BCCko bost ikasle burubelarri ari dira lanean Oiangun, bertako jatetxea datorren astean zabaldu ahal izateko.
Su geldian denbora luzez prestatutako proiektua lapikotik ateratzeko prest dago. Izan ere, azken ukituak eman eta martxan hastea besterik ez zaio falta Oiangu jatetxeari. Ordiziako Udalak eta Basque Culinary Centerrek hala hitzartuta, unibertsitate ikasketak bukatu dituen lehen promozioko bost ikaslek hartuko dute jatetxea kudeatzeko ardura. «Gogoz eta ilusioz» ekin diote lanari, eta jatetxearen ateak zabaltzeko «irrikitan» daudela diote.
Lantalde gaztea eta anitza osatu dute. Hiru euskaldun, katalan bat eta galiziar bat daude tartean. Ander Etxebeste, Iñaki Telleria, Ander Diaz, Ferran Pont eta Tomé Mariño dira boskotea osatzen dutenak. «Talde lan asko egingo dugu, baina espezializazio ezberdinak ditugu eta bakoitzak bere ardurak dauzka». Egitasmo honen berri izan zutenean, «oso proiektu potentea» iruditu zitzaien, eta ez zuten zalantzarik egin, «bostak buru-belarri» sartu ziren.
Eskenatokia ere paregabea da. Oiangu jatetxea, Ordiziako Oianguren parkean dago, izen bereko baserrian. Urte askoan jatetxe moduan erabili izan da, baina BCCrekin egindako hitzarmenak, beste dimentsio bat eman dio orain. Ander Diezek azaldu duenez, «Euskal Herrian garen modukoak izanda, gure izaerarekin oso bat dator.
Baserri bat da, eta gure filosofiarekin bat egiten du». Eraikinak berak ere «aukera ugari» eskaintzen dituela uste dute. Sukaldariak eurak ere, bertan biziko dira. «Egunero bista hauekin esnatzea, arbolaz inguratuta, lasaitasun honetan… denek ez dute horrelako aukerarik». Baserriaren atzealdean, baratze txiki bat ere jarri dute dagoeneko.
Izan ere, bertako kulturan eta produktuetan oinarritutako sukaldaritza egin nahi dute. «Gehienbat sukaldaritza tradizionala da, baina leku askotakoa, eta beti beste ukitu bat emanda. Baina zentzu horretan nahiko tradizionalak gara».
Denentzako eskaintza
Egin nahi duten sukaldaritza mota ez ezik, jendeari zer eskaini nahi dioten ere argi dute. Diezen esanetan, «bi eskaintza egongo dira, nahiko bereiztuak. Batetik tabernako aldea egongo da; bertan, ogitartekoak, kazuelitak eta eguneko platerak eskainiko ditugu». Tabernako gunean mahai luzeak jarriko dituzte, «konpartitzeko espazio bat» izan dadin. Jendea elkarren ondoan eseri eta janaren bueltan hitz egin eta integratzea lortu nahi dute. Bestetik, «karta ere egongo da, jatetxeko aldean. Karta laburra izango da, eta denboraldiaren edo eskuartean ditugun produktuen arabera, aldatuz joango gara».
Horrez gain, astean zehar eguneko menua ere eskainiko dute. «Menu normal bat, baina teknika erabilita». Ander Etxebestek azaldu duenez, «Inguruko jendearentzako menu bat izatea nahi dugu. Ze hemen langile asko dago, ikasleak ere bai… inguruko jendeak menu bat jateko beste aukera bat izan dezan».
Eskaintza hori osatzeko, kanpoko tabernatxoa ere izango dute, «eguraldi ona egiten duen egunetarako». Bertan, batez ere, parkera doan jendeari begirako eskaintza jarri nahi dute. «Batez ere oilasko erreak, kroketak eta horrelakoak izango dira. Nahi duenak bere mahaira eraman eta han jateko aukera izango du».
Herriak emandakoa itzuli
Oiangu jatetxearen ardura hartu duten bost gazteek, garbi dute «herriak emandakoa herriari itzuli» behar zaiola. Diezen hitzetan, «jatetxea izateaz gain, hau herriarentzako toki bat izatea nahi dugu. Horretarako pentsatu dugu kontzertuak, tailerrak, katak, eta abar egitea». D’Elikatuz zentroak antolatutako sukaldaritza ikastaro batean parte hartu dute, eta aurrera begira ere gehiago egiteko aukera ikusten dute.
Uste berekoa da Etxebeste ere: «Ordiziako herriak eman digu gune hau, eta guk ere zerbait eman nahi diogu bueltan herriari». Udalaren eta herritarren partetik, «oso harrera ona» izan dutela nabarmendu du. «Alkatea oso ondo portatu da gurekin. Eta kalean ere jendea gerturatzen zaigu».
Horregatik, bertara joateko deia egin diete herritarrei, «ez bakarrik jatera, baita antolatuko ditugun tailer eta gainontzeko gauzetara ere». Edozein proposamen jasotzeko irekita daudela diote: «Edozein aktibitate edo jardunaldi egiteko aukera proposatzen badigute, gu prest». Izan ere, bertan bizitzeaz gain, herritarrekin harremana izan nahi dute. «Ze hau ez da jatetxe bat bakarrik, herriarentzako leku bat da».
Bertako produktuak eta ekoizleak oinarri dituen sukaldaritza
Kalitatezko produktuak erabiltzeak garrantzia handia du Oiangu jatetxea hartu duten BCCko ikasleentzat, eta Ordiziako Azoka bertatik bertara izatea, «berezia» da haientzat, «Euskal Herriko azokarik garrantzitsuenetakoa» baita. Horregatik, «Ordizian egonda, eta Goierrin sekulako produktua dagoela ikusita, zertarako kanpora joan?». Hala, osagai jakin batzuk kenduta, gehiena bertakoa erabiliko dute, bertako nekazariei eta hornitzaileei hartutakoa. Hala, asteazkenero azokara jaisteko asmoa dutela azaldu dute, eta hango barazki eta fruitu freskoekin prestatutako platerak ere sartuko dituzte menuan.