Haizea Tapia beasaindar irakasleak bere biziko esperientzia bizi izan zuen iazko udan: Hego Amerikara, Boliviara, joan zen La Salle ikastetxeak duen Proyde-Proega proiektuan parte hartzeko. Beasaingo Udalak gazte kooperanteei emandako dirulaguntzei esker egin ahal izan zuen bidaia.
Hilabeterako joan zen Trinidad herrira eta bertako La Salle ikastetxeko Anaien etxean hartu zuen ostatu. Beste bi kiderekin batera, bi proiektutan parte hartu zuen Tapiak.
Arratsaldeetan, La Sallek Trinidadeko auzo batean zuen eskola txiki batean aritu ziren, bost urteko haurrekin lanean: «Umeek irakurtzen eta idazten ikastea nahi zuten. Baina hara iritsi eta ez zegoen ezer; libururik ere ez zegoen. Mahaiak eta aulkiak bakarrik zeuden; gutxi batzuek arkatzak zituzten. Bisualki ere ez zuten idatzirik ikusten». Batez ere, irakasleei laguntzen aritu zirela esan du, aholkuak ematen. Hezkuntzaz zuten ikuspegia ere ez zen egokiena beasaindarraren esanetan. «Eguraldi txarra egiten bazuen haurrak ez ziren eskolara joaten, irakasle batzuk ere lehenago joaten ziren etxera. Soldata txikiak zituzten eta askotan irakasleek ez zuten motibaziorik».
Kartzelan, antzerkia
Goizak, berriz, Trinidadeko kartzelan pasatzen zituen Tapiak. «Irakaskuntzan boluntarioak bazituztenez, guk antzerkigintza egin genuen. Emozioak lantzeko erabili genuen antzerkia». 25 lagunek hartu zuten parte eta abuztuan Boliviako Independentzia egunean aurkezteko antzerki obra bat prestatu zuten. «Bakoitzari nahi zuena izaten utzi genion, barruan zutena ateratzeko». Gehien ase zuen proiektua izan zen kartzelakoa. «Preso batzuk esan ziguten terapia izan zela beraientzako». Gainera, beraien lanaren ondorioz, kartzelan antzerkigintza emateko irakasle bat izendatzea lortu dute. Kartzela ere egoera txarrean aurkitu zuten: «200 presorentzako kartzela zen eta 500 preso zeuden. Lurrean egiten zuten lo».
Boliviara lanera itzuliko dela dio beasaindarrak, baina denbora behar duela aitortu du.