Jon Artola
Agian Einsteinek denbora laugarren dimentsioa zela frogatu berritan argi izango zuten denboran, beste dimentsiotan ez bezala aurrera eta atzera joaterik ez zela izango. Baina gaur egun behintzat, hori ezin onartu dabil jendea (emakumeak gehienbat) termodinamikaren legeei ixkin egin nahian. Estetika zentruetara joan besterik ez dago adibidez, norberaren aurpegia 20 urte gaztetzeko! Nahiz eta dena esan behar bada, batzuetan emaitzak denbora bidaia baino, hurruneko unibertso batetatik itzulitakoaren itxura handiagoa izan.
Emakumeen kanpo itxuran soilik eta obsesiboki arreta jartzen duen gizarte baten emaitzarik krudelenetakoa batzuen ustez. Emakumeek beraien gorputz eta diruarekin askatasun osoz nahi dutena egin dezaketenaren adibide besteentzat (Ipar Amerikako Estatu Batuetan batez ere. Mexikon ez, bestean). Adibide zerrenda luzera Uma Thurman ere ia gehitu genuen Mikel, azkenean berea makilaia kontua besterik ez zela izan aitortu zuen arte. Aldaketa iragankorra alegia, Photoshop analogikoa. Hura lasaitua e Mikel? 😉
Baina, aldaketek denboran duten iraunkortasuna al da konturik garrantzitsuena? Edo Beyoncé eta Shakiraren azal zuritu eta ile hori lisatuek zerbait gehiago ere esaten digute? Bisturi kultural bat ere existitzen dela?
Mikel Alvarez
Emakumeak jarri dituzu zure hausnarketaren xedean Jon, baina onartuko dizut hala irakurtzean ez naizela eroso sentitu zuren planteamenduarekin. Emakumeena baino gizartearen arazo oso larri baten aurrean gaudela iruditzen zait eta emakumeek (beste hainbat gauza bezalaxe) gu baino gehiago pairatzen dutela uste dut. Ez dut uste emakume horiek beraien erabakiz hartzen dutenik presio gogor hori bizkar gainean eta bai ordea, gizarte osoak (emakume zein gizonezkoek) modu aukeratuan jartzen duela labana emakumeen txitxi zein zimurretan eta ez gizonezkoenetan.
Estatu Batuetako telesailak ikustea besterik ez dago kontu hau gaixotasun bilakatzen ari dela ziurtatzeko. Batzuek askatasunaren lorpena dela esango dute baina bere itxurari lotua bizi dena nekez izango da sekula aske. Konbentzimendu osoz esango dizut edertasun handiena norberaren gorputzarekin gustura egotea dela eta baten batek esango du, erraza dela hori esatea nire fisiko ikusgarriarekin (aizue, ba bere lana kostatu zait).
“Hau flipatua dago…” Zer? Aizu, ba ni gustura bizi naiz nire txitxiekin eta zu ere ispilura begiratuko bazina irakurle maite hori, konturatuko zinateke zu ere ez zarela Jon Kortajarena. Eta hori da arazoa, gizonezkoei barkatzen dizkiegula emakumeei barkatzen ez zaizkienak. Eta horri gainera bisturi kulturalak gehitzen badizkiegu… Buufff… Zenbat lan egiteko Jon.