Beasaingo eta Ordiziako kaleetan Adin nagusitasuna 18 urterekin aldarrikatuz ibiliak gara, artean 16-17 urte genituela, Franco hil berritan, hauteskundeetan botoa eman nahi genuelako demokrazia zer zen irakurtzetik baizik ez genekienok.
Espainiako konstituzioaren kanonaren baitan, lehenengo aldiz 1979ko udal hauteskundeetan eman nuen botoa, 18 urte bete berritan. Beraz, igandekoarekin 40 urtez eragin izango du nire jarrerak gure herriko zein herrialdeko erakundeen osaketan.
Zergatik kontakizun pertsonal hau? Bada, beti argi izan dudalako botoa eman, eman egin behar dela. Bai, zein ez dago “politikaz” gogaituta, eta zer esanik ez, hauteskunde kanpainaz? Jende askok ez duela esperantzarik politikaren bidez gizartea hobera aldatzeko? Badakit. Inori botoa eman gabe ere oinarri oinarrizko giza eskubideak bermatzeko ahaleginean eguneroko lanean aritu daitekeela? Bai.
Botoa eman behar da, baita ere, eguneroko autodeterminazio bidean pauso bat gehiago delako. Izan ere, estaturik gabeko nazioa behinik bagarela sinisten dugunok independentzia dugu helburu, baina bitartean zer? Egunean egunerokoa eraiki eta erabaki egin behar da, eta orain da horri erantzuteko unea, eta orain dagokigu udaletxeetan eta Foru Aldundietan agintea zeinen esku utziko dugun erabakitzea, lehenengo bakoitzak bere kontzientziaren baitan, eta gero, bozken gehiengoak ezarriko duenarengan.
Boterea emango diegu hautatuei, baina zorrotz zelatatuko ditugu ea aginduak betetzen dituzten, ea ez dituzten interes propioak besteen gainean jartzen. Eta horien bizkarrean jarriko dugun esperantzaz, elkarlanean segitu beharko dugu. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean jasota dagoen norbanako guztiek duten bizitzeko eskubidetik hasi, eta «eskubideak», guztiak, beste hark esan zuen bezala «obligazio» bihurtu arte: feminismoa, ekologia, euskara… Ez dira hitz soilak; emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eskubidea bada, obligazio bihurtu behar dugu berdintasuna, eta ildo beretik, naturaren zaintza edo euskaraz bizi nahi duenari, hala izan dadin ahalbideratzea. Obligazioak dira, ordenantza edo legez derrigortu beharrekoak.
Ez diot nik inori esango noski, zeini eman botoa; hori, gainontzekoek nik adinako irizpiderik ez dutela adieraztea da, politikoek kanpainan diharduten antzera. Eta, guk bozkatu arren zeinek aginduko duten zalantzaz bizi garenean: guk hautatuko ditugunek ala hauteskundeetara aurkezten ez diren betiko botere ekonomikoek…
Guzti hori kontuan, gaur egun demokrazia bera ere pikutara bidaliko luketenen aldean, jarrera sozialean ezkerra eta eskuina fikziotzat dutenen aldean, justizia hitz malapartatu soila dela uste duenen aldean, nik, pertsonon eskubideak obligazio izan daitezen ahaleginean ari direnekin segituko dut: inondik ere, giza eskubideak, bere osotasunean eraikitako duintasun-multzo bezala ulertzen ditut nik, eta ezjakintasunez baino gehiago gaiztakeriaz urratzen (bortxatzen) dituzte hemen oraindik ere eskubide horietako ia denak.
Gure hizkuntzaren eta kulturaren jabe den komunitatearen partaide naiz eta lehen aipatutako balio integral horien alde elkarlanean lotuko zaizkidanei emango diet nire babesa igandean. Demokrazian sakonduz, ezkertiar izanik, guztion arteko elkarbizitza baketsua gauzatze-bidean bultzatzaile izango direnei, eta ez oztopo sortzaile. 1979 urrun hartan abiatutako bideari jarraitzeko astelehenetik aurrera ere. Beste 40 urtez ahal banu!