Inazio Usarralde
Hauteskunde biharamun pixka batekin jarraitzen dinat, Joxepa! Ea gai garen hainbeste emaitza, balorazio eta kalakaren artean zerbait taxuzkorik estekatzeko. Ezer baino lehen argi zegon herritarrek hitz egin dutela eta erabaki dutela zer nahi duten datozen lau urteetarako. Zorionak, beraz, gidaritzari heldu beharko diotenei! Rolak ondo zehaztuta geratu ditun nork gidatu behar duen eta nork lagundu behar duen oposiziotik herriaren aurrerabidean, zeinahi dela ere erakundea. Orain kontua izango dun hori guztia nola egiten den… Argitasuna izango ahal dinate batzuek bezala besteek herri osoaren onerako diren erabakiak hartzeko, kanpainan zehar hainbeste aldiz esan duten moduan!
Lehen bezala orain ere argi zeukanat herritarrak auzolanak berdinduko, parekatuko, gaituela. Auzolanean, elkarlanean jarriko gaitun denok parez pare, maila berean, alderdien loturetatik gaindi herriaren alde lanean: dela erabakitzeko eskubidearen alde, dela kulturgintzan edo dena delako esparruan. Norberak bere hondar alea non ipini dezakeen hausnartu eta ondorengoentzat etorkizun hobeago bat uztearen alde lanean segi. Horretan sinesten dinat. Hori horrela, Xabier Leteren hitzak gaur egunera moldatuz, hasiko al gaitun kantuan?
«Pertsonen lana jakintza dugu, ezagutuz aldatzea, naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea…»
Joxepa Madariaga
Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak … Ederra, kantua, Iñaxio!. Garbi diat lanean segi behar dugula, kulturgintzan eta euskaraz, noski. Lanean, elkartuta, elkar hartuta, elkarlanean. Baina zaila duk, horratio!, zaila. Ez gaituk euskaldun abertzaleak lanerako elkartzen. Bakoitza bere alderditik ari gaituk, bakoitza sokari bere aldera tiraka, batean ezker, hurrena eskuin… eta, bazirudik halaxe jarraituko dugula hurrengo lau urteetan ere.
Galdera batzuk sortzen zaizkidak, buruhausteak:
1)Eguna joan, eguna etorri, goizean jaikitzen garenetik oheratu bitarte, gure hizkuntza eskubideak urratuak izan direlako kexaka pasatu beharko al dizkiagu beste lau urte?
2)Euskal preso politikoek injustizian jarraitu beharko ote diate zuloan, gai «garrantzitsuagoak» eta presazkoagoak ba omen ditugulako?
3) Atez ateko zabor bilketa sistema kendu eta to!, dena irentsiko duen errauskailu eder bat jarri behar al zigutek?
4)Independentziaren gaia, lehentasunik gabea, bigarren edota hirugarren mailakoa dela pentsatu eta puska batean aparkatuta edukiko dugun gaia izango al duk?
5)Aberatsak aberatsago eta pobreak pobreago egiteko zerga politikarekin, aurrera!?
6)Azpiegitura handiekin Ama Lurra jan behar al diagu?
Ezkor nagok, ezta, Iñaxio? Hala duk, ez baitiat jendea elkarlanean, Euskal Herria eraikitzen lanean jarduteko gogoz ikusten. Asko, jende asko, ondo bizi gaituk, oso ondo, konplikazio bila ibili gabe; nire lana, nire soldata, nire familia, nire oporrak … ni, ni eta ni.