Kalean zehar ikusten ditugu, hara eta hona, egonarri eta pazientzia handiz adineko pertsonaren bat laguntzen, edota kontu-kontari , eserlekuren batean jarrita samurtasunik handiena haiei eskaintzen. Haienganatzen bazara, emeki irri egingo dizute, irri abegikorra, hurbila, eta seguraski, solasean arituko dira zurekin, betiere protagonismoa zaintzen duten pertsonari emanez; badakite elkarrizketaren etenez zein hitz jarioan aritu daitezkeen uneez gozatzen, psikologia handiko pertsonak dira, biziaren halabeharrak zaildutakoak, Maitasunak bere egin dituenak.
Ez da lan makala pertsona hauena, batez ere bihotza, gogoa eta izpiritua beren ekintzan etengabe jarri behar dutenean; beti iruditu zait haien lana gogorra bezain goragarria dela, izan ere, sarri aiton-amonek beren erretiroan bizimodu duin bat bizi nahi dute, beren izatea zentzuz eta egoki “BIZI”, eta bidean hainbeste traba eta oztopo topatzen dituzte, hainbeste iskanbila eta kalapita…eta zentzu batean, zaintzaileok bihurtu dira haien begirale eta aingeru guardako, bestela, nola aurre egin diezaioke geldo-geldo doan gizaki batek gizarte honek eratutako lasterketa nahasiari? Ariketa zaila, benetan, hargatik, horrelakoetarako makulua edo makila esku batean lagun hartuta, mesedegarri eta laket zaie adineko pertsona hauei laguntzaileon beso beroa, izan ere, halako abarorik aurki daiteke inon?
Bagoaz, bai, pausoak emanez, edonora, bai, baina askotan edonola, gure norajoanaren galduan biziaren erdigunea topatu gabe. Kudeatzaile finak gara halako eta bestelako lanean, ardura eta eraginkortasuna erakusten dugu ofizio askotan, eta sarri, hauxe, gure aiton-amonekin zer egin, nola jokatu ahaztu zaigu, guk gaztetasunaren edabe majikoa izango bagenu bezala. Guztiok dugu zahartzeko txartela gurekin, zimurren arrastoetatik, momentuz, inor ez da libratu, ahaldun zein aberats ugarik Botox guztia egunero emanda ere. Berezia eta hunkigarria da adineko pertsonen aldeko zaintza egitea eta egiten dutenen lana mirestea; egia da, kasu guztiak ez direla berdinak, gu ere berdinak ez garen bezala, baina ekite berezi horren ariketan norberak zailtzen du bere nortasuna, izan ere, adineko pertsonen erritmoan arituz, egiaz, barruz nolakoak garen ikas baitezakegu. Erraza da egoera ezagutu gabe aholku ematea, baina ikasi beharrean gaude halakotan ekiten, alegia, ondo asko gure aiton-amonei nola lagun diezaiekegun jakinez, bestearen eta gure jardunaren aritzea eramangarriagoa nola izan daitekeen aztertzeko, hain zuzen, maiz, adineko pertsonen kasuan, bere zaintza kontuan hartzen baita, baina berau bezainbeste garrantzitsua da inguruan arituko diren pertsonen egoera ere kontuan izatea.
Bitartean, maiatzaren etorrerarekin batera, eguzkiaren izpiek jotzen duten haietan, kalean gora, kalean behera zaintzaileok pasiatzen ikusiko ditugu, eta pasean agurtuko ditugu: «Gero arte, Aintzane» , «Agur Jose”, «Adio Rosario»… Ziur nago haiekin gurutzatuko zarela, haien bizitza ezagutuko duzula, haien unibertso zabal eta aberatsa partekatzeko aukera eskainiko zaizula, ba, emakume, gizon ez itxi aterik, hartu unetxo bat eta egon haiekin, ireki zure bihotzaren ataka eta dezazuela elkarrekin bizi adiskidetasunaren sugarra, zaintzaileok eta zaintzen dutena ezagutzeko okasio ederra izango da zuretzat, horrela ariketa xume eta apal hau eginez herri izatearen dimentsioak, zuri eta haiei esker, balio bete eta osoagoa hartuko du. Haiek, zinez, eskertuko dizute, zure barruak ere bai. Jaso bihotzetik besarkada bero-beroa.