Zerainen egiten ari diren lana aurkeztu du Jakoba Errekondok (Usurbil, 1961) Donostian izandako Eraldia jardunaldietan maiatzean. Zerain Dezagun Fundazioko teknikaria da eta hogeitaka urte dira jada Goierriko txoko honetan lanean ari dela.
Zein da Eraldian egin zenuen hitzaldiaren muina?
Behetik gora sortutako prozesu eraldatzaileen adibideak eraman zituzten, ekonomiaren ikuspegitik. Nik Zerainen egiten ari garen lana aurkeztu nuen; ondarearen kudeaketa, lurraren jabegoa eta jardun horietatik sortu daitezkeen lanpostuen argazkia egin nuen.
Ondarearen kudeaketatik hasiko gara?
Ondaretzat zer hartzen dugu? Arkitektura irudi edo eraikin handi bat al da? Ondarea dena da: inmateriala, sakabanatutakoa, eraikin honen azpian dagoen kartzela [Zerain Dezagun fundazioaren egoitza], zerrategi hidraulikoa, meategiak… Lurralde osoan lantzeko dagoen sakabanatutako ondare pila bat daukagu.
Gure kulturaren arrasto guztiak ere paisaia kulturalaren ondarea dira; egun dugun bizimoduan biltzen dira orain 2.000 urteko arrastoak, atzo sortu genituenak, gaur sortzen ari garenak… Horrek egiten du komunitate bat, identitatea oso garrantzitsua da, herri bat jabetzea. Autoestimua herri baten motorra da eta nahi dugun tokiraino eraman gaitzake.
Paisaia kulturala garapen ekonomikoarekin lotu duzue Zerainen. Nola?
Bi bide hartu ditugu. Bisitei erreparatu diegu: turismo bulegoa, aterpetxea, sagardotegia… Bestalde, ekoizpena gure paisaiari lotu diogu. Bertan ekoizten ditugun produktuak ondo baloratu ditugu zeraindarren bizitza kalitateari balioa emanda. Horri denari, gainera, lurrak eusten dio. Lurrak publikoa izan behar du, hala eusten zaio komunitateari eta garatu nahi dituen proiektuei.
Herritik harago komunitate izaera al du Zerainek?
Zerain garai batean abandonatuta sentitu zen eta gaitasuna izan zuen esateko: «edo guk egiten dugu edo inor ez da gu salbatzera etorriko». Zenbat herri txiki dago ia ezezagunak direnak? Bakoitzaren esku dago jabetu, eta nork bere bidea egitea. Prozesuak egiten du komunitatea.
Lurra publikoa izan behar dela diozu.
Garai batean hala zen, baina XIX. mendean atzerapauso nabarmena egin zen eta lur publiko denak saldu egin ziren. Lau gerra egon ziren eta sarraskien ondoren jauntxoek lur horiek erosi zituzten. Herri bakoitzak bere herri lurrak zituen arren, bideak, zubiak eta abar konpondu behar izan ziren eta denon bizimodua errazten zuten lurrak –jana, egurra eta baliabideak bertatik aterata– saldu, eta jauntxoek erosi zituzten.
Araban eta Nafarroan lurren %50 publikoa da, baina Gipuzkoan %1 baino ez. Oraindik ere, lurra pabilioiak egiteko behar dugula pentsatzen du jendeak.
Lurra bestela ikusten duzu zuk.
Ez da soilik baratze txikiaren kontzeptua. Euskal Herrian jaten dugunaren %5 bakarrik ekoizten da bertan.
Zerainen zein puntutan zaudete?
Herriko lurren %20 publikoa da. Zeregin handia dugu hor, herri txikia izanda baliabide urriak ditugu, baina ari gara. Berez, goragoko administrazioen zeregina delakoan nago, baina oraindik ez dira jarri horretara.
Eredu hori esportagarria al da?
Zalantzarik gabe. Hau badator. Basoak abandonatuta ditugu, mendian ez dakigu zer egin eta jendea lurrari begira jartzen hasia da.
Xehatuko al zenituzke lurrak eman ditzakeen lanpostuen soslaiak?
Nekazaritzan ikaragarrizko aukerak daude. Ingurumen eta kalitatezko produktuak aurrera doaz, bien bitartean, ekoizpenera eta industrializaziora lotutako ustiaketak ixten ari dira. Jateari buruz ari gara eta, hori da, hain zuzen, gaur-gaurkoz ekintza politikoena. Politikoei zer jaten duten galdetuko nieke nik, herriaren alde ari diren eta benetan independentistak diren jakingo genuke.
