Hauteskundeen atarian, lau urte hauen balorazioa eta ondorengoetarako aurrikuspenak egin ditu Mikel Aramendi (Itsasondo, 1955) kazetariak. Gobernu aukerak EAJ eta EH Bilduren artean izango direla uste du, eta gainerakoak haien «ezkonkideak» izan beharko direla.
Duela lau urte lehen aldiz aurkeztu zen Bildu hauteskundeetara, eta indarrez sartu zen Aldundian eta udaletan. Uste duzu lortu dutela jendearen espektatibak betetzea?
Bilduk zailena zeukan alorrean asmatu du gehien: kudeaketan. Aldiz, ilusio kolektibo orokorra mantentzea askoz gehiago kosta zaio, baina hori pentsatzekoa zen. Lau urte hauetan politika normala egin behar izan du Bilduk, eta, beraz, politika normalaren kontraesanak gertatu zaizkio. Hala ere, espero zitekeen baino desgaste txikiagoarekin ikusten dut Bildu lau urte hauen ondoren, nahiz eta badakidan ezker abertzalearen barruan jende askok pentsatzen duela desgastea handia izan dela, eta etsipena handia dela. Beno, politika horrelakoa da, eta pentsatzen dut politika egiteko erabakia hartu zutenean hau dena kontuan izango zutela.
Lortu du Bilduk orain arteko politika egiteko modua aldatzea?
Ez erabat, ezinezkoa delako, baina nahikoa aldatu da, bai. Gaur egun erakundeak herritarrengandik gertuago daude. Aldaketa atzeraezina da, eta Bilduren ondoren datorrenak ere jarraitu beharko du parte hartzea bultzatzen. Politika profesionala prestigioa galtzen ari da, eta, horregatik, jendearengana hurbiltzeko ahaleginak egin behar dira.
EAJri oposizioan egotea tokatu zaio Aldundian. Nola ikusi duzu?
Oposizioan egoteko ohitura falta nabaritu zaio EAJri. Azkarregi atera zen zelaira, azkarregi nahi izan zuen Bildu kolpatu. Esaterako, zaborraren auzian. EAJren bozeramaileen ahotik askotan entzuten dira oso PPrenak diren mezuak, dena justifikatuta geratzen delako Bilduri oposizioa egin behar horrekin. Nik ez dakit zenbaterainoko mesedea egiten dien jarrera horrek jeltzaleei.
Datozen hauteskundeei begira, nola ikusten duzu panorama Gipuzkoan?
Inoiz baino ideia lausotuagoak ditut. Bildu lehen indarra izango dela uste dut, baina garbi daukat inork ez duela lortuko bakarrik agintzeko aukera. Bildu gertu egon zen aurrekoan, baina aurten aldendu egingo da, zeren egoera hori ez da normala Gipuzkoako estruktura politikoan. Beraz, agindu beharko duenak aliantzak egin beharko ditu, eta aliantza horien mende egongo da Aldundia. Bestalde, uste dut PPk jipoi ederra jasoko duela hauteskunde hauetan.
Zein aliantzarako aukerak ikusten dituzu?
PSE-EEk EAJrekiko aliantza orokor bat egin nahi duela argi dago, eta aliantza hori gero eta beharrezkoagoa zaio. Dena den, uste dut sor daitekeela ezusteko politikoren bat. Izan ere, PSE-EEren barruan badago korronte bat ezker abertzalearekin elkar ulertu behar dutela uste duena. Ez dakit PSE-EEren eta EH Bilduren arteko aliantza hauteskunde hauetan posible izango den, aritmetikak esango luke. Dena den, politikoki gaur egun PSE-EEren programa gertuago legoke Bildurengandik, EAJrengandik baino. Batez ere, politika sozialei dagokienean.
Aurten alderdi berri bat ere izango da: Podemos-Ahal Dugu.
Nik Ahal Dugu oso hasi berria ikusten dut Euskal Herriko eszenario politikorako. Sortu berri den lagun talde bat da, partidu izena eman zaiona. Ahal Duguk bere mezu erradikalean ezker abertzalearekiko hurbiltasun handia du, baina euskal politikak baditu arrasto nagusi batzuk, eta Ahal Duguk arrasto horien gainean oraingoz ukitu gabe pasa nahi du. Esaterako, burujabetzaren inguruko debateari izkin egin nahi dio. Irabaziren kasuan, berriz, nahaskin berdinak dira, era desberdinetan nahastuta. Hortik gutxi espero daiteke.
Udal hauteskundeei dagokienez, herri zerrendak alde batera utzita, Bildu dago Goierriko udal gobernu gehienetan. Eutsiko dio?
Herriz herri ez naiz gauza Goierrin zer gertatuko den ikusteko, inkestak ere ez baitira oso fidagarriak, baina oro har uste dut mantendu egingo direla. Bilduren erronka bere base sozialak mobilizatzea da; hori lortuz gero, ez luke arazorik izango.
Kanpainan zehar zein estrategia erabili du alderdi bakoitzak?
EH Bilduk garaipenaren ideia erabili du bere base soziala mobilizatzeko: ‘Garaipena dago jokoan, eta etor zaitezte botoa ematera’. Beldurraren mezua da, esanez baseak mobilizatzen ez badira EAJk har ditzakeela aldundia eta udalak. Aldiz, EAJk helarazi nahi duen ideia da azken lau urteetako kudeaketa desastre bat izan dela. Esan beharra dago desastre hori ez dela ikusten. Gipuzkoa duela lau urteko egoera sozioekonomiko berean dago, ez bada hobean. Estrategiak EH Bildu eta EAJren enfrentamentu horren barruan daude. Denok dakigu Gipuzkoan gauzak bi horien artean daudela, eta besteek, izatekotan, horien ezkonkide izan beharko dutela.
Atez atekoarekin izan ditu tira birak EH Bilduk Goierrin. Izango du horrek ondoriorik?
Ez handirik. Hasieran oso txokeko metodoa erabili zuten. Argi dago gaur egungo arazoari irtenbidea emateko zaborrak abiapuntutik sailkatu behar direla, baina horrek disziplina sozial ikaragarria eskatzen du, eta eta hori ez da epe motzera lortzen. Pedagogia soziala behar da eta trantsizioko faseak pentsatu behar dira. Bestalde, hasieran, zaborraren arazoa konpontzeko irtenbide egokienaz eztabaidatu beharrean, hegemoniagatiko gatazka sortu zen, gure gizartean oso tipikoa dena. Alderdi bakoitzak demostratu nahi zuen zein mirakulosoa zen bere irtenbidea. Orain uste dut lau urteren bueltan eztabaida iritsi dela egon behar zuen lekura.
Deskargako lanen gestioa ere kritikatu du EAJk.
Zer da garrantzitsuagoa, bukatzea ala ondo egitea? Obra publikoak gure gastuaren parterik handiena dira, eta oso serio hartu behar dira. Fribolitate handia erabiltzen ari dira gauza oso serioekin. Bilduri kritika egiteko sahietsik ahulena hartu du EAJk.