Oreka kimikoa oso garrantzitsua da gure gorputza osasuntsu izateko eta ez gaixotzeko. Azidosia edo gorputzeko ehunetako azido maila handiegia izatea da gaixotasun askoren oinarrizko arrazoietako bat.
Gorputzak elikagaiak ‘erretzen’ ditu digestio-prozesuan, eta digestio hori neutroa, azidoa edo alkalinoa izan daiteke, elikagaiek dituzten mineral kopuruaren arabera. Elikagai batzuk hondakin azidoak uzten dituzte, eta beste batzuk berriz, alkalinizatzaileak dira. Erreserba alkalinoa bukatzen denean edo odoleko eta ehunetako base finkoen erreserba gutxitzean azidosia gertatzen da.
Horregatik oso garrantzitsua da hartzen ditugun elikagai azido eta alkalinoen proportzioa orekatua izatea. Proportzioa egokia denean, gorputzak hobeto egiten die aurre gaixotasunei. Sendatze-prozesuetan, pazienteak azido maila handia duenean, osasuna askoz lehenago berreskuratzen du elikagai alkalinizatzaileen kopurua handitzen denean; izan ere, elikagai alkalinizatzaileek neutralizatu egiten dituzte elementu azidoak. Beraz, gaixotasun gehienen tratamenduan, garrantzitsua da dietak alkalinizatzaile ugari izatea.
«Gehiegi jandako produktuek azidotasuna sortzen dute: irinek, gantzek, animalia proteinek…»
Orokorrean, gorputz osasuntsu batek erreserba alkalino handiak izaten ditu, eta erreserba horiek emergentziazko baliabide gisa erabiltzen dira azidosia eragiten duten produktu gehiegi kontsumitzen direnean. Baina erreserba horiek agortu egin daitezke.
Orduan, zer proportziotan kontsumitu beharko genituzke elikagai azidifikatzaileak eta alkalinizatzaileak?
Jatordu bakoitzean bi elikagai horien proportzio egokia aldakorra da pertsonaren arabera, hainbat gauza hartu beharko liratekeelako kontuan: metabolismoa, ariketa fisikoa, aurretik jandako beste elikagai batzuk, eta baita arnasketaren kalitatea eta erritmoa ere (arnasketa sakonek gorputza alkalinizatzen dute). Nutrizionista askok diote gure elikaduraren zati bat izan beharko liratekeela elikagai azidifikatzaileak eta hiru zati alkalinizatzaileak, edo %20-%80 azido-alkalinoa hurrenez hurren. Hori egokia izan daiteke, adibidez, kirol asko egiten dutenentzat, ariketa fisikoa egitean azidoa sortzen baita, eta ondoren garrantzitsua da alkalinizatzea.
Nola jakin dezakegu azido-alkalinoa oreka galdu dugula? Gure gorputzak ematen dizkigun seinaleetan arreta jarriz. Askoz errazagoa da azido gehiegi izatea alkalinotasun handia izatea baino. Neurriz gain jaten diren produktuek azidotasuna sortzen dute: gozoek, irinek, gantzek, animalia-proteinek… Hauek dira azidotasun maila handiaren sintoma batzuk:
-Zapore garratza edo likatsua ahoan goizean jaikitzean.
-Zitrikoak edo kafea hartzeko gogoa (horien eragina alkalinizatzailea delako).
-Desmineralizazioa, eta ondorioz nerbio-sistemari eragiten dioten arazoak eta arazo emozionalak.
-Txantxarra.
-Azkazal hauskorrak.
-Ahultasun orokorra.