Tokian-tokian, animalia espezie ezberdinak daude Gipuzkoan, tartean txori espezieak, bakoitza bere ezaugarriekin. Mikel Olano aldundirako aritzeen da basozain lanak egiten, eta lurraldeko inguru bakoitzean dauden txori espezien berri ematen du han eta hemen antolatutako bisitetan. Goierrin ere egin izan dituzte.
Zein da zuen lana?
Urtean zehar espezie ezberdinei jarraipena egiten diegu. Batez ere, espezie babestuei eta bereziki kumeak edukitzen dituzten garaian. Gipuzkoako espezie babestuen artean belatzak eta sai zuriak daude, besteak beste. Animalia horiei jarraipena egiteaz gain, zaintza lanak egiten ditugu ehiza eta arrantza garaian.
Gipuzkoa herrialde aberatsa al da animali espezieetan?
Animaliak bizilekuei lotuta daude. Batzuk landa zabaletan bizi dira, beste batzuk basoetan, itsasertzean… Gipuzkoan, gizakiak ia lurralde osoa hartu duen arren, habitat ezberdinak daude, eta horrek aniztasuna ematen dio gure lurraldeari. Ez ditugu animalia populazio ikusgarriak, baina bai animalia mota asko. Gipuzkoa, bere txikitasunean, anitza da.
Besteak beste, animalien mundua ezagutzera emateko ere lan egiten duzu.
Gipuzkoan zehar antolazen diren ibilaldien helburu nagusia biodibertsitateaz hitz egitea da. Jendea bere etxe ondoan hainbat espezie bizi direla konturatzea nahi dugu, eta bertako espezieak ezagutzera ematen saiatzen gara. Nik, natura interpretatzeko, soinuen mundua aldarrikatzen dut. Kantuen bidez ikusmenaz baino errazago bereizten dira txoriak. Garai batean gizakiak naturarekin zuen harremanera itzultzea da kontua.
Zer egiten duzue txoriak ezagutzera emateko antolatzen dituzuen irteeretan?
Garrantzitsuena, soinuz inguratuta bizi garela konturatzea da. Begiak ixteko eta entzuten saiatzeko esaten diet bisitan parte hartzen ari direnei. Haluzinatuta gelditzen dira, ez baitute behin ere ariketa hori egin. Hori eginda bakarrik, ordura arte entzun gabeko soinu pila bat entzuten dituzte. Soinuen mundu bat dagoela konturatzen dira. Ibilaldien helburua ez da 30 kanta ikastea, entzuten ikastea eta soinuen mundua estimatzea baizik. Nahi badute, gero ikasiko dute txori bakoitzaren kantua ezberdintzen.
Zertarako abesten dute txoriek?
Urte sasoi honetan euren lurraldea defendatzeko. Ozenki abesten dutenak arrak dira. Bakoitzak punta batean abesten du, hartu duen eremuan, emeak erakartzeko. Ondoren, eremu horretan habiak egingo dituzte eta txorikumeak edukiko dituzte. Txoriek urte osoan zehar abesten dute, baina garai honetan ozenago eta garbiago.
Zein da zure kantu kuttuna?
Kantu guztiak gustatzen zaizkit, baina bereziki zozoena, birigarroena eta garastarroena. Hiru txori hauek familia berekoak dira. Gainera, euren kantuak etxetik bertatik entzuten dira. Ez dago inora joan beharrik. Entzuten jakin behar da. Erlaxatu eta adi egon.
Zergatik dituzu zuk horren gustuko animaliak?
Baserrikoa naizelako, agian. Egun ez naiz baserri batean bizi, baina baserri batean jaio eta hazi nintzen. Gure umetako zaletasunak txorien habiak bilatzea eta frontoian pilotan jokatzea ziren. Altzo herri txikia da eta horiek ziren gure denbora-pasa nagusiak. Herriko mutil kozkor guztiak ibiltzen ginen habia bila. Bakoitzak bere habiak zituen. Hortik datorkit animaliekiko zaletasuna.
Umetatik izan al duzu argi basozaina izan nahi zenuela?
Oso argi nuen bai; mundu hau gustatzen zait eta Gipuzkoako Foru Aldundiak deialdia egin bezain laster, oposaketetara aurkeztu nintzen. Beti gustatu izan zaizkit animaliak eta basozain hasi nintzenetik, nire zaletasuna garatzeko aukera izan dut. 52 urte ditut eta 28 daramatzat basozain.
Zure ametsetako lana da?
Lan asko egiten dugu animaliekin eta horrek nire zaletasuna garatzeko aukera ematen dit. Baina hemen ere dena ez da arrosa kolorekoa. Zaintze lana ere egin behar dugu eta batzuetan ehiztariei isunak jartzea ere tokatzen da. Hori ez da horren atsegina, baina gure lanaren barruan sartzen da, eta eginbeharrekoa da.
Zein da zure laneko gauzarik politena?
Animaliekin egotea da, jarraipena egitea. Metodologia batzuk aplikatu behar dira eta datu batzuk sartu. Okerrena zaintza lana da. Norbait txori bat botatzen ikusten badugu, hori kontrolatzeko gaude.
Zeintzuk dira zure animalia kuttunak?
Animalia denak gustatzen zaizkit. Baita txori txikiak ere. Handiekin lan egiten dugu, mehatxuarengatik, baina denak gustatzen zaizkit. Dena den, galtzeko zorian daudenak ikustea benetan zoragarria da: ugatza, arrano beltza, hontz handi bat…
Zein da gehien txunditu zaituen animalia?
Kolibriak liluragarriak dira. Horren txikiak baina zein dinamikoak! Batzuek, gainera, euren mokoa lore mota zehatz batera egokitu dute, eta hori, eboluzioari dagokionez, sekulakoa da.