Bazen behin munduko haurrik zoriontsuena zela pentsatzen zuen neska bat. Mezu ez-egokiak jasotzen zituen. Gelakide batzuek ‘bolitxe de manteka’ ezizena jarri zioten; futbolean entrenatzaileak defentsa jartzen zuen baloiak bere gain errebotatzen zuelako…; dantzatan jantziak egiteko modelo bezala eraman zuten, gizenena bera zelako; eta Ostegun Gizenean ere beti jasotzen zituen ‘zorionak’. Alabaina, mezu krudel horiek ez zitzaizkion axola. Bera zoriontsu zen horrela, mitxelinak eta guzti.
Hiru esaldi zebiltzan, haren bihotzeraino iritsi guran: “Nahiz eta zu ondo sentitu, ez zaude ondo. Ondo egoteko pisua galdu behar duzu. Ez baduzu pisua galtzen, ez zara baliozko pertsona izango”. Gure neska zoriontsuak ordea bihotzaren leihoak ireki ez.
Baina 5. mailako mediku azterketa iritsi zenean, 9 kg jaitsi beharra zituela esan zioten. 9 ez baziren ere, 6ren bat jaistea lortu zuen. Egindako esfortzua handia izan zen. Barazkiak jaten ikasi zuen, asteburuetan amak paseatzera laguntzen zion. Gozotegien aurretik pasa eta kristalean begiak jartzearekin batera, amak: “pentsatu porruz eginak direla”. Pisua jaitsi zuen, eta hala ere nahiko zoriontsu izaten jarraitzen zuen. Maite zuen bere burua.
7-8. mailan bullying saioa jasan zuen, telefono deiak, mehatxuak, harrikadak, bazterketak… eta hortik aurrera ez zen inoiz betikoa izan. Horren zoriontsua zen neska gorrotoaren mamu txikia ikusten hasi zen. Ikasturte hasiera guztietan aldatu behar zuela esaten zion bere buruari. Baina berdin jarraitzen zuenez gorrotoa mamutzar bihurtu zen.
15 urte bete zituen urtean hasi zen bere infernurako bidea. Pisua galtzea erabaki zuen momentutik beheraka hasi zen. 18 urte zituenean 39kilotan zegoen. Unibertsitatera kanpora ikastera joan zen. Han pepino bat egunean jaten zuen. Egunean 3 txikle ere jan zitzaken. Bat gehiago janez gero…akabo!
Garai horretarako hilerokoa galduta zuen, gurasoekin ginekologoarengana joan ziren kezkatuta. Garai horretan anorexia ez zen ia ezagutzen. Gurasoei ez zitzaien burutik pasa ere egin. Hiesa zuela ere zabaldu zen herrian… Eskerrak ginekologoak argitu zuen dena: anorexia zeukan, 37kg pisatzen zituen. Gure neskak berehala onartu zuen egoera, ez zegoen ondo. Lo egiteko arazoak zeuzkan (gauean 2 ordu lo egitea lortzen zuen), tripako min handiak. Hain ikasle ona izan zenak ezin zuen ezer berririk buruan gorde… eta atera nahi zuela erabaki zuen.
Erabakia hartuta ere, barruko mamutzarra deabru bihurtuta zuen, eta aste batzuk pasata 30 kilorekin ingresatu zuten, 7kg galduta.
Hiru hilabetez egon zen unitate psikiatriko batean deabruaren kontrako borrokan. Infernuan pasatako garai horrek beste ipuin/liburu baterako eman lezake… Amesgaiztoetan sarri agertzen zitzaion Herio bera ere, eta azkenekoak kontratu bat eskuan. Batere pentsatu gabe, hizki txikiak irakurri gabe sinatu zuen Herioren gehiegizko kontratua: “Sendatuko naiz, bai. Oraingoan ez naiz Heriorekin joango. Haren legea beteko dut ordea: bat salbatzearen truke, bi lagun eramaten utziko diot”. Hizki txikietan, bi lagun horien izenak.
12kg gehiagorekin atera zen, limitean…eta horrela mantendu zen beste bi urtez. Bere familiak ordea sendatzea nahi zuen (berak ere bai, edo ez….) eta tranpatxo batzuen bidez ingurukoak pisu gehiago zeukala konbentzitzea lortu zuen. Pisatzera joatean, hiru pare praka, lau jertse, bi edo hiru kiloko burdin zatiak poltsikoetan.. eta ia litro bat ur edanda joaten zen.
Pisua ‘irabazi’ zuenez, ingresotik bi urte pasa ondoren, kasua eramaten zuen psikiatrak alta eman zion.
Eta egun horretan, oilarrak ohi baino askoz ere goizago abestu zuen eta tximeleta beltzak ere pasa ziren haren ondotik hegaka. Denak Herioren presentzia iragartzen. Gurasoak kontsultatik bueltan zihoazen kotxeak istripua izan zuen unean bertan ulertu zuen neskak: Heriorekin zuen zorra kitatu berria zen.