Gipuzkoan Zumarragako eta Ordiziako egoitzetan jaso da laguntza eskari gehien, Caritasen arabera.
Ordiziako Caritaseko sarreran geratu da kalean bizi den gizona. Arropa poltsa bat du eskuan eta motxila bizkarrean. Gaua Ordizia bertako kutxazain batean emango du eta hurrengo egunean trena hartuko du. Lehenengo Gasteizera, gero ez daki. Kaleak asko erakutsi diola dio, jende zintzo asko ezagutu duela eta oker asko ere bai. Abokatuak, ingeniariak eta doktoreak ere ezagutu dituela dio: «orain ez dago lanik». Immigrantea da, laguntza bat jasoko du abuztuan eta ordura arte ahal duen bezala aterako du bizimodua egunero kafe bat edo mokadutxo bat hartzeko dirua nondik aterako duen asmatuz.
Caritaseko laguntza jasotzen duen pertsonetako bat da, baina bere deskribapenak ez du inondik ere balio atetik sartuko den hurrengoaren soslaia egiteko. Oro har, Caritasek gehien laguntzen dituen pertsonak immigranteak dira. Hala Ordizian nola Zumarragan jasotzen dituzten eskari guztien %10 inguru dira bertakoak. Bi egoitzetan lanean ari diren boluntarioek, dena dela, bi ñabardura egin dituzte. Bata, bertakoak familia sareak babestuta daudela. Bestea, euskaldunontzat latza dela laguntza eskatzea. Ordizian bertakoei etxera eramaten diete laguntza. Zumarragakoei beste hitzordu batzuk jartzeko aukera ematen diete.
Edonola ere, behartsuen irudia ezin da kalean ikusi ohi den eskalearenarekin nahastu. Izan ere, kalean ikusten dena baino harago doa etxe barruan bizi den pobrezia. Caritaseko boluntarioen testigantzak XX. mendearen azkeneko migrazio uholdearen lekukotza dira. Ez da zenbakiez jantzitako testigantza, bizipenez gorpuztutakoa baizik.
Errumaniatik lehenengo
«Errumaniarrak iritsi aurretik ez zegoen immigraziorik. Langabezian zegoen jendearekin nahiz alargunekin lan egiten genuen, ijito etniakoekin ere bai. Errumaniarrak izan ziren iristen lehenak. Europar Batasunean sartzeko zain zeuden [2007an sartu zen Errumania], ez zuten lan egiteko baimenik eta kalean bizi ziren», dio Lucia Quesadak Zumarragatik. Jose Manuel Otegik, Ordiziatik, dio errumaniarrei Latinoamerikatik etorritakoak batu zitzaizkiela geroago, gehienak emakumezkoak.
Immigrazio datuak handituz joan dira ordutik; garai hartako %7tik egungo %14ra. Goierri da Gipuzkoan immigrante gehien hartzen dituen eskualdea eta Oarsoaldearekin batera Caritasek bertan jaso ditu laguntza eskaera gehien. Elikagaiak ematea ez dator bat Caritasen filosofiarekin, baina badira bost bat urte egoitzetan banatzen dituztela. «Ikusten dugun errealitatearen aurrean ezin ditugu begiak itxi», dio Otegik eta Caritas barruan bizirik dagoen gogoeta dela gehitu du.
Orain, bi egoitzetan diotenez, pakistandarrak, nepaldarrak, marokoarrak, sahararrak eta latinoamerikarrak iristen dira gehien. Hala dio Otegik: «Egiten diegun lehen galdera da ea zertara datozen. Hobetzera datozela diote, asko eta asko gerratik ihesian datoz». Lana bilatzen ari dira, baina gehienetan ez dute zorterik izaten. Caritasek hainbat egitasmo ditu martxan. Lazkaoko mojek utzitako baratzea lantzeko aukera, esate baterako. Beasaingo Serorenan, berriz, Goierriko hainbat irakasle ohiek emakumezkoei eskolak ematen dizkiete.
Otegirentzat Goierrik, halere, gabezia handiak ditu: jangela bat behar da non beraiek euren jakiak prestatuko dituzten, nork bere burua txukuntzeko eta garbitzeko gunea ere behar da. Lo egiteko espazio bat eta arropa biltegi duin bat ere funtsezko dira. Herritarrak oso solidarioak direla diote Zumarragan nahiz Ordizian, baina bat datoz gizarte mailako bestelako erantzunak behar direla esaterakoan.
Ramon Ibeas legazpiarra Arabako Caritaseko burua da. Esan berri du laguntzak beharrak dituztenentzat direla, ez merezi dituztenentzat. Caritasen duten beste borroka bati buruz ari da. Izan ere, ezin diete lagundu diru sarrerak bermatzeko laguntzak dituztenei, ezta etxebizitza baten jabe direnei ere. Beharra, baina, muga horietako tarteetan barreiatzen ari dela badakite.
Caritasen egindako lanak Ordiziaz duen ikuspegia aldarazi diola dio Otegik. Quesadak, berriz, bere egitekoa behin baino gehiagotan nekez bete duela aitorzen du. Batez ere, istorioak errepikatzen dituen familia berbera aurrean duenean edo bizitzak gogor astindu dituenekin ari denean.
Jose Mugica Uruguayko presidente ohiak dio egun espezie ikuspegia falta dela. Hala izan daiteke pobreziari dagokionez ere, izan ere pobreziak ez du inor baztertzen.
Behartsuenen bazterketak markak hautsi ditu
Aporofobia hitza sortu zuen Adela Cortina filosofoak pobreen arbuioa izendatzeko. Gizarte bazterketari eta garapenari buruzko Foessa txostenak jorratzen dituen 35 adierazleak aintzat hartuta Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak guztiak gainditu dituzte bat izan ezik. Hiru herrialdeetan langabezian luzaroan daudenekiko eta baztertuekiko isolamendua oso handia dela dio txostenak.
Aporofobiak beldurra ere izendatzen du nonbait. Azalaren kolorea ez da aldatzen, jatorria ere ez, baina egoera ekonomikoak agerian utzi du garai batean bizimodua ateratzen zutenek ere, orain, zailtasunak dituztela.