Urduritasuna eta presioa dira ikastetxeetako zuzendariek gehien errepikatu dituzten bi hitzak, selektibitateaz edo unibertsitateko hautaprobaz galdetutakoan. Etorkizuna jokoan izateak sorrarazten die ikasleei urduritasuna eta presioa; askotan, hamarreneko batek erabaki baitezake pertsonaren etorkizuna.
1975. urtetik bigarren batxilergoko ikasleek urtero errepikatu behar izan duten azterketa da selektibitatea. Urteak joan, urteak etorri, egoera horretatik pasatu behar izan dute Goierriko ehunka gaztek. Aurten 40 urte ditu selektibitateak. Espainian 1974. urtean onartutako Selektibitate Legeak zehaztu zuen unibertsitaterako sarbidea lortzeko azterketa berezia egitea. Ikasleen masifikazioa argudiatuz fakultateek ikasle kopuruak mugatu zituzten. Ikasle protesta handiak izan ziren ikasteko eskubidea mugatzen zela argudiatuz.
Dena den, Josu Agirre Beasain Institutuko zuzendariak ez du unibertsitateko sarbidea antolatzeko beste metodorik ezagutzen. «Bestela fakultate bakoitzak bere sarrera froga egin beharko luke eta hori eromena litzateke ikaslearentzat. Pentsa zenbat azterketa egin beharko lituzkeen».
Urretxuko Iparragirre ikastetxeko Mariaje Zabalak «pasa beharreko trago txar bat» bezala definitu du selektibitatea, «sistematik kentzea zaila den trago txarra».
Helduarora pasatzeko egin beharreko azterketa dela esan izan du zenbaitek. «Unibertsitate publikoek, adibidez, plaza kopuru zehatz bat eskaintzen dute. Nota onena duten ikasletik behera hasten dira plazak betetzen. Batzuetan hamarreneko batengatik kanpoan gera zaitezke», azaldu du UZ Ikastolako Montse Alkortak.
Selektibitateko notaz gain, bi urteko batxilergoko batez besteko nota hartzen da kontuan unibertsitatera sartzeko garaian. Gaur egun, medikuntza, arkitektura, magisteritza, erizaintza edo fisioterapia ikasketak egiteko eskatzen dute notarik altuena.
Gainditzea ez da arazo
Egoera horren aurrean, Legazpiko Haztegi ikastolako Maria Jesus Perez de Arenazak azpimarratu du «ikasleek bigarren batxilergoan karreran baino presio gehiago» izaten dutela. Lazkaoko San Benito Ikastolako Josune Aranburuk gaineratu duenez, bi egunetako azterketak bi urteko lana baldintza dezake. «Batez besteko notak agintzen du ikasketak aukeratzeko garaian eta denok dakigu aldagai askok baldintzatzen duela egun bateko azterketa».
Gaur egun selektibitate azterketa egiten duten guztiek edo ia guztiek gainditzen dute. Alkortaren esanetan, «gainditzea ez da arazoa, ikasle bakoitzak egin nahi duen graduondoa egin ahal izateko nota jakin bat ateratzea baizik». Nota zehatz bat lortzeko presiopean egoten direnak oso urduri joaten dira. «Askotan nota ona daukatenek okerrago pasatzen dute, nota mantendu nahi dutelako. Beste batzuk lasaiago joaten dira, zer galdurik ez daukatelako».
Ikastetxeentzat ere garrantzitsua da beraien ikasleek unibertsitaterako hautaproba gainditzea. Zabalaren esanetan, «arlokako irakaslearentzat ere gogorra izaten da, beraien arloan ikasleek zein nota ateratzen duten» ikusi arte.
Eskola bereziak ematen dizkiete ikasleei selektibitate aurreko egunetan. Ordiziako Oianguren Institutuko Lourdes Elgarrestak nabarmendu nahi izan duenez, lanik gehiena ikastetxean egiten dute. Hainbeste urtetako ezagutzak, gainera, lasaitasuna ematen die irakasleei eta ikasleei. «Selektibitatearekin urte asko daramagu eta ikastetxeetan badakigu gutxi gorabehera zer eta nola galdetuko den. Nahiko bideratuta dauzkagu ikasleak horrelako proba bat gainditzeko. Hemendik bi ikasturtetara ez dakigu zer gertatuko den».
Aldaketak berriz
Izan ere, LOMCE legearen ezarpenaren ondorioz, selektibitateari bizi laburra gelditzen zaio. Azken aurreko hautaproba izan da aurten egin dutena. Irailean lehenengo mailako batxilergoan hasten diren ikasleek hautaproba berria egin beharko dute. Berria izateak eta ezjakintasunak kezka eta urduritasuna eragiten die irakasleei. Test erako azterketa izango dela diote zurrumurruek. «Baina, probatu gabeko ariketak izango dira eta horrek kezka sortzen du». Ikastetxeetan duten informazioaren arabera, Batxilergoko titulua ikastetxeek emango lukete, «eta errebalida izango omen da unibertsitatera sartzeko proba».
Etorkizuna baikor
Dena den, baikortasunez begiratzen diote ikastetxeek etorkizunari. «Beti esaten diegu gurasoei eta ikasleei, baikorrak izan behar dugula. Hemen lortzen den formazio maila oso egokia da, eta hori da garrantzitsuena. Formazio egokia daukanak aukerak izango ditu etorkizunean ere», dio Agirrek. 18 urterekin beti ikusten da etorkizuna kolokan: «Kezka hori beti egoten da ikasle garaian. Baina krisialditik ateratzen ari garela dirudi eta aukera ona izango dute gaur egungo gazteek».
365 Goierriko ikasle.
Gaur bukatuko dute Donostian Goierriko 365 ikaslek unibertsitaterako hautaproba edo selektibitate azterketa. Gipuzkoan, gaur egun ikasle gehienek euskaraz egiten dute selektibitatea: aurten, 3.542 ikasletik 2.875ek egin dute euskaraz eta 667 ikaslek gaztelaniaz.