Martxan da ‘Irakurri, gozatu eta oparitu’ kanpaina; irakurzaletasuna bultzatzeko balio duela diote eragilIrakurzaletasuna bultzatzea eta euskarazko literaturarekin gozatzea helburu duen Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainak hasia du dagoeneko bere ibilbidea. Euskaltzaleen Topaguneak bultzatuta eta hainbat erakunde eta elkarteren elkarlanari esker, Euskal Herriko 42 herritan jarri dute martxan, tartean, Goierriko 9 herri daude: Ataun, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Segura, Olaberria, Ordizia eta Zaldibia.
Liburutegitik maileguan liburu bat hartu, itzulitakoan fitxa bat bete, eta han emandako deskontuarekin, liburudendan oparitzeko liburu bat erostean datza egitasmo hau. Nazioarteko Liburuaren Egunaren aitzakian jarri zuten martxan, eta dagoeneko hirugarren astea egin du. Ekainaren 30era arte izango deskontuak lortzeko aukera; liburu dendetan, berriz, uztailaren 11ra bitartean luzatuko dute.
Parte hartzen ari diren liburutegiek zein liburudendek nabaritu dute egitasmo honen eragina. Aurtengoaz hitz egiteko oraindik goiz bada ere, martxan urte asko daramatzan ekimena da, eta Beasaingo udal liburutegiko Olaia Eskitxabelek azaldu duenez, «ohiko irakurle gehienek ezagutzen dute». Erabiltzaile gehienak «irakurtzeko ohitura handia dutenak, betiko jendea» direla azaldu du. Baina helduek baino gehiago, umeek erabiltzen dutela azaldu du, «euskaraz gehiago irakurtzen dutelako».
Momentuz «fitxak banatzen» ari direla dio Eskitxabelek, baina bueltan gutxi jaso dituzte, oraingoz. «Kanpaina hasi berria da eta orain, festak direla eta, nahiko egun xelebreak izaten dira. Fitxak eraman dituztenak aurki hasiko dira bueltan ekartzen, liburua itzultzen dutenean». Ematen dituzten deskontuak ikusita, «jendeak ekimena gustura» hartzen duela azaldu du, eta lehen egindakoek errepikatu egiten dutela.
Lazkaoko Gerriko liburudendan ere, «dagoeneko finkatuta» dagoen egitasmo bat dela eta «jendeak erabiltzeko ohitura» hartua duela azaldu dute. Marian Arratibelen arabera, «festak direla eta hemen beranduxeago hasten da jendea. Gu momentuz fitxak eta banatzen hasi gara». Baina urtero «jende kopuru antzekoa» izaten dutela eta gehienak «bezero fidelak» direla azaldu du. Herritarrak ez ezik, Maizpideko ikasleak ere etortzen zaizkie. Gainera, Gerriko elkarteko bazkide direnek %50eko deskontua izaten dute. Askok, urte osoko liburuak abenduko azoketan eta garai honetan erosteko aprobetxatzen dutela ere azaldu dute Gerrikokoek.
Hainbat herri eta eragile
Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa Euskaltzaleen Topaguneak bultzatu badu ere, «tokian tokiko euskaltzale elkarteen, udalen, liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker» zabaldu da. Hala, denera 12 euskara elkartek, 33 udalek, 47 liburutegik eta 67 liburu dendak parte hartzen dute. Goierriri dagokionean, Goierriko Euskal Eskola eta Hitzaro euskara elkartea izan dira bultzatzaile nagusiak, hainbat udalekin eta udal liburutegirekin batera. Liburu dendei dagokionean, Beasaingo Mirentxu, Lazkaoko Gerriko eta Ordiziako Mujika dendek ere bat egin dute kanpaina honekin.
Liburuak irakurtzearen truke eskainiko dituzten deskontuez gain, parte hartzaileen artean 30 euroko txekeak zozkatuko dituzte hilero Beasain, Lazkao, Ordizia eta Zaldibiako liburutegietan. Gainera, uztailera bitartean, aurkezpenak eta ekitaldi bereziak ere antolatuko dituzte hainbat herritan.
Pausoak
1. Irakurri. Liburutegira joan, euskarazko liburu bat aukeratu, maileguan hartu, etxera eraman eta irakurtzea da aurreneko pausoa.
2. Gozatu. Liburua irakurriz gozatzea da helburua. Behin irakurritakoan, liburutegira bueltatu eta fitxa bat bete. Liburuzainak deskontu txartela emango dizu.
3. Oparitu. Azken pausoa liburua oparitzea da, nahi dugun pertsonari edo norebere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, liburudendan beste edozein liburu erosterakoan %25 merkeago erosi ahal izango dira liburuak.