Joxepa Madariaga
Aupa, Inaxio! Heziketaren arloko herri proiektuak dituk Ikastolak, herritik eta herriarentzat sortuak eta etorkizuneko haur eta gazte euskaldunak sortzeko lanlekuak. Ikastolen aldeko festak, berriz, Herri Urrats, Nafarroa Oinez, Ibilaldia, Araba Euskaraz eta Kilometroak. Ikastolen aldeko kontzientzia piztu, ikastolen alde dirua lortu, euskal giroa herriz herri zabaltzea helburu duten festa handiak. Izan ere, ikastolako eraikinera ezin diagu mugatu heziketa, geletatik irten eta herrian eta herritarrekin antolatu behar diagu etorkizuna.
Gogoratzen haiz nola ibiltzen ginen gazteagoak ginenean? Orain ere ederki pasatzen diagu, noski, baina orduko abenturak ez zaizkiguk sekula ahaztuko. Gure kantuak, kontuak, dantzak, saltoak eta irrintziak, gure jende berria ezagutu nahia, beharra, gure ezin kabitua… Airoso, alai eta sano ibiltzen gintuan, askotan bezperatik joanda, Iparraldean, Nafarroan, Araban, gutxiago Bizkaian.
Herrialde desberdinetako kultur ekintzez gozatzeko eta euskalki desberdinak entzuteko aukera polita izaten dituk festak; baina baita mozkorrerako eta erdaraz hitz egiteko ere… Denetik zagok, bakoitza ama batenak gaituk. Bertara joanda, festa jendetsu horietan parte hartzeko gogorik ez duen askok, ikastolei laguntza ekonomikoa emateko kontzientzia duen askok, kontu korrontean dirua sartu eta bere hondar alea uzten dik. Zilegi duk aukera hori ere. Aukera guztiak ditek lekua, modu askotara lagundu zezakeagu. Baina hau duk nire kezka: Senperera joateko autobus bat ezin bete Goierritarrok? Geroz eta gutxiago joaten gaituk ala beste garraio bide batzuk erabiltzen dizkiagu?
Inazio Usarralde
Ikastolak dakarzkin hizpidera, Joxepa! Lerro hauek idazten ari naizela esan zidaten ez dela autobusa osatzeko adina jende bildu. Ez naun harritzen: horren aukera zabala eta askotarikoa zegon gaur egun! Baina, lehentasun kontua ere badela uste dinat; niri ere zalantzak sortzen zaizkidan: orain ere, nahi dugunerako tartea hartzen dinagu, nahi izanez gero…
Hori esanda, hizpidea eman didan Hiazinto Fernandorenaren biografia biltzen duen liburua aipatzeko. Oraintsu, Pello Joxe Aranbururen inguruan elkartutako talde batek argitaratu din Jaxinto, ikastolen lemazain liburua. Arrasto sakona utzi zinan Hiazintok Lazkaon eta ederki jasota azaltzen dun liburuan. Egia esan, ondo merezitako aitortza jasotzen din bere adiskide minaren eskutik. Zenbat balio duen Pello Joxek horrelako lanetarako! Liburuan, nola ez, herriko ikastola bultzatzeko izandako ibilerak agertzen ditun. Hiru oinarri sendo izan omen hituen: Euskalduntasuna, metodologia berritzailea eta ikastolak herriak herriarentzat sortu izana. Norbaitek ikuspegi zorrotz, argi eta profetikoa izan zuen. Beharbada, ez dun garai txarra sorrerako hiru oinarri horiek mahai gainean jarri eta gogoeta bat egiteko…
Noski, ikuspegi profetiko hura izan zuena Hiazinto izan zunan, beste batzuen artean. Baina, Hiazintok beste ikasgai bat utzi zidan liburuan niri: umiltasunarena. Berea dun esaldia garai hura gogoratuz: Meritua ez da nirea, guraso eta irakasleena baizik.