Nola zaindu gure ardurapean dugun lurra? Ingurumenaz jabetu eta ereduak eman behar dira. Azken bost urteotan 1.500 familia batu dira kontsumo taldeetara. Familia horiek haurrak dituzte eta hemendik urte batzuetara ume horiek izango dira alkate. Baratze publikoetan ere 1.200 familia ari dira. Baratza da gauza iraultzaile bakarra balore hauek guztiak batzen dituelako: lurrarekiko lotura, paisaia kulturala, jakintza eguneratzea, gimnasioa…
Energia iturri ere bada lurra eta esparru horretan lanpostu sortzaile ere bai.
Urte batzuk barru petrolioa ezin ordainduta egongo gara, atalik garrantzitsuena izango da energiarena. Bide batez, ehizarekin eta perretxiko zaletasunarekin zerbait egin beharko dugu. Orain artean ez zaio garrantzirik eman, baina jarduera horiek ere arautu beharko dira. XVI. mendean arau gehienak basoari lotutakoak ziren.
Ingurumenari lotutako bestelako lanpostuak ere badaude.
Bai, zaintzan, alderdi pedagogikoan, turismo arloan, kirolaren ikuspegitik. Ekoizpenean ere, jakina. Energiaz hitz egin dugu, baina ekoizpenak baditu beste aurpegi batzuk: baso jangarrien berri eman –garai batean jaten ziren eta orain ezagutzen ez ditugun landare nahiz fruituak ematen ditu basoak– eta altzarigintza, besteak beste. Egurrari dagokionez, modu produktiboan erabiltzea da gakoa, non erosten ditugu orain altzariak?
Lurretik asko urrundu al gara?
Euskal Herrian oraindik nahiko hurbil sentitzen dugu eta hori gure alde daukagu. Hemen ditugun basoak ez daude inon eta baloratzen jakin behar dugu. Lurra zaindu eta ematen diguna itzuli behar diogu. Izan ere, lurra ez da inorena, aspaldi esana utzi zuen Rousseauk: «Gu ez gara lurraren jabeak, guri zaintzea egokitu zaigu».
Ezjakintasunak, finean, botere goseari laguntzen dio. Gure esku dago lurrarekiko lotura nahiz jabegoa berreskuratzea, ez du balio «beti hala izan da» esateak, belaunaldi batzuk atzera eginda beti hala ez dela izan ikusiko genuke.
Orduan paisaia kultura da.
Kultura ez da folklorea edo artea. Kultura komunitate batek bere arazoei irtenbidea emateko aurkitzen duen modua da. Modu hori heredatutakoa izan daiteke: gure birramonak arazo hau zuen? Irtenbiderik aurkitu al zuen? Balio digu? Edota dagoenetik hartu eta zure herrira egokitu. Hirugarren bide bat ere badago: irtenbidea asmatzea. Prozesu hauek automatikoak izan behar dira. Lehen aipatu ditugu alkate izango diren haurrak, horiek berez barneratuta izango dutenari buruz ari naiz.
«Baratza soro bazterreko ertza izan da, emakumezkoen esku egon da»
Bizi baratzea liburua argitaratu berri du Jakoba Errekondok Argiarekin, lehen edizioa agortu, eta bigarrena ere bidean doa.
Zeintzuk dira ‘Bizi baratzea’ libururen oinarriak?
Euskaraz eta euskaratik baratzari buruzko lana egiteko premia bat izan nuen abiapuntu. Ezertan hasi aurretik hiru oinarri jarri nituen: hizkuntza, diseinua, hemendik pentsatutako liburua eta baratza bera zer den. Hizkuntzari dagokionez, gure ama eredu hartu eta, irakurtzeko erraza izatea nahi nuen. Euskaraz, bestalde, lan ikaragarria dago egiteko gauza bera izendatzeko hitz asko dugulako. Hiztegi bat gehitu diot liburuari. Daukagun hori jaso beharko genuke etorkizun hurbilean. Diseinuak erakargarria izan behar zuen aurretik aipatutako irakurtzeko erraztasun horri laguntzeko. Hemengoa beste inon ez dago eta geure landareen zikloak bertako klimara egokituta daudenez, hemendik pentsatutako liburua osatu dut.
Eta baratza, zer da baratza euskaldunontzat?
Euskaldunok ez daukagu jardina izendatzeko hitzik. Guretzat baratza dena da, hau da, etxe baten premia guztiak beteko dituen gunea da. Ez da, aitzitik, horren baloratuta egon. Soro bazterreko ertza izan da, emakumezkoen esku egon dena. Emakumezkoei ez zaie lan horren aitortzarik egin. Hartu eta eman diogu, baina nik eman eta hartu dela diot, lehenengo eman eta ondoren hartu. Nago eman emetik datorrela eta hartu harretik.
Duela 21 urte
1994. urtean Artikulua kaleratu zuen Jakoba Errekondok Goierritarra aldizkariaren 50. zenbakiko 8. orrian. Bertan azaltzen ditu gaur egun Zerain denaren oinarriak.
https://goiberri.eus/site/files/2014/11/d19940624.pdf