarena egingo die gertaerei, eskuen artean izango duen kopatzarreko edariari alde batera eta bestera eraginez… bere ekintzen ondorioz, nola Mikel hala Gaizka edaria bezalaxe dilindan dabiltzala ohartu nahi izan gabe.