Kalean bizita, bakoitzak bere baratzea izateko aukera da balkoian barazkiak landatzea. Garaian garaiko produktuak kontsumitzea eta kontzientzia ekologikoa areagotzea ahalbidetzen du nork bere barazkiak ekoizteak.
Garai batean baserri bakoitzean baratze bat izaten zen, eta kontsumo propiorako ekoizten ziren barazkiak. Gaur egun, ordea, bizitza herriguneetan zentratzen da gehienbat, eta barazkiak supermerkatuetatik erosi ohi ditu jendeak. «Ondorioz, natura behatzeko ahalmena galdu dugu», dio Aitor Montes Segurako biologoak. Horrek badu irtenbidea, ordea: nork bere balkoian baratzea jartzea, barazkiak lorontzietan landatuz.
Montesen hitzetan, gero eta jende gehiago animatzen da balkoian barazkiak ekoiztera. Herrietan bizita, baratze tradizionalaren alternatiba da, eta baditu hainbat abantaila. «Naturarekiko lotura estutu egiten da, eta jendea ohartzen hasten da, esaterako, garaian garaiko produktuak zein diren», adierazi du Montesek. «Barazkiak merkatuan erosten ditugunean ez dakigu nondik datozen eta nola ekoitziak izan diren; gure balkoian ekoitzita, berriz, prozesu osoa gure esku dago».
Naturaren prozesu horietaz jabetzeak naturarekiko sentsibilizazioa ere areagotu egiten duela uste du Montesek, bakoitza bere baratzetik hasi eta naturarekiko kezka orokorra izatera iritsiz. «Balkoian baratzea izateak laguntzen du kontzientzia ekologikoa garatzen».
Beharrezko baldintzak
Balkoian barazkiak ekoiztea zaila izan daitekeela pentsa dezake norbaitek. Montesen hitzetan, ordea, balkoian barazkiak ateratzea erraza da. «Nahikoa da sustratu egokia erabiltzea, ura ematea eta egunean lau orduz eguzkiaren argiak zuzenean jasotzea». Baldintza horiek betez gero, baratzea ziurtaturik dago.
«Balkoian baratze bat izatea erraza da: nahikoa dira sustratu egokia, ura eta eguzkia» Aitor Montes, segurar biologoa
Egia da balkoiak badituela bere mugak, batez ere, tamainagatik. Montesek azaldu duenez, gero eta leku gehiago izan, orduan eta lorontzi handiagoak jartzeko aukera izaten da, eta horrek sustrai sakonak dituzten landareak ekoizteko aukera ematen du. Esaterako, tomateak, piperrak edota kuiatxoak.
Dena den, horrek ez du esan nahi balkoi txikiagoetan baratzea jartzea ezinezkoa denik. Lorontzi txikiagoetan ekoitz daitezke, adibidez, letxugak, baratzuriak eta tipula. Balkoiaren tamaina, hortaz, ez da aitzakia.
Esfortzuak merezi duela argi du Montesek, batez ere, balkoian baratzea izateak garaian garaikoa kontsumitzea ahalbidetzen duelako. Modu ekologikoan ekoitziz, gainera, produktuaren kalitatean eta zaporean ere aldea «nabarmena» dela argi du Montesek.